Espainiako Gobernuak langile publikoen soldata %4,5 igotzeko lege dekretua onartu du

Parlamentuko batzorde iraunkorrak onartu beharko du neurria orain, hura ezar dadin. ELAk «inposiziotzat» jo du, eta adierazi ontzat eman dutela erosahalmena galtzea, «KPIa %4,9koa baita». 2027ko SMIa %5,3 igoko duela berretsi du Madrilek.

Ministroen Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoa, gaur. MARISCAL / EFE
Ministroen Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoa, gaur. MARISCAL / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko azaroaren 17a
15:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak begi bistan diren honetan, oparoak izaten ari dira Ministroen Kontseiluak, eta enpleguari lotutako hainbat neurri onartu dituzte gaur; tartean, langile publikoen soldata %4,5 igotzea. Ministroek argi berdea eman diote lege dekretuari, baina hura aplikatzeko, testuak beste talde batzuen babesa beharko du parlamentuko batzorde iraunkorrean. Horrez gain, gutxieneko soldata %5,3 igotzeko dekretua ere onartu dute, 1.286 euroraino.

Langile publikoen kasuan, igoera adostuta zuten aurretik Espainiako UGT, CCOO eta CSIF sindikatuek eta gobernuak; itun bat egina zuten, eta 2025etik 2028ra artean %11ko igoera adostuta. Iaz gobernuak ez zituen funtzionarioen soldatak igo, eta hori dela eta, 2026 hasieran %4 igo zituen. Orain, %4,5 igo nahi ditu datorren urterako. Horrela, 2028ra arte adostutako igoeraren %80 inguru bete du gobernuak jada.

«1992tik geroztik, langile publikoentzako soldata igoerarik handiena litzateke», adierazi du Oscar Lopez Espainiako Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko ministroak. «Adostu zena betetzen ari gara», esan du, eta erantsi ez duela uste inork neurri horren aurka egingo duenik batzorde iraunkorrean: «Pentsaezina litzateke».

Neurria jakinarazi eta berehala, hura kritikatu du ELA sindikatuak, eta Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak eta soldatak eztabaidatu ahal izatea galdegin du. «Inposiziotzat» jo DU neurria: «2027ko langile publikoen soldata igoera %4,5ekoa izatea nahi dute Espainiako Gobernuak eta estatuko sindikatuek. 2022 eta 2027 urteen artean langile publikoen erosahalmena %7 murriztea adostu dute. Are, aurten ere erosahalmena galtzea ontzat eman dute, KPIa %4,9koa baita».

LABek ere egin du irakurketa, eta iritzi du ez dela nahikoa: «Ez du aurtengo KPIa ere estaliko». Gaineratu du gaur Madrilen hartutako erabakiek agerian uzten dutela lan baldintzak bertan erabakitzeko beharra. «Langileen lan baldintzak hobetzeko, ezinbestekoa da Euskal Herriko lan harremanen esparrua indartzea».

Izan ere, akordioak Hego Euskal Herriko administrazioetako langileei ere eragiten die, Madrilek ezarritako igoera bera aplikatu behar baitute gainerako administrazioek ere. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko langileak sartzen dira multzo horretan —hezkuntzakoak, osasungintzakoak...—, baita foru aldundietako eta tokiko administrazioetakoak ere. Guztira, 195.000 inguru daude.

Gutxieneko soldata, %5,3

Bestalde, gutxieneko soldataren alorrean, ministroek aurrera atera dute Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak duela bi aste aurkeztutako testua. %5,3 igoko da SMIa, eta 1.286 euroko hamalau ordainsaritan ezarriko da datorren urtean; hilean 65 euro gehiago. Hortaz, urtean 18.004 eurokoa izango da SMIa, aurten baino 910 gehiago. Horrenbestez, gutxieneko soldata %75 igo du Madrilek 2018tik.

SMIaren dekretu horrek ez du behar batzorde iraunkorraren babesik, eta hortaz, jada ezarrita dago 2027rako. Hori da errege dekretuen eta errege lege dekretuen arteko aldea. Lege dekretuen kasuan, legeen indar berbera dute juridikoki, baina ez dute eskatzen gorteen onarpena; izan ere, horiek deseginda daudela onartu daitezke soilik, eta parlamentuko batzorde iraunkorraren onarpena nahikoa da horiek ezartzeko. Hala ere, lege horiek behin-behinekoak dira, eta parlamentua eratzen denean bertan behera utz ditzakete.

Diazek azaldu du gutxieneko soldataren igoerak «herrialdea goitik behera aldatu» duela. Gutxien kobratzen dutenen alde hartutako neurria dela nabarmendu du, eta azpimarratu gazteak eta emakumeak direla onuradun nagusiak: guztien %65. «Politika feminista batean» oinarritutako neurria dela esan du, eta genero arrakala %22tik %7,3ra murriztea lortu duela.

Horrez gain, Diazek adierazi du gutxieneko soldata jasotzen duten langileek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) ordaindu gabe jarraituko dutela Espainian. Hala ere, Hego Euskal Herrian ikusteko dago zein neurri hartuko duten, Foru ogasunek kudeatzen baitute hori. Aurreko urteetan salbuetsita geratzen diren pertsonen langa igo izan dute, baina ikusteko dago.

ELAk deitoratu du gutxiengo soldata igotzeko neurriak ez duela balioko Hego Euskal Herrian aberastasuna banatzeko eta langileak «pobreziatik» ateratzeko: «Espainiako nazio eraikuntzarako tresna da, eta euskal patronalen gehiegizko irabaziak bermatzen ditu». Alderdi politikoei eta instituzioei eskatu die Hego Euskal Herrian aurten egindako bi greba orokorrei erantzuna emateko, eta bide beretik egin du LABek: «Hego Euskal Herriak 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa behar du, bertako bizi-baldintzei eta erreali- tate sozioekonomikoari erantzungo diena».

Enpresei gardenago izateko eskatzen dien lege dekretua onartu du madrilek

Soldata igoerez gain, enpleguari lotutako beste neurri bat ere onartu du Espainiako Gobernuak. Neurri horrek presio egin nahi die enpresei, gardenagoak izan daitezen, eta eskubide gehiago eman nahi dizkie langileei. Zehazki, testuaren arabera, enpresei zigor handiagoak ezarriko zaizkie baldin eta langileei behar adinako kontratu eta soldata informazioa ematen ez badiete. Eta Bruselak exijitutako arau bat ere barnebiltzen du testuak, zeinak bestek beste langile bakoitzari lanpostu baliokideen batez besteko soldatak ezagutzeko eskubidea aitortzen dion.

Enpleguarekin lotutako beste neurri bat onartzea ere espero zen: ordutegi erregistroa bultzatzearen aldekoa. Ez dute gaur onartu, baina Yolanda Diaz Lan ministroak esan du «mahaiaren gainean» duela, eta espero duela ostiraleko Ministroen Kontseiluan onartzea. Hauteskundeen aurretik egingo duten azken aurreko kontseilua izango da hori.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA