Iazko eskariak eta inbertsioek %2,3ko hazkunde ekonomikoari eutsi zioten

Industriaren hazkundea %1,4koa izan da soilik, esportazioen beherakadaren ondorioz. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak bizitasun zantzuak antzeman ditu iazko azken hiruhilekoko esportazioetan.

Jaurlaritzak bizitasun zantzuak ikusi ditu iazko azken hiruhilekoko esportazioetan. Irudian, Bilboko portua. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jaurlaritzak bizitasun zantzuak ikusi ditu iazko azken hiruhilekoko esportazioetan. Irudian, Bilboko portua. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irune Lasa.
2026ko martxoaren 6a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tirriki-tarraka, baina Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak hazkundeari eutsi dio 2025. urte konplexuan. Urte osoa kontuan izanda, barne produktu gordina %2,3 hazi da, eta enpleguak %1,4 egin du gora. Lurraldeka, parekoa izan da hazkundea. BPGa %2,3 hazi da Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,2 Araban.

Urteko bilakaerari begira, ekonomiaren hazkundea indarra hartzen joan da hiruhilekoak pasa ahala, pixkanaka bada ere, eta, hala, hazkunde tasa %2,1ekoa izan zen lehen hiruhilekoan, eta %2,4koa, berriz, azkenekoan.

Hori azpimarratu du Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak: «Erresistentzia eta egokitzeko gaitasun nabarmena erakutsi du euskal ekonomiak. Urte hau bereziki zorrotza izan da ekonomia irekietarako, eta Euskadik hazkunde sendo eta iraunkorra mantendu du».

Alde horretatik, Eustaten datuek espero zena islatzen dute: industria jardueraren hazkundea moteldu egin dela, eta %0,4 soilik hazi. Aurreikusi zitekeen emaitza hori, kontuan hartuta esportazioetan izandako beherakada —%4,2 apaldu dira iaz Hego Euskal Herrian— eta euskal industriarentzat garrantzitsuenak diren Espainiaz kanpoko merkatuek —Alemaniak eta Frantziak— erakutsitako ahultasuna.

Edonola ere, eskaintzari dagokionez eta urte osoa kontuan izanda, sektore guztietan izan dira hazkunde positiboak. Gainera, zerbitzuei, kontsumoari eta inbertsioei buruzko datuek industriaren eta esportazioen pattaltzea konpentsatu dute neurri handi batean. Eskaintzari erreparatuta, eraikuntzaren balio erantsia %3,7 hazi dela ikusten da; merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarrarena, berriz, %3,2 hazi da, eta zerbitzuena %2,8.

Datu horiek argi adierazten dute barne eskariak eutsi diola ekonomiaren bilakaerari, BPGaren beraren hazkundea gainditu baitu azken hiruhilekoan (+%3,2) eta urte osoan (%2,8), 2024. urteko maila berean.

Barne eskariaren barruan, etxeek eta administrazioek egindako gastuek %2,6ko hazkundeari eutsi diote azken hiruhilekoan. Hori adierazi du Torresek berak ere, eta nabarmendu gastu horiek modua eman dutela urte osoan izandako batez besteko %2,5eko bilakaera egonkor mantendu dadin; gehitu du «prezioen moderazioak eta zerbitzu publikoen bilakaera onak» lagundu dutela joera horri eusten.

Inbertsioa

Kontsumoarekin batera, hazkunde ekonomikorako beste euskarri garrantzitsua enpresen inbertsioa izan da. Inbertsioen bizitasunaren adierazgarri, urteko batez besteko %4ko tasa, «azken urteetako hazkunde handiena», Ekonomia Sailaren arabera. Kapital eraketa gordinaren bilakaera, gainera, goranzkoa izan da urtean, azken hiruhilekoan %5,2ra iritsita.

Torresek «kontsumo irmoak eta inbertsio dinamikoak osatutako binomioa» goraipatu du, eta kanpo sektorearen bilakaera kaskarrarekin kontrajarri. Izan ere, merkataritza bazkideen ahuleziaren eta muga zergen zamaren ondorioz, esportazioek %3,6 egin dute behera iaz; 2024. urtean baino gutxiago, hala ere.

%1,4

Zenbat hazi den enplegua, ehunekotan. Ekonomiaren bilakaera ona dela eta, enpleguak gora egin du iaz. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %1,4 hazi zen. Horrek, Torresen ustez, «indartu egiten du etxeen konfiantza eta enpresek proiektu berriak garatzen eta haietan inbertitzen jarraitzeko duten gaitasuna».

Esportazioei begira, Ekonomia Sailak bizitasun seinale batzuk ikusten ditu, batez ere ekipamendu ondasunen, garraio materialen, industria kimikoaren eta elikagaien sektoreetan. «Euskadiko ekonomia erabat esportatzailea da, eta gure esportazioen bi heren inguru Europara bidaltzen dira. Horregatik, arretaz erreparatzen diogu nazioarteko testuinguruaren bilakaerari, baina, zuhurtziaz bada ere, baikorrak izan gaitezkeen zantzuak ikusten ditugu», esan du Ekonomia sailburuak.

Ziurgabetasuna

2026. urteari buruz, Torresek azaldu du lehenengo datuen arabera urte hasiera positiboa izango dela, kontsumoak egoerari eusten diolako, azalera handien salmentek hazten jarraitzen dutelako eta lan merkatuak indarra izango duelako oraindik.

Ezin zaio, hala ere, nazioarteko testuinguruari izkin egin, besteak beste Ekialde Hurbilean piztutako gatazkaren ondorioz energiaren prezioak nabarmen egin duelako gora, tentsioak piztu direlako merkataritzaren inguruan eta, hala, ziurgabetasuna areagotu delako. «Ez gaude krisi batean, baina bai ziurgabetasun handiko testuinguru batean. Horrek zuhurtasuna, egoeraren jarraipena egitea eta aurrea hartzeko gaitasuna eskatzen ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA