Saltoki handietako aurtengo urriko batez besteko prezioak iazko hilabete berekoak baino %0,1 handiagoak izan ziren bakarrik, eta Eroskik uste du hurrengo hilabeteetan berdin jarraituko dutela. «Gabonak datoz eta egonkortasuna izango da nagusi prezioetan. Gastua igoko bada ez da prezioengatik izango, produktu gehiago eta kalitate hobeagokoak erosten ditugulako baizik». Iragarpena Beatriz Santosena da, erosketa kooperatibako zuzendari komertzialarena.
Eroskik Gabonetako kanpainaren aurkezpenean eman ditu datuak, eta Santosek aurreikuspenen eta egungo kontsumo egoeraren erradiografia egin du. Prezioetan jarri du arreta azalpenean eta nabarmendu du inflazio handiko urteen ondoren barealdi moduko bat datorrela. «Iazko urritik aurtengora %0,1 igo dira prezioak, baina 2024tik iazkora %3 igo ziren, eta orduko inflazioen eraginak hor dirau».
Azken hilabetetako urte arteko aldekoari begiratuz gero, baina, igoera lasaitu egin da: %0,4koa izan zen uztailean eta %0,5ekoa abuztuan eta irailean. Joera argiago ikusten da atzerantz gehiago eginda: iazko abenduan batez besteko prezioa aurreko urtekoa baino %3,5 handiagoa izan zen, urtarrilean %2,8 eta otsailean %2,3.
«Gabonetan gehiago gastatzen badugu, gehiago erosten dugulako eta kalitate hobeagoko produktuak hartzen ditugulako da, ez prezioak igotzen direlako»
BEATRIZ SANTOS Eroskiko zuzendari komertziala
Santosek nabarmendu du lehengaien prezioa, aldiz, %5,8 handitu dela, eta abuztutik %1,5 igo direla. Aldea handia da, eta datu hori haien burua aldarrikatzeko baliatu du Rosa Carabel Eroskiko zuzendariak: «Garestitze osoa azken preziora ez eramateko eginiko ahalegina ez zaigu aitortu». Erakunde publikoei bidalitako mezua izatearen itxura guztia zuen.
Salmenta bolumenari dagokionez, sektoreko datuak eman ditu Eroskik, eta urtarriletik urrira %2,7 handitu dela azaldu du Santosek. «Gehiago saltzen dugu gizartean pertsona gehiago garelako», laburbildu du. Abenduan, aldiz, Gabon giroko erosketekin, hazkunde hori handiagoa izatea espero du: «Gure helburua %4 haztea da».
545 euro familiako
Abenduak urteko jardunean duen pisua ere aletu du, eta azaldu du salmenten %10,5 egiten dituztela hilabete horretan. Batez beste, bezero den familia bakoitzak 545 euroko gastua egiten du Eroskin abenduan, eta gero eta familia eredu zaharragoa izan gehiago gastatzen dutela. «Anfitrioi efektua da hori. Gabonetan ohikoa da seme-alabak etxera gonbidatzea eta horrek isla du erosketa kopuruan».
Abenduko saskiak dituen beste bereizgarri batzuk arrain kontsumoaren hazkundea da: batez beste 4.8 puntu handitzen da. Arrain freskoa, arrain produktuak eta marisko izoztuaren artean salmenten %15,3 pilatzen dituzte. Bigarren multzo handiena fruta da, %9,1, eta ondoren haragia, %8,5. Aldiz, Gabonetako ohiko produktuak (turroia, gozokiak...) salmenten %5,5 dira.
Beste joera nabarmen bat prestaturiko produktuen kontsumoaren handitzea da: iazko abenduan aurrekoan baino %5,7 gehiago saldu ziren eta aurten hazkunde handiagoa espero da. Eskaintza bereziei dagokienez, Eroskik 48 milioi euro bideratuko ditu haiek sustatzeko, iaz baino %10 gehiago.