Irailean amaitzekoak ziren laguntzak berritu ditu Espainiako Gobernuak, eta urte amaierara arte luzatu du gasolinaren eta gasolioaren garestitzeari aurre egiteko hobaria. Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur dekretu bidez onartu duen neurri sortari esker, besteak beste, hidrokarburoen gaineko zerga murriztuta mantenduko dute abenduaren 31ra arte, eta horrek erregaien prezioa jaistea ahalbidetu beharko luke datozen hilabeteetan.
Hobaria, baina, aldatuz joago da, izan ere, Espainiako Gobernuak jakinarazi du laguntzak era mailakatuan murrizten joango dela datozen hilabeteetan. Gauzak hala, urrian hogei zentimokoa izango da hobaria, azaroan hamairu zentimokoa, eta abenduan sei zentimokoa. Dena den, babes klausula automatiko bat ere txertatu du dekretuan: prezioek %15etik gora egiten badute, hobari horien zenbatekoa handitu ahal izango du.
Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz sortutako energia krisia aurre egiteko onartu du neurri sorta hori Pedro Sanchezen gobernuak. Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroak azaldu duenez, krisiari emandako hirugarren erantzuna da eta «babesa eta normalizazioa uztartzea» du helburu.
Martxoan abiatu zuen Espainiako Gobernuak lehen erantzun plana, petrolioaren prezioak eta inflazioaren arriskua handitzen hasi zirenean. Orduan, erregaien gaineko BEZa %21etik %10era jaitsi zuen, hidrokarburoen gaineko zerga murriztu zuen eta hainbat laguntza ezarri zituen gasolinaren eta gasolioaren prezioa arintzeko.
Hasiera batean behin-behineko neurriak ziren, eta udaberria amaitzean petrolioaren prezioek behera egin zutenez, erregaien gaineko BEZa berriro %21era igo zuten ekainean, eta udan zehar laguntzak gutxitzen joan ziren.
Irailean, ordea, egoerak okerrera egin du berriro. Cuerpok onartu duenez, energiaren merkatuak egonkortzea espero zuen, baina haren usteak ez dira bete. Ministroak nabarmendu du Ormuzko itsasarteko trafikoa nabarmen murriztu dela martxotik, eta horrek nazioarteko merkatuetan ziurgabetasuna handitu duela eta hornidura arriskuak areagotu.
Bi erregaientzako hobaria
Hori dela eta, gobernuak gasolio litroko hogei zentimoko hobaria mantentzea erabaki zuen hilaren hasieran, erregai hori asko garestitu zelako; gasolinarena, ordea, litroko bost zentimokoa izan da. Egoerak, ordea, irailean okerrera egin du, eta, gaur erabakitakoaren arabera, urrian bi erregaiek izango dute litroko hogei zentimoko hobaria.
Cuerpok azaldu du Ormuzko itsasartearen inguruko tentsioek, petrolioaren garraioan izandako arazoek eta nazioarteko horniduraren estutzeak «presio latza» jarri dutela prezioengan, eta horrek zuzenean eragin duela inflazioan. INE estatistika institutuak gaur jakinarazi du Espainiako inflazioa %4,9koa izan dela irailean, 2023ko otsailetik izandako daturik altuena da.
Otsailean Ekialde Hurbileko gatazka piztu zenetik, Hego Euskal Herrian gasolina litroko 40 zentimo inguru garestitu da, eta gasolioa 41 zentimo. Hala ere, dieselak gasolina baino laguntza handiagoak jaso ditu azken hilabeteetan; eta, beraz, zentimo bateko diferentzia hori datu desitxuratu bat dela esan daiteke, benetako garestitzea handiagoa izan baita gasolioaren kasuan —61 zentimokoa—.
Dieselaren prezioaren igoerak eragin berezia izan du garraioan, merkantzien banaketan eta lehen sektorean. Izan ere, erregaiaren kostuak zuzenean eragiten die haien jardueraren errentagarritasunari. Espainiako Gobernuak nekazarientzako, arrantzaleentzako eta garraiolarientzako laguntzak ere luzatu ditu. Nekazariek erabiltzen duten gasolioaren kostua ordaintzeko aparteko laguntza urte amaierara arte mantenduko du, eta arrantza enpresek laguntza jasotzen jarraituko dute, erregaien garestitzeak haien ekoizpen kostuak handitu baititu. Errepideko garraioaren kasuan, erabilera profesionaleko gasolioa erabiltzen dutenentzat ere laguntza abendura arte luzatuko da.
Muga gasari
Erregaien laguntzez gain, energiaren garestitzeari aurre egiteko beste neurri batzuk ere onartu dituzte Espainiako Ministroen Kontseiluan. Horien artean dago gas naturalaren tarifa arautua mugatzea. Azken asteetan gasaren prezioak nabarmen garestitu direnez, esku hartzea erabaki du, neguan etxe askok ordaindu beharreko faktura ez dadila bat-batean igo. Espainiko Trantsizio Ekologikorako ministro Sara Aagesenek gaur adierazi duenez, neurririk hartu ezean tarifa arautua %45 baino gehiago garestituko litzateke. Gobernuak, ordea, igoera %35era mugatuko du urrian, eta %15era hurrengo berrikuspenetan.
Butanoaren prezioa ere kontrolpean mantenduko du. 12,5 kiloko bonbonak ezin izango du 19,55 euro baino gehiago balio, gutxienez datorren urteko ekainera arte.
Horrez gain, indarrean mantenduko ditu azken hilabeteetan onartutako beste hainbat neurri ere: argindarraren bono soziala, urte amaierara arte hornidura eteteko debekua eta elektrizitatearen gaineko zerga murriztuak.
Era berean, negurako gas natural likidotuaren erreserbak handituko ditu, hornidura arazoak saihesteko; eta, petrolio faltarik egongo balitz, erreserba estrategikoak erabiltzeko mekanismoak ere indartuko ditu.Â
Gobernuaren arabera, neurri horien helburua da neguaren atarian energiaren garestitzeak familien eta enpresen ekonomian duen eragina arintzea. Hala ere, laguntzak pixkanaka murrizteko asmoari eutsi dio, gastu publikoaren kostua handia izan baita. Cuerpok aletu duenez, martxotik onartutako neurri guztiek 12.000 milioi eurotik gorako kostua izango dute diru kutxa publikoentzat. Hala ere, ministroak defendatu du neurriak beharrezkoak direla, energiaren garestitzeak eragindako kolpea arintzeko eta ekonomiak «erritmo sendoari» eusten diola ziurtatzeko.