EAEko ekonomiak hazkundearen erritmoari eutsi dio lehen hiruhilekoan

Iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %2,2 handitu da BPGa, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, %0,5. Eustatek emandako datuaren arabera, 12.000 lanpostu sortu dira urtebetean.

Etxebizitzak eraikitzen Bilbon. Eraikuntzak eta zerbitzuek bultzatu dute ekonomia, Eustaten arabera. LUIS TEJIDO / EFE
Etxebizitzak eraikitzen Bilbon. Eraikuntzak eta zerbitzuek bultzatu dute ekonomia, Eustaten arabera. LUIS TEJIDO / EFE
joxerra senar
2026ko apirilaren 17a
11:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ziurgabetasunak eta Irango gerrak ez dute oraingoz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia galgatu. Eustatek lehen hiruhilekoko datuak aurreratu ditu, eta eutsi egin dio iragan urte amaierako hazkunde erritmoari, batik bat eraikuntza eta zerbitzu sektoreek bultzatuta. Urtarriletik martxora bitartean, %0,5 handitu da EAEko ekonomia, aurreko hiruhilekoko datuarekin alderatuta. 

Era berean, iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %2,2 handitu da barne produktu gordina urtarriletik martxora bitartean. Kontuan harturik urritik abendura arteko epean %2,4 handitu zela, urte arteko datu horrek islatzen du moteltze moduko bat. Eustatek ekainaren 5ean kaleratuko ditu orain aurreratutako informazioaren behin betiko datuak.

Ekonomiak enplegua sortzen jarraitzen du. Orotara, urtebetean 12.000 lanpostu inguru sortu dira, eta enplegua %1,3 handitu da urtarriletik martxora, iazko epe bereko datuekin alderatuta. Urritik abendura arteko epearekin alderatuta, berriz, enplegua %0,2 handitu da. Lan munduko datuak erakusten du lanpostuen sorrera apur bat moteldu dela, iazko azken hiruhilekoan %1,4 handitu baitzen enplegua. 

Moteltze zantzu horiek industriaren bilakaerari erantzuten diote. Eustatek martxoko industria produkzioaren indizea oraindik kaleratu ez badu ere, otsailekoan indizea %0,2 beheratu zen, iazko datuarekin alderatuta. Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen ekoizpena %4,6 jaitsi zen —farmazia, elikagai eta garbiketa produktuak eta jantziak— eta bitarteko ondasunen ekoizpena, %1,7 —metalgintza eta kimika—. Aitzitik, ekipo ondasunen produkzioa —autogintza, trengintza eta aeronautika— %1,7 igo zen otsailean, eta energiaren produkzioa —argindar ekoizpena eta petrolioaren fintzea—, %1,9. Ikusi beharko da martxoan zer eragin izan duen Irango gerrak atal horretan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA