Eroski taldeak ondo hasi du aurtengo jarduna, eta lehen sei hilabetean iazko zenbakiak hobetu ditu. Nabarmentzekoa da irabazien datua, 55,5 milioi euroko mozkina lortu baitzuen, iaz tarte berean lortu baino %10,9 handiagoa. Aurtengo datuak, dena den, 2023koak baino apalagoak dira, orduko lehen sehilekoan 69,9 milioi euro irabazi baitzituen.
Eroskiren ustez, kontsumo ingurunea «egonkortuta» dago, eta horregatik nabarmendu du irabazietan izandako igoera. Kontsumo kooperatibak 2.949 milioi euroren salmentak egin ditu otsailaren 1etik uztailaren 31ra, iaz baino %2,9 gehiago. Handitze hori iazko KPI kontsumo prezioen indizearen antzeko datua da; beraz, antzeko salmentak egin arren, askoz gehiago irabazi zuen Eroskik.
IRAKURRI GEHIAGO
Ohar bidez eman du emaitzen berri, eta nabarmendu du bere marka propioaren bilakaera dela irabazi horien arrazoi nagusia. Urteak dira marka zurien salmentak handitzen ari direla, eta aurten mantendu egin da joera hori, bai behintzat Eroskin. Hori bai, ez du haien inguruko datu zehatzik eman. Halaber, eta betiere kooperatibaren arabera, sustapen eta eskaintzekin 202 milioi euro aurreztu dizkie erosleei.
Seihileko honetan, Eroski taldeak 31 saltoki berri ireki ditu, sei propioak eta 25 frankizia modura kudeaturikoak. Horietaz gain, hainbat denda berritu ditu, tartean Bartzelonako L’Illa Diagonalen duena. Caprabo supermerkatu katea erostean lortu zuen haren jabetza Eroskik.