Espainiako Gobernua apurka-apurka ari da kentzen Irango gerrak energiaren prezioetan eragindako igoerak samurtzeko martxoan onartu zuen planaren laguntzak. Energiaren gaineko zergak murriztea izan zen plan haren ardatza: gasaren, argindarraren eta erregaien gaineko BEZa %21etik %10era jaitsi zuten orduan. Ekainaren hasieran bertan behera utzi zituzten gasaren eta argindarraren gaineko hobariak, eta gaur iragarri dute erregaien gainekoak ere bide berari jarraituko diola, eta ohiko BEZa izango duela berriz.Â
Martxoan hasi zen Irango gerra, eta harekin batera erregaien prezioek gora egin zuten. Horrek ondorio larriak izan zituen herrialde askotako jarduera ekonomikoan eta herritarrengan. Pedro Sanchezen gobernuak horiek samurtzeko neurri sorta bat jarri zuen martxan. «Krisiaren aurkako ezkutua» deitu zioten, eta, batez ere, energiaren gaineko zergak murriztea izan zen plan horren ardatza: batetik, elektrizitatearen eta gasaren BEZa murriztu zuten, eta, bestetik, erregaiena.
Ekainaren 1ean eman zuten planaren lehen aldaketaren berri, gerraren ondorioak oraindik agerikoak izan arren: argindarrari eta gasari ohiko %21eko zerga ezarri zieten berriro. Gaur egin dute plana bertan behera uzteko bigarren urratsa: gasolioak eta gasolinak ere BEZaren gaineko hobaria galduko dute. Hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren murrizketari, ordea, eutsiko diote, gutxienez uda amaitu arte: uztailean hamabost zentimoko beherapena izango du; hamar zentimokoa, abuztuan; eta bost zentimokoa, irailean.
Lehen sektorearentzako eta garraiolarientzako diru laguntzak ere urrira arte luzatu dituzte. Hartara, lehen sektoreko profesionalek eta garraiolariek hogei zentimoko beherapena izango dute gasolioan, eta ongarriak erosteko diru laguntzak ere izango dituzte aurrerantzean ere.
Martxoaren 20an, golkoko gerra puri-purian zegoela, onartutako neurri sorta asteazkenean iraungitzekoa zen. Planean jasotako neurri batzuk bertan behera utzi dituzte, baina beste batzuk, batez ere nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza sektoreei eta garraiolariei dagozkienak, urrira arte luzatuko dituzte. Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroak eman ditu azalpenak gaurko ministroaren kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Haren esanetan, neurri horietako batzuei eustea erabaki dute, Persiar golkoko gatazkaren egoera hobetu eta «prezioen aldakortasuna murriztu» diren arren, oraindik ez delako itzuli gerraren aurreko egoerara.
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) gaur bertan eman ditu KPI edo kontsumoko prezioen indizearen gaineko datuak: inflazioa %3,2an mantendu da ekainean, baina energiaren prezioa %6,7 igo da, ekainaren 1ean gasari eta elektrizitateari ohiko BEZa ezarri zietelako berriz.
Elektrifikazioaren aldeko pausoa
Behin-behineko neurri horietaz gain, egiturazko neurri bat ere hartu du Espainiako Gobernuak. Izan ere, gaur jakinarazi du elektrizitatearen ekoizpenaren gaineko zerga 2028an kenduko dutela. Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroaren esanetan, «hamazortzi hilabetean, modu progresiboan» kenduko dute zerga hori, «elektrifikazioa eta deskarbonizazioa» sustatzeko asmoz. Aurtengo hirugarren hilekoan zerga hori %30 murriztuko du gobernuak, urteko azken hiruhilekoan %40ko murrizketa izango du, eta 2027an %50ekoa, harik eta 2028an guztiz kenduko duten arte.
Aagesenek esan duenez, kontsumitzaileengan ere eragin positiboa izango du zerga hori ezabatzeak; izan ere, argindarraren faktura %6 arte merkatuko da, gobernuaren kalkuluen arabera.