Garaipena. Halaxe definitu du LAB sindikatuak Bilboko Lan Arloko Epaitegiak plazaratutako ebazpena, Bilboko portuko amarratzaileen lan baldintzen ingurukoa. Lan erreforma baliatuta, lan baldintza horiek okertzen zituzten zenbait neurri hartu zituen Amarradores Puerto de Bilbao enpresak, baina LAB sindikatuak auzitara jo zuen neurri horien kontra, eta orain epaiak, arrazoia eman, eta neurriak indargabetu ditu.
Enpresaren asmoa zen langileen prestasuna areagotzea, lanaldiak aldatzea, laguntza taldeen sistema ezabatzea, oporren erregimena okertzea eta lanaren antolamenduaren gaineko kontrola indartzea. Hitzarmen kolektiboaren bidez ezarritako baldintzak ziren horiek, eta, sindikatuaren arabera, horiek aldatzeak berekin zekarren «hogei urte baino gehiago indarrean egondako sistema suntsitzea». Horregatik, mobilizazioei ekiteaz gain, auzitara ere jo zuen sindikatuak.
Orain, plazaratutako epaiak arrazoia eman die langileei, eta, LABen hitzetan, «banan-banan desegiten ditu» enpresaren argudioak. Epaiaren arabera, ez dago «arrazoi ekonomiko, antolamenduzko edo produktiborik» neurri horiek justifikatzeko, eta enpresaren egoeran ez da gertatu horrelako erabakiak zilegitu ditzakeen «funtsezko aldaketarik».
LABen iritziz, «enpresa mozkinak handitzen jarraitu nahi duen patronalaren beste adibide bat» da Amarradores Puerto de Bilbao enpresarena: «Urteetan milioi asko irabazi arren, etekin horiek handitzen jarraitu nahi izan du aberastasuna sortzen dutenen kontura». Sindikatuaren esanetan, enpresaren estrategia izan da «bere posizioa aprobetxatzea erabakien ondorioak langileen bizkar jartzeko», eta horrekin «lan eredu prekarioago bati atea ireki nahi izan dio».
Eredu horren aurrean, «enplegu duina bermatzea, negoziazio kolektiboa errespetatzea, aberastasuna banatzea eta langile klaseak bere lan baldintzei buruz erabaki ahal izatea» aldarrikatu du LABek.
Zigortutako langileen auzia
Baina lan baldintzena ez da Bilboko portuko amarratzaileak eta patronala aurrez aurre paratu dituen gatazka bakarra. Otsailean, langileek salatu zuten enpresa «errepresio sindikala» baliatzen ari zela protestetan nabarmendutako langileak zigortzeko: LABeko ordezkari sindikal bat eta behin-behineko langile bat kaleratu zituen, eta beste hiru langileri espedienteak ireki zizkien.
Orain plazaratutako epaiaren argitara, langileek eskatu diote enpresari «pauso bat atzera» eman dezala «jazarpen guztietan eta alde bakarrez hartutako neurrietan». Azaldu dutenez, «lortutako garaipenak indar handiagoa» eman die, eta prest daude «kaleratzeen eta behin-behinekotasunaren kontra borrokatzen» jarraitzeko.
Euskal Herriko patronalari ere mezua helarazi diote: «Denak ez du balio. Ezin da ezohiko prozedurarik erabili akordio kolektiboak edukiz husteko, ezta benetako arrazoirik gabe murrizketak ezartzeko ere. Langileen eskubideak ez dira diru irabazien zerbitzuan dauden salgaiak».