Zenbaitetan proiektu eolikoek eta fotovoltaikoek aurkakotasuna eragiten dute, eta ikuspegi horri aurre egiteko kanpaina abiatu du gaur Enerclusterrek. Mezu nagusi bat du ardatz: «Energia berriztagarriek sortutako onurak eragindako inpaktua baino handiagoak dira».
Kanpainak agerian utzi nahi ditu berriztagarriek Nafarroari ekartzen dizkioten ekonomia, gizarte eta ingurumen onurak. Horretarako, webgune bat sortu dute, eta lurraldeko komunikabideetan zein sare sozialetan zabalduko dute hango edukia. Sektorearen datu ofizialak eta hainbat sektoretako pertsonen lekukotasunak bildu dituzte.
Berriztagarriena sektore ekonomiko estrategikoa da Nafarroan, eta 10.700 laguni eman die enplegua, iazko azken datuen arabera. Gaur egun lurraldean 201 proiektu daude ezarrita, eta orotara 2.600 megawatteko potentzia dute. Parke eoliko eta fotovoltaiko horietan ekoitzitako argindarraren bidez, Nafarroako eskariaren %91 hornitu zuten iaz.
Guztira, 101 udalerritan daude egitasmoak. Euren eremuan ezarritako parke eolikoen ondorioz, Tuterak eta Corellak dituzte potentzia handieneko proiektuak; baina, biztanleko argindar kontsumoa kontuan hartuta, Aguilar Kodes da nagusi —bere lurretan bi parke eoliko daude—.
Kanpainan hainbat lekukotasun bildu dituzte. Adibidez, Silvia Arrastia Barasoaingo alkateak azpimarratu du udalak lortutako diru sarrerei esker gazte zein adinekoentzako zerbitzuak eskaini ahal izan dituztela, eta azpiegiturak eraiki. Patxi Larrea abeltzainaren eta Salvador Grozin nekazariaren ustez, lehen sektoreari ez dio kalterik egiten, eta mendiko bideak hobetu egin dira.
Sektorean diharduen Jose Luis Martinez Dachary ingeniariak azaldu du proiektu berriztagarriei ingurumen azterketa zorrotza egiten zaiela.
Erriberan, Monte del Cierzo parkearen birpotentziazioa bultzatu du Statkraftek. 40 milioi euro inguruko inbertsioaren parte bat herritarren bidez lortu du. Horietako bat da Ernesto Garcia, eta hark azpimarratu du eskualdeko biztanle ugarik parte hartu dutela. Pozik dago emaitzarekin.