Urte hasieran espero zen baino gehiago haziko da aurten Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia, eta datorren urteari begira ere baikortasun zantzu batzuk badaude. Hori interpreta daiteke Laboral Kutxaren ikerketa departamentuak enpresen konfiantza neurtzeko egiten duen inkestatik. Izan ere, galdekatutako 400 enpresaburuen artean gehiago dira salmentak eta eskaerak handitu egingo direla uste dutenak, egoera okerragoa espero dutenak baino.
Laboral Kutxaren inkestak datu batean laburbiltzen du egoera: enpresen konfiantza indizean. Eta azken hiruhilekoan gora egin du, 53,6tik 56,5era. Indizea 50etik gorakoa bada, hazkundea adierazten du, eta doi-doi horren gainetik dago eurogunekoa (52,5, urrian).
Hain zuzen ere, egoera orokorrari buruzko ustea da denen artean ezkorrena. Enpresen %51k uste dute ekonomiak oraingo martxari eutsiko diola, baina %40,8k okertzea espero dute, eta %8,2k baizik ez dute espero hobetzea.
Baina uste horrek nolabait talka egiten du haien enpresaren bilakaerari buruz duten iritziarekin. Izan ere, enpresaburuen %27,5ek iritzi diote 2026ko lehen hiruhilekoan 2025eko azkenekoan baino salmenta handiagoak egingo dituztela, eta %13,6k bakarrik espero dute fakturazioa apaltzea.
Ildo horretan, eskaera txikiagoak izatea espero dutenak (%14,1) halako bi dira eskaera gehiago izango dituztela uste dutenak (%29,7).
Egia da, hori bai, salmenta eta eskaera horien errentagarritasunari buruz baikortasun handirik ez dagoela: %18,8k errentagarritasun txikiagoa espero dute, eta %17,3k handiagoa.
%4,5Zenbat enpresa ari diren kaleratzeak aurreikusten. Enplegua handitzen eta langabezia txikitzen ari da, eta, enpresen asmoei erreparatuz gero, 2026an joera horri eutsiko zaio. EAEko enpresen %84,2k lantaldeari eusteko asmoa dute; %11,4k handitu egin nahi dute; eta %4,5ek soilik uste dute langileak botako dituztela.