Gutxieneko soldata %5,3 igoko da datorren urtean Hegoaldean, 1.286 euroraino

Espainiako Lan Ministerioak argitaratu du testua, eta, onartuz gero, 65 euro igoko da SMIa hilean. Sindikatuek %7ko igoera eskatzen diote Madrili, erosahalmena berreskuratzeko. Azaroaren 16tik aurrera onartu ahal izango du Ministroen Kontseiluak.

Bi lagun martxoaren 17an, greba orokorraren pankarta bat margotzen, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bi lagun martxoaren 17an, greba orokorraren pankarta bat margotzen, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko azaroaren 5a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak gutxieneko soldataren (SMI) igoera zenbatekoa izango den zehaztu du: %5,3. Espainiako eta Hego Euskal Herriko SMIa 1.221 euroko hamalau ordainsaritan dago ezarrita orain, eta datorren urtean 1.286 eurora igoko da, 65 euro gehiago. Dekretuaren zirriborroa argitaratu zuen atzo iluntzean Espainiako Lan Ministerioak, nahiz oraindik Ministroen Kontseiluak onartu beharko duen testua.

Adituen Batzordeak igoera txikiagoa izatea proposatu zion ministerioari atzo arratsaldean: %4,9koa. Aldiz, CCOO eta UGT sindikatuek igoera handiagoa eskatzen diote Madrili, %7koa, argudiatuta aurten inflazioa aurreikusitakoa baino handiagoa izan dela —%3,1 beharrean %4,9—, eta 2027rako proiekzioa ere %4,9koa dela. 1.300 eurora iritsiko litzateke sindikatuek proposatutako SMIa.

Aurreneko aldia da Yolanda Diaz Lan ministroak errege dekretu bat ontzen duena sindikatuen oniritzirik gabe. Izan ere, sindikatuek adierazi izan dute erosahalmena berreskuratzearen azpitik ez zirela adostasunera iritsiko. Gainera, gogorarazi dute Espainiako Gobernuak ez dituela bete langileak babesteko hartutako konpromisoak.

Batetik, sari gehigarriei dagokienez, arauak moldatzea eskatzen diote, enpresek soldata igoerak sari gehigarrien ezabatzearekin konpentsatu ez ditzaten; bestetik, ordutegi erregistroa bultzatzeko neurriak hartzea. Adierazi dute lehen konpromisoa ezingo dutela bete, eta ordutegiaren ingurukoan, berriz, badela aukera neurriren bat Ministroen Kontseilura iristeko.

Gaur abiatu da testuari zuzenketak eta moldaketak aurkezteko epea, eta azaroaren 16ean amaituko da. Hortik aurrera, dekretua Ministroen Kontseiluan onartu ahal izango dute. Azaroaren 29ko hauteskundeen aurretik izatea nahi dute. Errege dekretu bat izango denez, gobernuak hura onartzeko ahalmena du, Gorteen oniritzirik gabe.

Diazek babestu du SMIaren igoera ezin dela hauteskundeengatik atzeratu, argudiatuta enpresa guztiek jakin behar dutela urtarrilaren 1ean soldata minimoa zein izango den. Testuaren edukiari dagokionez, adierazi du igoerak modu «eraginkorrean» erreparatzen diola «langileek eta haien familiek bizi maila egokia izateko ordainsari zuzen nahikoa jasotzeko duten eskubideari».

%60

Soldata minimoa zenbatekoa den batez bestekoarekin alderatuz. Neurri horrekin Espainiako gutxieneko soldata Espainiako batez besteko soldataren %60tik gorakoa izango da. Hala izan dadin eskatzen du Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak, eta hori bermatzeko eskatu zion Adituen Batzordeak Lan Ministerioari.

Patronalak, bestalde, ez ditu gutxieneko soldataren azken igoerak babestu, eta oraingo neurria hauteskundeei begirako estrategiatzat jo du, litekeelako neurria hauteskunde kanpaina betean onartzea. Elkarrizketetarako denbora gehiago eskatu dio gobernuari.

SMI propioaren auzia

Neurri horrekin Hego Euskal Herrian ere gutxieneko soldata igoko bada ere, errealitatea bestelakoa da bertan, eta hori badakite Euskal Herriko sindikatuek. Hain justu, greba orokorra egin zen martxoaren 17an Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izan zedin aldarrikatuz.

Sindikatuek Nafarroako Parlamentura bidali zuten proposamena, baina atzera bota zuen horrek, argudiatuta soldata minimoa ezartzeko eskumena Espainiako Gobernuarena dela. Horrez gain, blokeatuta geratu zen CEN patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin negoziazio kolektiboaren bidez helburu bera lortzeko abiatutako bidea ere, haietako inor ez baitzen agertu egitasmoaren sustatzaileek eginiko bilera deialdietara.

Antzeko bidea egin zuen proposamenak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Sindikatuek herri ekinaldi legegile bat onartzeko saioa egin zuten Eusko Legebiltzarrean, 138.495 sinadura bilduta. Taldeek eztabaidatu egin zuten, baina EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek atzera bota zuten, Nafarroan eman zuten argudio bera edo oso antzekoa erabilita. Confebask patronalarekin eginiko saioek ere porrot egin zuten.

Hala ere, sindikatuek beste bide bat ireki zuten orduan: Espainiako Langileen Estatutua aldatzeko eskaera eramatea Madrilera. Aldaketa hori onetsiz gero, autonomia erkidegoek modua izango lukete gutxieneko soldata ezartzeko, baina oraindik ez dute lortu, eta hogei egun geratzen dira Espainiako Gorteetako hauteskendeetarako.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA