Enagasek Iberiar penintsulan hedatu nahi duen hidrogenoa garraiatzeko hodi sareak 163 kilometro egingo ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan barrena. 2028an hasiko dira hura eraikitzeko lanak, eta haren helburua izango da hidrogenoa industrialde handietara garraiatzea. 50 udalerri gurutzatuko ditu, eta bidearen %80 egungo gasbideen albotik egingo du. Eusko Jaurlaritzak haren zabalkundean lagunduko du Energiaren Euskal Erakundearen (EAE) bitartez, eta funtsezkotzat jo du Aiaraldera (Araba) iristea eta Irundik barrena (Gipuzkoa) Lapurdira iritsiko den beste adar bat zabaltzea. Enagasen hasierako proiektua onartzen bada, Nafarroan ere 30 kilometroko zati bat izango du.
Enagas Espainiako gasbideak kudeatzen eta eraikitzen dituen enpresa da, eta iazko azaroan Iberiar penintsulako hidrogeno gasbidea aurkeztu zuen. Egitasmo orokor bat zen, eta, orain, pausoz pauso nolakoa izango den zehazten ari da. Ekinbide horretan, Bilboko portuan azaldu du gaur nolakoa izango den Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zatia. Hidrogeno gasbideak bat egingo duten bi zati ditu: batek Reocin (Espainia) eta Arrigorriaga (Bizkaia) elkartuko ditu —38 kilometro—, eta besteak Arrigorriaga eta Haro (Espainia) —125 kilometro—. Aurrenekoa Santurtzitik (Bizkaia) sartuko da Euskal Herrian, eta bestea Bastidatik (Araba) aterako da.Â
Aiaraldea eta Irun
Lanak 2028an hasiko dira, eta, ondo bidean, hodi sarea 2030erako erabilgarri egon beharko litzateke. 400 milioi euro inguruko kostua izango du. Bere bidean Bilboko portura joango den adar bat izango du, besteak beste, Petronorrek bertan eraiki asmo duen 100 megawatteko elektrolizagailuarekin lotzeko. Jaurlaritzak argitu du haren garapenean lagunduko duela EEEren bitartez, baina Imanol Pradales lehendakariak nabarmendu du ezinbestekoa dela hodia Ipar Euskal Herrira zabalduko duen beste zati bat eraikitzea, «Bergaratik Irunera». Era berean, gaineratu du Aiaraldera ere iritsiko dela beste egitasmo baten bidez, etorkizunean beste hidrogeno hodi bat egiteko asmoa baitute.Â
Pradalesen eskariak badu bere arrazoia. Gaur egun Enagasek duen proiektuan, lotune bakarra agertzen da penintsularen eta Frantziaren artean: Katalunian, hain zuzen. Jaurlaritzak uste du oso garrantzitsua litzakeela hidrogeno irteera edo sarrera propioa izatea. Halaber, eta Enagasen lehen diseinuaren arabera, hidrogeno gasbidea Nafarroatik ere igaroko da. Behin Harora iritsita, Ebro ibaiaren albotik abiatuko da, eta Erribera gurutzatuko du. 30 bat kilometro izango lirateke, Corellatik Cortesera.