Erregaien kontsumoa bizkorrago jaisten ari da, prezio handien erruz

Urteko lehen zazpi hilabeteetan %2,5 gutxitu da erregai kontsumoa Hego Euskal Herrian. Auto elektrikoen salmenta, berriz, %70 handitu da.

Erregaien prezioa, Zaragozako gasolindegi batean, aste honetan. JAVIER BELVER / EFE
Erregaien prezioa, Zaragozako gasolindegi batean, aste honetan. JAVIER BELVER / EFE
Iker Aranburu.
2026ko irailaren 16a
14:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erregaien kontsumoak 2018an jo zuen goia Hego Euskal Herrian, eta orduz gero apaltzen ari da. Baina poliki zihoana pixka bat bizkorrago doa aurten, erregai garestien ondorioz —%30, gerra hasi zenetik—. 2024tik 2025era, ibilgailuetarako erregaien kontsumoa %1,4 murriztu zen, eta %2,5 txikitu da aurtengo lehen zazpi hilabeteetan.

Edonola ere, ñabardura handi bat egin behar zaio kopuru horri: gasolioaren kontsumoa ari da gutxitzen, baina ez, ordea, gasolinarena. Horrela, urtarriletik uztailera 211.754 tona gasolina saldu dira Hegoaldeko zerbitzuguneetan, iaz epe horretan baino 13.237 gehiago (+%6,7). Hazkunde horren arrazoi nagusia da gasolinazko autoak eta hibridoak ordezkatzen ari direla, neurri batean behintzat, duela hamar-hamabost urte erositako dieselak.

Baina kontuan hartu behar da gasolioa dela kontsumitzen diren hamar litrotik ia bederatzi, eta erregai horren kontsumoaren beherakada gero eta nabariagoa dela. Iaz %1,6 murriztu zen, eta %3,6 aurtengo lehen zazpi hilabeteetan.

Elektrikoak, bostetik bat

Erregai garestiek eragin bikoitza daukate erregaien kontsumoan. Batetik, autoen eta kamioien erabilera apaltzen dute eta, bestetik, ibilgailu elektrifikatuen salerosketa sustatzen dute. Azken hori nabarmena da auto berrien matrikulazioaren datuetan, %70 handitu baita haien salmenta. Iazko lehen zortzi hilabeteetan %11,1 izan zen auto elektrikoen kuota, eta aurten jada %17,4ra iritsi da. Eta hiletik hilera, erregaien krisia gogortu ahala, gehiago handitzen ari da kuota: %21,8 izan da abuztuan. 

Horiei batu dakieke kilometro askotxo motor elektrikoarekin egin ditzaketen autoak, hibrido entxufagarriak, aurten matrikulatuetakoen %13,7 baitira.

Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Frantziarenak eman berri ditu Petrolioaren Batzorde Profesionalak, eta oso argiak dira: 2024ean eta 2025ean %1 gutxitu zen, baina 2026ko lehen zortzi hilabeteetan dagoeneko %5 egin du. Ondorioa? Ia hiru auto berritik bat elektrikoak dira.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA