Erregaiak garestitu direla eta, inflazioa %5,1era igo da Hego Euskal Herrian

Gasolinaren eta gasolioaren prezioek %25,6 egin dute gora urtebetean, eta igoera hori beste produktu eta zerbitzu batzuetara ere ari da zabaltzen. Azpiko inflazioa %3,4ra iritsi da, eta elikagaiena %3,8koa da; azken hori hamarren bat apaldu da abuztutik.

Bilboko gasolindegi bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko gasolindegi bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urriaren 14a
10:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo ikasturte hasiera ohi baino malkartsuagoa izaten ari da, kontsumitzaileen poltsikoentzat behintzat. Erregaien garestitzeak inflazioa hauspotu du beste behin. Irailean, Hego Euskal Herriko KPIa %5,1era igo da: abuztuan baino sei hamarren altuagoa da. 2023ko otsailetik ez da hain tasa handirik izan. Energiaren garestitzeak, gainera, azpiko inflazioren igoera ere ekarri du, eta zerbitzu eta elikagai batzuen prezioetan ere nabari da hori.

Erregaien prezioen bilakaerak azaltzen du inflazioaren azken jauzia. Iazko irailean %0,5 baino ez ziren igo urte arteko tasan; orain, berriz, orduan baino %25,6 garestiago daude. Ormuzko itsasartearen inguruko tirabirek petrolioaren merkatuan sortutako ziurgabetasunak eragin zuzena izan du igoera horretan.

Energiaren garestitzeak, gainera, ez die soilik erregaiei eragiten. Berokuntzaren, argiztapenaren eta uraren multzoa %12,6 garestiago dago iazko irailean baino. Energiaren kostuak eragina du, halaber, garraioan eta ekoizpen prozesuetan, eta hori beste produktu eta zerbitzu batzuen prezioetan eragiten ari da.

Oro har, inflazioaren urte arteko tasak goranzko bideari eutsi dio urte osoan, baina bereziki nabaria izan da azken hilabeteetan. Urtarrilean %2,3koa zen; martxoan %3,4ra igo zen, baina udaberrian %3 inguruan ibili zen. Uztailean, berriz, %3,7ra iritsi zen, abuztuan %4,5era, eta irailean %5,1era.

Hala ere, urte arteko tasa igotzeak ez du esan nahi irailean prezio guztiak erritmo berean igo direnik. KPIa %0,2 baino ez da handitu abuztuarekin alderatuta, aurreko hilabetean izandako %0,8aren aldean. Urte arteko tasak azken hamabi hilabeteetako aldaketa neurtzen duenez, aurreko urteko prezioen bilakaerak ere baldintzatzen du emaitza: 2025eko irailean, esaterako, KPIa %0,4 jaitsi zen hilabete batean.

Elikagaietan gorabeherak

Energiaren prezioek inflazio orokorra azkar mugiaraz dezakete, bai gorantz, bai beherantz. Horregatik, prezioen joera ulertzeko, KPI orokorrari ez ezik, azpiko inflazioari ere begiratzen zaio, energia produktuen eta prezio aldakorragoak dituzten elikagaien eragina baztertuta, beste prezio batzuen bilakaera ikusten laguntzen baitu.

Irailean, azpiko inflazioa %3,4koa izan da Hego Euskal Herrian, abuztuan baino bi hamarren handiagoa. Urtebetean, berriz, bederatzi hamarren egin du gora.

Horrek erakusten du prezioen presioak ez diela erregaiei bakarrik eragiten. Zerbitzuetan eta beste produktu batzuetan ere baduela eragina, nahiz eta horien bilakaera motelagoa eta iraunkorragoa izan. Gainera, energia garestitu denez, baliteke azkar igotzea KPI orokorra, eta merkatzen direnean, berriz, azkar jaitsi; baina zerbitzuen eta bestelako prezioen igoerek luzaroago iraun dezakete. Horregatik erreparatzen dio Europako Banku Zentralak azpiko inflazioari interes tasen inguruko erabakiak hartzean.

Elikagaiei dagokienez, Hego Euskal Herrian %3,8 egin dute gora urtebetean, nahiz eta abuztuan baino hamarren bat gutxiago izan.

Produktuz produktu, aldeak handiak dira. Azken hilabetean, fruta freskoa %1,4 merkatu da, eta esnekiak, %1,1; olioen eta koipeen prezioak ere %1 egin du behera. %0,7 merkeagoak dira arrautzak, patatak eta itsaskiak. Aldiz, lekale eta barazki freskoak %3,6 garestitu dira hilabete batetik bestera, eta arrain freskoa eta izoztua, %1,1.

Urtebetean, igoera bereziki handia izan da lekale eta barazki freskoetan (%10,6koa) eta fruta freskoan (%10,2koa). Arrautzak %8,5 garestitu dira; behikia, %7; ardikia, %6,9; eta olioak eta koipeak, %6,6. Txerrikia da salbuespenetako bat, %0,6 merkatu baita.

ERREGAIEN DESKONTUAK INDARREAN, ArGINDARRARENAK EZ

Espainiako Gobernuak duela bi aste berritu zituen energiarako deskontuak. Erregaien prezioen bilakaera hartzen du kontuan laguntzen zenbatekoa erabakitzeko, eta, irailean erregaien prezioak %15 baino gehiago igo direnez aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, litroko 20 zentimoko deskontuari eutsiko zaio azaroan, eta abenduan gutxienez 13 zentimokoa izango da; hasierako egutegiaren arabera, sei zentimokoa izango zen. 

Garraiolari profesionalentzako laguntzak ere luzatu dituzte urte amaierara arte. Gasolio profesionalaren gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea dutenek litroko bost zentimoko laguntza jasoko dute urrian, hamabi zentimokoa azaroan, eta hemeretzi zentimokoa abenduan. 

Argindarrari dagokionez, ordea, prezioek ez dute zerga aringarriak aktibatzeko behar den %15eko muga gainditu. Espainian, elektrizitatea %11,4 garestitu da urtebetean. Beraz, argindarraren BEZa ez da %10era jaitsiko, eta elektrizitatearen gaineko zerga berezia ere ez da %0,5era murriztuko; ohiko tasak aplikatuko dira.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA