Erregaien igoeraren eraginez %4,9raino handitu da iraileko inflazioa

2023ko otsailaz geroztiko urte arteko bariazio handiena izan da. Joera ikusita, pentsioen gorakada %3tik gorakoa izango dela dirudi.

Gasolindegi bat Donostiako Martutene industrialdean. GORKA RUBIO / FOKU
Gasolindegi bat Donostiako Martutene industrialdean. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko irailaren 29a
09:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasturte hasiera gogorra eta garestia izan da Hego Euskal Herriko biztanleen patriketarako. Iraila %4,9ko inflazioarekin amaitu da Espainian, INE estatistika erakundeak gaur argitaratutako datu aurreratuaren arabera. KPIa abuztuan baino sei hamarren handiagoa izan da, eta hirugarren hilabetez jarraian egin du gora.

Datu hori erregaiak garestitzearen ondorio da nagusiki. Iazko irailean behera egin zuten prezioek, eta horrek are deigarriagoa bihurtu du urte arteko bilakaera. INEren arabera, pakete turistikoen garestitzeak ere eragina izan du datuan, eta horrek are gehiago areagotu du grafikoaren pendiza. Gauzak hala, 2023ko otsailaz geroztik urte arteko KPIaren bariazioan izan den daturik handiena da.

Salgai multzo bakoitzeko galbahea eginda, hiruk izan duten gorakada nabarmendu behar da: produktu energetikoak %21,6 garestitu dira; elaboraziorik gabeko elikagaiak, %5,8, eta zerbitzuak, %3,9.

Azpiko inflazioak ere gora egin du irailean, elikagai ez-elaboratuak eta produktu energetikoak kanpo uzten dituen indizeak. %3,1 handitu da, abuztuan baino bi hamarren gehiago. Ekainean eta abuztuan hamarren bat jaitsi zen arren, haren joera ere aldatu egin da. Azken bi urte eta erdiko batezbesteko handiena da.

Datua aurreratua denez, estatistikan ez dute produktu eta sektorekako xehetasunik eman. INEk hilaren erdialdean emango ditu datu horiek eta Hego Euskal Herriko KPIa.

Pentsioen igoera: %3,3

Urte amaierako KPI datuek pentsioetara begira jartzen dute Espainiako Gizarte Segurantza, kalkuluak egiten hasteko garaia gerturatzen baitzaio. Izan ere, erretiroa harturikoen pentsioak abendua eta azaroa bitarteko hilabete bakoitzeko KPIaren batezbestekoaren arabera berritzen dira. Iazko abenduan %2,9koa izan zen; urtarrilean eta otsailean, %2,3koa; martxoan, %3,4koa; apiriletik ekainera, %3,2koa; uztailean, %3,6koa; eta abuztuan, %4,3koa.

Kopuru horiei iraileko datu aurreratuak erantsiz gero, hamar hilabeteetako batezbestekoa %3,3koa da, eta litekeena da azaroan %3tik gorakoa izatea. Izan ere, Espainiako hainbat finantza erakundek eginiko aurreikuspenen arabera, urriko eta azaroko KPI datuak irailekoak baino txikiagoak izango dira, baina ez dira %4tik jaitsiko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA