Errepideetako lehiakide berriak

Txinako autoen saltzaileen ustez, prezio apalek, prestazio handiek eta berme luzeek erakartzen dituzte beren bezeroak. Argi dute ez dela oraingo joera bat, eta etorkizunean eutsi egingo diola.

Asier Redondo, atzean Ebro auto bat duela, Oiartzunen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Asier Redondo, atzean Ebro auto bat duela, Oiartzunen. IDOIA ZABALETA / FOKU
2026ko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko gidariek gero eta konfiantza handiagoa dute Txinan ekoizten diren autotan. Jarri semaforo baten ondoan eta zenbatu zenbat pasatzen diren. Estatistiken arabera, sei auto berritik batek Txinako autogintzaren zigilua darama. Zergatik ari dira gero eta bezero gehiago marka horiek erosten? Saltzaileen ustez, kalitatearen eta prezioaren arteko harremana da gako handietako bat.

Asier Redondo Ebroko salmenta arduraduna da Gipuzkoako Urumea Motorren. Haren arabera, prezioa, teknologia eta ekipamendua direla-eta aukeratzen dituzte askok: «Europako auto estandar baten prezioaren truke, Txinako auto erabat hornitu bat eros dezakete». Azaldu duenez, batez ere gazteek jotzen dute Txinako autoetara lehen ibilgailua erostean, oro har lehiakideenak baino merkeagoak baitira.

Baina Ruben Madureira MGko Carzako salmenta arduradunaren arabera, badaude auto «premium-agoak» nahi dituzten bezero helduagoak ere; hau da, osagarri teknologikoak kontuan hartzen dituztenak prezioa gorabehera. «Teknologia gehiago nahi duten bezeroak ditugu, eta Txinako produktuek teknologia asko eskaintzen dute».

Ruben Madureira MG auto batekin. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ruben Madureira, atzean MG auto bat duela, Oiartzunen. IDOIA ZABALETA / FOKU

Asian ekoitzitako autoek askotariko osagarriak dituztela nabarmendu dute saltzaileek: pantailak, berotzen diren eserlekuak eta abar. Horrez gain, haien kalitatea Europakoena bezain ona dela ziurtatu dute. «Egun guztia ematen dut autoen artean, eta Txinako auto bat eta Europako bat konparatzen badituzu, Txinakoak ziurrenik akabera hobea du», esan du Redondok.

«Egun guztia ematen dut autoen artean, eta Txinako auto bat eta Europako bat konparatzen badituzu, Txinakoak ziurrenik akabera hobea du»

ASIER REDONDO Ebroko salmenta arduraduna

Baina kalitatea eta teknologia ez dira bezeroek aintzat hartzen dituzten aldagai bakarrak. Bermeak ere pisu handia dauka erosketa erabakian, eta Txinako markek, oro har, garantia luzeak eskaintzen dituzte. Redondoren ustez, berme luze horiek «lasaitasuna» ematen diete erosleei: «Goi mailako akabera duen auto bat eskaintzen dute prezio merkeago baten truke, eta, gainera, pieza guztiek zazpi urteko bermea daukate».

Iritzi berekoa da Madureira: Europakoek gauza berberak eskaintzen dituzte, baina prezio handiagoan. «Uste dut Txinako produktuak pixka bat gehiago bereizten direla merkatuan, prezioaren eta kalitatearen arteko erlazioari esker». Izan ere, salmenta kopuru handiagoaren aldeko apustua egiten dute enpresek. «Ez dituzte mozkinak atera nahi ekipamendu edo osagarri gehigarrietatik; autoak saldu nahi dituzte. Zenbat eta auto gehiago saldu, orduan eta hobe haientzat», esplikatu du Redondok.

Oraindik ere badaude zalantzak

Biek bat egiten dute erosleen kezka nagusiari dagokionez: ordezko piezak. «Orain dela bi urte Ebron hasi nintzenean, zera galdetzen zidaten gehien: ea pieza bat apurtzen bazen zenbat denbora egon beharko zuten zain ordezkoa heldu arte», kontatu du Redondok.

Hala ere, Madureirak azaldu du gaur egun ez dagoela arazorik piezei dagokienez. «Txinako marka gehienek konponduta dute jada. MGk, esaterako, logistika zentro bat du Espainian».

Redondoren arabera, bezeroek gehiago itxaron beharko dute tailerrean hitzordua lortzeko pieza eskuratzeko baino. Bere enpresa aipatu du adibide moduan: Ebron, erosleari bermatzen diote ordezko pieza 24 ordutan edo gutxiagotan helduko dela lantegira.

«Uste dut Txinako produktuak pixka bat gehiago bereizten direla merkatuan, prezioaren eta kalitatearen arteko erlazioari esker»

Ruben MADUREIRAMGko salmenta arduraduna

Arrazoiak arrazoi, datuek erakusten dute Txinako autoen salmentek gora egin dutela. «Dudarik gabe, oraintxe bertan horiek saltzen ditugu gehien», zehaztu du Madureirak.

Redondok azpimarratu duenez, denborarekin bezero gehiagoren konfiantza lortuko dute, autoak kalean ikusi eta fidagarriak direla baieztatu ahala. Nolanahi ere, saltzaileek argi dute joera ez dela urte gutxian apalduko. «Nire ustez, Txinako markak geratzeko etorri dira», aurreikusi du Redondok. «Badakit marka indartsuak etorriko direla, eta ez dut uste hiru urte barru joango direnik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA