Errenteriako Papresa paper fabrikak jarduera etengo du, garraio grebak eragindako lehengai faltaren ondorioz, ohar baten bidez jakinarazi duenez. Ez du zehaztu zenbat egunez egongo den geldirik.
Enpresak 222 langile ditu Errenteriako lantegian. Taldeak azaldu duenez, prentsarako paperaren fabrikatzaile nagusia da Europako hegoaldean, eta kaxa, ontzi eta biltzeko paperen fabrikatzaile independente handiena.
Errenteriako plantan hiru makina ditu: bata, egunkarientzako papera egiteko, eta beste biak, paketeentzako. Azken urteetan, egunkarien salmentaren beherakada dela-eta, paketeetan espezializatu da. 2022rako fakturazioa %30-35 handitzea aurreikusi zuen.
Enpresak azaldu duenez, garraiolarien gatazkak «are gehiago larritzen du industriak krisi energetikoaren ondorioz duen egoera lazgarria».
«Industriaren eta ekonomiaren kolapsoa» saihesteko neurriak «berehala» hartzeko eskatu du, «jarduerari ahalik eta azkarren berriro normaltasunez ekin ahal izateko».
Papresa 1896an sortu zen, eta 2020ko urritik Quantum Capital Partners (QCP) Alemaniako funtsarena da.