Etxebizitzen salmenta %18 handitu da azken urtean

Prezioak 2007ko markara itzuli dira EAEn, baina oraindik %15 merkeago daude Nafarroan.

Herritar bat etxebizitzen iragarkiei begira, Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Herritar bat etxebizitzen iragarkiei begira, Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2025eko abuztuaren 5a
13:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Bero dago etxebizitzen merkatua askorentzat, eta beroegi beste batzuentzat. Azken urteetako prezioen gorakadak ezinezko helburua bilakatu du etxebizitza bat erostea herritar askorentzat, baina ez denentzat. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, urteko lehen seihilekoan 16.959 etxebizitza salerosi dira Hego Euskal Herrian, iaz baino %18 gehiago. Kopururik handiena da 2007an etxebizitza merkatuak goia jo zuenetik.

Prezioak ere orduko mailara gerturatzen ari dira, bizkor gainera. INEk irailean emango ditu 2025eko lehen erdiko datuak, baina lehen hiruhilekoan dagoeneko %2 beherago baizik ez zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 2007an baino %15 merkeago daude oraindik.

Nolanahi ere, kontuan hartu behar da horiek batez besteko prezioak direla, eta gerta daiteke auzo, herri eta hiri batzuetan dagoeneko gainditu izana 2007ko markak, eta beste batzuetan, eskari gutxiago dagoelako, oraindik urrun egotea. 

Eta bada aintzat hartu behar den beste kontu bat ere: soldatak, orokorrean noski, 2007koak baino handiagoak direla eta, hortaz, garai hartan etxebizitzak are garestiago zeudela proportzionalki. 

Hipotekak, %93tan

Badira etxeak inbertsio gisa erosten dituzten herritarrak, eta badira merkatu horrekin negozioa egiten ari diren funtsak. Baina bada datu bat erakuts dezakeena saldutako etxebizitzen zati handi bat bertan bizitzeko dela: hipotekena. Maiatzera arteko datua eman du INEk, eta horrek dio urteko lehen bost hilabeteetan 13.097 hipoteka izenpetu direla Hegoaldean. Tarte horretan salerositako etxebizitzak 14.090 dira, betiere INEren arabera. Ondorioa da erosleen %93k bankuen finantzaketa eskatu dutela bizitegiaz jabetzeko.

Bankuak ere horren berri ematen ari dira. Hego Euskal Herrian kuotarik handiena duen bankuak, Kutxabankek, 2024ko lehen erdian baino %42 diru gehiago mailegatu du aurtengoan hipoteken bitartez. Are gehiago handitu du atal hori Laboral Kutxak: %49 gehiago utzi du hipoteketan.

Etxe berri gutxiago

Etxebizitza merkatuak gero eta antza handiagoa dauka burbuilaren garaikoarekin, baina badira aldeak orduko egoeraren eta oraingoaren artean. Batetik, orduan etxebizitza asko eraiki ziren, baina prozesua motelago doa orain. 2007an, salerositako etxebizitzen %47 izan ziren lehen eskukoak, eta portzentaje horri edo handiagoei eutsi zitzaien 2012ra arte. Ordurako burbuila lehertuta zegoen, eta salmentak amildu egin ziren, baina eraikuntzaren boomaren garaian eraikitako etxe asko geratzen ziren saltzeko.

Aurtengo lehen sei hilabeteetan, berriz, 3.693 etxebizitza berri salerosi dira Hegoaldean. 2013ra egin behar da atzera antzeko kopuru bat ikusteko, baina, hala ere, saldutakoen %21,8 baizik ez dira izan. Gainontzeko 13.266ak (%78,2) bigarren eskukoak dira. Horien salmenta %18,5 handitu da, eta etxe berriena, berriz, %16,1.

Asko jaitsi da babes ofizialeko etxebizitzen eskaintza ere. Urtarriletik ekainera 1.694 izan dira, iaz baino %16 gehiago, baina salerositakoen %10 eskas. Duela hogei urte, %15 ziren, eta maila horretan izan ziren hainbat urtez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.