Eskarietan irabazi arren, Le Bourgetek zapore mingotsa utzi dio Airbusi

British Airwaysek eta Iberiak 737 Max modeloaren 200 hegazkin erosi dizkiote Boeing lehiakideari, nahiz eta hegan egiteko debekua duten

Boeing hegazkin bat, Le Bourgeteko aeronautika azokan. IAN LANGSDON / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Garaipen erraza izan behar zuena porrot zaporearekin amaitu da Airbusentzat. Le Bourgeteko aire azokan, munduko garrantzitsuenean, Airbusek enkargu gehiago lortu ditu Boeingek baino, baina ez du lortu eskura zegoela zirudien helburu bat: AEBetako lehiakidea urte batzuetarako hondoratzea, haren 737 Max hegazkinaren segurtasun arazoek itota. Ezustean, hegazkin horren 200 eskaera jaso ditu Boeingek.

Ezustea bikoitza izan da. Batetik, Boeingek egindako 737 Max guztiak aireportuetan geldirik daude martxoaz geroztik, Indonesian eta Etiopian 346 lagunen heriotza eragin zuten bi istripuren ondoren. Maiatzaren amaieran egindako bilera bateratuan, aire segurtasuneko agentziek ez zioten berriro hegan egiteko baimenik eman 737 Max modeloari, Boeingek eskainitako software aldaketa frogatzeko denbora gehiago behar dutela argudiatuta. Iturri batzuek iragarri dute AEBetako agentziak ekaina amaitu aurretik baimena eman diezaiokeela, baina beste herrialde batzuetako erakundeek iradoki dute uda ostean irits daitekeela.

Eroslea, Europakoa

Bigarren ezustea eroslearena izan da. Boeing ez du AEBetako aire konpainia batek erreskatatu, Washingtonen presiopean jokatzera behartutako konpainia batek; IAG europarra izan da, British Airwaysen, Iberiaren eta Vuelingen jabea, eta Airbus A320 modeloen ohiko erosle bat. Hegazkinak Vueling eta Level prezio apaleko konpainietan erabili nahi dituela jakinarazi du.

IAGren erabakiak zur eta lur utzi duela aitortu du Airbusek, batez ere konpainia britainiar-espainiarrak ez duelako lehiaketarik egin hegazkinen hornitzailea aukeratzeko. Berez, IAGren eta Boeingen artekoa ez da kontratu sinatu bat, intentzio gutun izeneko bat baizik, eta oraindik xehetasunak negoziatu behar dituzte bi aldeek.

Guillaume Faury Airbuseko buruzagiak atzo Le Bourgeten esan zuenez, espero du azkenean lehiaketa egitea IAGk, eta Airbus ere lehiatu ahal izatea. ┬źNahiko ziur gaude eskaintza egiteko aukera izango dugula┬╗.

Boeingen eta IAGren arteko akordioak ia erabat estali du Airbusi Le Bourgeten koroa eman behar zion iragarpena, A321 XLR hegazkin berriarena. Boeingen 737 Maxen lehiakide zuzena da A321 XLR, baina hark baino distantzia luzeagoak egin ditzake erregaiez hornitu aurretik.

Airbusek ez du maketa bat erakutsi soilik: jakinarazi du zortzi konpainiak dagoeneko 206 eskaera egin dizkiotela. Hori bai, eskaeretako 74 aurretik eginda zeudenen moldaketak dira; hau da, Airbusen beste modelo bat erosi nahi zutenek orain A321 XLR jasoko dutela. Erosle handienak AEBetako bi konpainia dira, American Airlines eta Indigo.

Eskaera horiei esker, Airbusek 38.600 milioi euroren eskaerak izan ditu Le Bourgeten, eta Boeingek, berriz, 32.000 milioirenak.

Diru horren zati batek Euskal Herrian amaitu beharko luke, baten zein bestearen hornitzaile baitira euskal enpresak. Sektoreko 65 enpresa biltzen dituen klusterrak, Heganek, ekainaren hasieran ziurtatu zuen aeronautika egoera onean dagoela. Iaz, 2.457 milioi euroren salmentak egin zituzten, eta horietatik 990 milioi dagozkie Hego Euskal Herrian dituzten fabrikei. Guztira, ia 15.000 langile hartzen dituzte. Aurten fakturazioa handitu ahal izango dutela espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.