Ekonometroa

Energiaren prezioa eta inflazioa dira enpresen hazkunderako mehatxu nagusiak, ekonomisten iritziko

Ekonometroa inkestaren arabera, ez dago aho batezko adostasunik inflazioari aurre egiteko politikei buruz. Errenta paktua gailentzen da: inkestatuen erdiek babesten dute.

Ekonometroa inkestaren aurkezpena, gaur. EKONOMISTAK
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 21a
14:43
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera ekonomikoak okerrera egin du, eta okerrerantz egiten jarraituko du urte amaierara bitartean. Hala uste dute Ekonometroa inkesta erantzun duten ekonomisten erdiek behintzat —Ekonomisten Euskal Elkargoak sei hilean behin egiten du azterketa hori, elkargoko kideen artean—. Ekonomiaren apaltze hipotetiko horrek badu izen-abizenik: inkestatuen %72,3k uste dute energiaren prezioa oztopoa izango dela euskal enpresentzat. Atzetik da inflazioa (%59), baita lehengaien hornidura arazoa ere (%49,7).

Ondorengo ildoen ingurukoak izango dira ekaineko Ekonometroko ezohiko galderak: enpresen hazkunderako mehatxuak eta aukerak, inflazioari aurre egiteko politikarik aproposenak, eta belaunaldien arteko erreleboaren auzia.

Ekonomistek argi dute zein diren enpresen hazkundea galgatzen duten faktoreak. Ez, ordea, zein diren hari lagundu diezaioketenak. Energiaren sektoreak eskainitako aukerak dira lehen postuan (%53,4); gero, prestatutako profesionalak izatea (%49,1); hirugarrenik, I+G+Brako inbertsioak sustatzea (%40,8).

Berdin jazo da inflazioarekin. Hamarretik ia seik kezkatzeko arazotzat jo dute, baina ez dago aho batezko kontsentsurik hari aurre egiteko politika aproposenei buruz. Gailendu den konponbidea errenta paktua indartzea da; inkestatuen %51,9k horren alde egin dute. %43,6ko babesa jaso du kontsumoaren gaineko zergak jaisteak elikagaietan, energian eta erregaietan. Beste neurri batzuk ere aipatzen dira: produkzio eta banaketa kateak hobetzea, gobernuak prezioak kontrolatzea, eta tasen igoerarekin diru eskaintza jaistea.

Inkestatuen %80k uste dute arazo bat dagoela belaunaldien arteko erreleboarekin. Txandakatze hori bermatzeko, tokiko talentuari eutsi behar zaio, ekonomialarien %54,7ren arabera. Etorkizuneko lanbide profiletarako eta enpresen beharretarako ere profesionalak trebatu behar dira. Ekonomialaririk gazteenek galdegin dute enplegu politika publikoak ezartzea eta hezkuntza sistema erreformatzea.

Langabeziari buruzko datu deigarri bat ere azaleratu du Ekonometroak: inkestatuen herenen ustez (%34,8), apur bat apalduko da; beste horrenbesteren arabera (%30,1), berdin jarraituko du; eta gainerakoen iritziz (%29), gora egingo du pixka bat.

Ezkor dira

Horiek horrela, ekonomisten konfiantza indizea -10,79koa izan da ekainean —datua -100 eta 100 artekoa da—. Hau da, ekonomialariek pertzepzio ezkorra dute euskal ekonomiaren inguruan. Alde batetik, apur bat positiboak dira aurrezteari eta langabeziari buruzko aurreikuspenak; bestetik, ekonomiaren egoera oker sumatzen dute datorren urte erdirako.

Iñaki Fernandez elkargoko ekonomialariak aurkeztu ditu datuak, beste bi kiderekin batera. Haren arabera, inkestatuek prezioak apaltzearen aldeko neurriak hautatu dituzte. «Banku zentralek egin dezaketena da edo interes tipoak igo, edo diru eskaintza eta laguntzak jaitsi. Ekonomia moteltzea ekarriko du, eta, horrekin batera, baliteke prezioek behera egitea. Baina baliteke moteltze horrek atzeraldi bat ekartzea ere», Fernandezen ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.