Enplegu sorrera handia izan da Hegoaldean

Urteko lehen hiruhilekoan baino 15.000 langabe gutxiago daude, INEren inkestaren arabera, eta ezohikoa bada ere, lanik gabe daudenen artean gutxiago dira emakumeak gizonak baino.

Langile bat lanean Essity enpresan, Allon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Langile bat lanean Essity enpresan, Allon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko uztailaren 28a
11:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den astean Eustatek erakutsi zuen lan merkatuaren argazkiaren oso bestelakoa erakutsi du INEren biztanleria aktiboari buruzko inkestak. Datu kaskarrak zirenak onak edo, are, bikainak izan dira oraingoan. Izan ere, Espainiako estatistika erakundearen arabera, Hego Euskal Herrian gora egin du landunen kopuruak eta behera langabeenak, nabarmen gainera.

Zehazki, INEk dio 1.322.900 lagun zeudela enplegatuta Hego Euskal Herrian urteko bigarren hiruhilekoan, lehenengoan baino 12.900 gehiago. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da 2026ko lehenengo hiruhilekoko inkestaren emaitzak penagarriak izan zirela —2025eko azken hiruhilekoan baino 20.000 landun gutxiago zenbatu zituzten orduan—, eta harekin konparazioa eginda ez zela hain zaila datu hobeak ematea. 

Gauza bera gertatzen da langabe kopuruarekin. Neguko hilabeteetan 120.600 langabe zeudela esan zuen INEk —udazkenean baino ia 11.000 gehiago—, baina udaberrian, berriz, 104.900; hau da, sasoi aldaketak 15.500 langabe gutxiago ekarri dituela. Egia da udaberriko hilabeteak onak izan ohi direla enpleguarentzat, baina ez da ohikoa langabe kopurua hiruhileko bakarrean hainbeste apaltzea. 

Alderaketak 2025eko bigarren hiruhilekoarekin eginez gero, datuak gutxi gorabehera bat datoz enplegu zerbitzuek eta Gizarte Segurantzak hilero ematen dituztenekin. Horrela, duela urtebete baino 10.000 landun gehiago daude, eta 1.300 langabe gehiago.

Tasa, %7,3ra

Langabezia tasak puntu bat baino gehiago egin du behera, %8,4tik 7,3ra. Tasa horretatik behera daude Gipuzkoa (%5,4) eta Araba (%6,4), eta gora, aldiz, Nafarroa (%8,1) eta Bizkaia (%8,4). 

Eta, oso ezohikoa bada ere, emakumeen artean langabezia tasa txikiagoa da (%6,9) gizonen artean baino (%7,7). Hori hala da, betiere INEren inkestaren arabera, emakume langabeak aurreko hiruhilekoan baino 15.000 gutxiago direlako, baina gizonak, berriz, 2.100 gehiago direlako.

Enpleguan ere, igoera nabarmena izan da emakumeen artean (+11.900) eta apalagoa, berriz, gizonen artean (+900). Baina kopuru horiek ez datoz bat sektorekako datuekin. Izan ere, INEk dio industrian handitu dela gehien enplegua (+17.300), baina eremu horretan gizonak dira nagusi (lau langiletik ia hiru).

Emakumeak, berriz, gehiengoa dira zerbitzuetan (%57,6), baina sektore horretan enplegu sorrera apalagoa izan da (+3.600). 

INEk dio lehen sektorean ere landunak ugaritu egin direla (+4.200) baina eraikuntzan behera egin dutela, eta asko, gainera(-13.000).

DATUak

%20,9

Zenbat emakume ari diren lanaldi partzialean. Hegoaldeko langileen %86,6k lanaldi osoa dute, eta %13,4k, berriz, partziala. Baina azken horien artean lautik hiru dira emakumeak. Emakumeen %20,9k dute lanaldi partziala, eta gizonen %6,5.

%16,5

Zenbat diren langile publikoak. INEren arabera, 218.000 langile publiko zeuden Hegoaldean aurtengo bigarren hiruhilekoan, hau da, langile guztien %16,5. Ia bi heren emakumeak direnez, haien artean %22,1 dira langile publikoak.

%86

Zenbatek duten kontratu mugagabea. Soldatapekoen %86k dute kontratu mugagabea, eta %14k aldi baterakoa. Emakumeen artean %16,2k dute aldi baterakoa, eta gizonen artean, berriz, %12,1ek.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA