Nahasketa txar batek bete-betean harrapatu du Euskal Herriko kanpo sektorea. Txinako lehiakideen indarrak, Donald Trumpen merkataritza gerrak eta ohiko bazkideen ahultasun ekonomikoak gauzak zaildu dizkie industria esportatzaileei. 2025ean, gainera, beste faktore bat batu zaie, petrolio merkearena. Esportazioak tonatan baino, dirutan neurtu ohi dira, eta energiaren prezioaren gorabeherak asko eragiten die. Gauzak horrela, hirugarren urtez jaitsi egin dira esportazioak, %4,2 oraingoan. Inportazioak ere apaldu dira, baina pixka bat gutxiago: %2,7.
Petrolioaren prezioaren garrantzia oso garbi ikusten da Bizkaiko datuetan. Han txikitu dira gehien esportazioak zein inportazioak, lurralde horretako kanpo merkataritzaren eragile nagusia Petronor baita: petrolio gordina inportatzen du, eta horren zati bat geroago erregai findu bezala esportatzen du. Azken produktu horren esportazioak %12,3 jaitsi zen iaz, 1.119 milioi euroraino.Â
Esportazioak jaitsi egin dira Nafarroan (-%5,9) eta Araban ere (-%3,1), bi lurralde horietan pisu handia duelako autogintzak, eta sektore horrek, osagaien arloak batez ere, urte zaila bizi izan duelako.
Hamar pertsona baino txikiagoko turismoak dira Hego Euskal Herriaren esportazio gai nagusia —%13 inguru—, kanpora baitoaz Mercedesek Gasteizen egiten dituen bidaiarientzako furgoneta gehienak eta Volkswagenek Iruñean egindako auto gehienak. Iaz, %3,2 murriztu zen esportatutako autoen balioa, nagusiki VWen ekoizpena asko jaitsi zelako, Landabengo lantegia aurten kaleratuko dituen auto elektrikoetarako egokitzen ari zelako.Â
Esportazioen rankinean autoentzako osagaiak ageri dira bigarren (%5etik gora), eta horientzat ere 2025a ez zen urte erraza izan: %14,1 murriztu ziren. Txinako lehiakideak gero eta indar handiagoa dute arlo horretan, eta hori erakusten du Metal Groupen egoerak. Enpresa horrek Abadiñoko (Bizkaia) eta Legutiokoa (Araba) lantegiak itxi nahi ditu, haien bezero nagusiak, Volkswagenek, aurrerantzean Txinako enpresa bati erosiko dizkiolako bere autoentzako osagaiak. Â
Gipuzkoa da salbuespena
Gipuzkoan soilik handitu dira esportazioak, %2,8 hain zuzen ere. Hark du sektore batekiko menpekotasunik txikiena, eta gai izan da autogintzaren urte ahula trenen eta trenetarako materialen esportazioekin konpentsatzeko (+%84). Dibertsifikazio horren eskutik, Gipuzkoa da 2022az geroztik esportazioak handitzeko gai izan den lurralde bakarra —urte horretan jo zuten goia Hego Euskal Herri osoan—.
Espainia alde batera utzita, Alemania eta Frantzia dira Hego Euskal Herriko enpresen bazkide nagusiak, bai esportazioetarako, eta baita inportazioetarako ere. Aurten Alemania ageri da bi sailkapen horien goialdean, esportazioetan aurrea hartu baitio Frantziari. Alemaniako enpresek 6.126 milioi euroren erosketak egin zituzten, 2024koaren maila berean, baina Frantziarenak %9,3 amildu ziren, eta oso aspaldiko partez %16ko kuotatik behera geratu ziren (%15,3).
-%12,6AEBetara egindako esportazioak.  Donald Trumpek muga zergak handitu dizkie Europako Batasuneko produktuei, eta horren eraginez hara egindako esportazioak amildu egin dira. Zehazki, 2.150 milioi eurorenak izan dira, 2024an baino %12,6 gutxiago. Edonola ere, esportazioen jomuga handienetan bosgarrena dira oraindik AEBak, %5,5eko kuotarekin. Handik egindako inportazioak, berriz, %15,2 apaldu dira.
Esportazioetako jomugen sailkapenean Italiak lortu du hirugarren lekua, %6,8tik %7,3ra handitu baita. Eta urtez urte indarra galtzen ari da Erresuma Batua ere. Brexit-a indarrean jarri aurretik, 2019an, Hegoaldeko esportazioen %8,4 joan ziren hara, baina %6,2 baizik ez dira orain.
Â
Â