Esportazioen jaitsierak Nafarroako hazkundea baldintzatu du urte hasieran

Lurraldeko BPGa %2,1 handitu da lehen hiruhilekoan, aurrekoen antzera. Nazioarteko egoerara egokitzeko gaitasuna nabarmendu du Arastik.

Nafarroako industria sektoreko enpresa bateko langile batzuk. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nafarroako industria sektoreko enpresa bateko langile batzuk. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko apirilaren 30a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako ekonomiak iazko erritmoaren antzera hazten jarraitzen du, baina gero eta nabarmenagoak dira arrakalak. Barne jarduerak dinamismoari eusten dio, baina kanpo sektorearen ahultasunak, bereziki esportazioen jaitsiera handiak (-%14,9, otsailera arte), lehen hiruhilekoko argazkia desitxuratu du.

Nafarroako BPGa %2,1 hazi da 2026ko lehen hiruhilekoan urte arteko terminoetan, eta %0,5 aurreko hiruhilekotik, Nastat estatistika erakundeak ostegun honetan emandako datu aurreratuaren arabera.

Ekonomiak hazkundearen bidean jarraitzen du, baina 2025ean erregistratutako erritmoaren azpitik. Dena den, datu horiek, oro har, bat datoz urte hasierarako espero zen agertokiarekin. Nafarroako Gobernuak iazkoa baino hazkunde apalagoa aurreikusi du aurten, %1,8 ingurukoa —%2,3koa izan zen iaz—, eta %2,1ekoa datorren urtean. Finantza erakundeek %1,6 eta %2,1 arteko hazkundea espero dute aurten.

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilari Jose Luis Arastik adierazi duenez, lehen hiruhilekoko datuak aurreko bi hiruhilekoetakoen antzekoak dira, eta horrek erakusten du Nafarroako ekonomia gai dela nazioarteko testuinguru «gero eta ziurgabeagoari» erantzuteko.

Horren harira, azpimarratu du Nafarroa «euroguneko herrialde nagusien gainetik» hazten ari dela, «haiek batez beste %1etik behera ari dira» eta. Hala ere, zehaztu du Nafarroako Gobernua datuak «etengabe» aztertzen ari dela, «aldaketa esanguratsuren bat» balego «koadro makroekonomikoaren berrikuspen berezia» egiteko.

Kontsumoa eta zerbitzuak

Datu zehatzagoen faltan, Nafarroan aurtengo lehen hiruhilekoko hazkundearen oinarrian barne eskaria eta zerbitzuen sektorea daude berriro ere; arlo horiek eusten diote ekonomiari, eta eraikuntzan ere portaera egonkorra antzeman dute.

Elementurik ahulena, beste behin, kanpo merkataritza izaten ari da: urteko lehenengo bi hilabeteetan esportazioek %14,9 egin dute behera iazko epe berekoekin alderatuta, eta inportazioak ere apaldu dira, %6,5.

Esportazioen jaitsiera handi horrek eta ekonomiaren moteltze zantzuek oro har lotura zuzena dute industriaren bilakaerarekin, Nafarroako BPGan %31ko pisua baitu sektore horrek. Nastatek martxoko industria produkzioaren indizea oraindik kaleratu ez badu ere, otsailekoan %8,3ko beherakada erregistratu zuen, iazko hil berekoarekin alderatuta.

Industria sektorean, enpresa bat nabarmentzen da beste guztien gainetik: Volkswagen. Landabengo fabrika auto elektrikoetara egokitzeko trantsizio betean dago, eta horrek ekoizpen erritmoak moteldu ditu. Horri gehitu behar zaio sektoreak oro har Europan bizi duen ahultasuna eta Alemaniako industriaren geldialdiak hornidura katean duen eragina.

«Erantzuteko gai»

Arastik Volkswagenen Nafarroako lantegiaren egoera ere izan du mintzagai. Gogoratu du konpainiak datorren urterako aurreikusi duela lehengo ekoizpen kopuruetara itzultzea eta 1.000 lanpostu inguru sortzea.

Iaz ere Volkswagenen trantsizioaren ondorioak nabaritu zituen Nafarroako ekonomiak, autogintzaren produkzioa %10,3 murriztu baitzen. Metalgintza, berriz, %3,9. Beste alor batzuek, aldiz, dinamismoz jardun zuten, hala nola elikagaien industriak (+%2,1), papergintza-zurgintzak (+%3,5) eta energiaren sektoreak (+%11,9). Dena den, atzerrian %5,3 gutxiago saldu zuten enpresek.

Arastiren arabera, nazioarteko testuingurua «ez da erraza», besteak beste Irango gerrak eta beste tentsio geopolitiko batzuek energien prezioetan izaten ari diren eraginagatik. Hala ere, haren ustez, Nafarroako ekonomia «erantzuteko gaitasun handia erakusten ari da». Eta alor politikoan ere etxeko lanak egiten ari direla nabarmendu du: Nafarroa «zor txikiena duen [Espainiako] erkidegoa» dela gogoratu du, eta Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioari esker 2024ko superabita erabiltzeko aukera izango duela, «susperraldi ekonomikoan lagungarria izango dena».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA