Europako trenak lehiakorrago egiteko proiektu baten buru izan nahi du Talgok, eta horri bultzada emango dio Eusko Jaurlaritzak. Hain justu, gaur aurkeztu dute Basq Train 35 proiektua, zeinak helburu duen Europako abiadura handiko trenak (AHT) eraginkorrago izatea eta herrialde guztietan ibil daitekeen AHT bat garatzea.
Izan ere, Europako trenak guztiak ez dira berdinak gaur egun, eta ezberdintasunak daude herrialde batetik bestera. Adibidez, Espainian eta Portugalen iberiar zabalera dute trenek, 1,668 metrokoa; Frantzian, berriz, trenak berrehun milimetro estuagoak dira gutxi gorabehera, eta Europako zabalera estandarra erabiltzen dute han. XIX. mendean egin zituzten horrela trenak eta trenbideak, herrialdeetako orografia kontuan hartuta. Baina teknologiak aurrera egin du, eta, adituen arabera, sistema horiek bateratu daitezke jada.
Ingeteam enpresaren Zamudioko egoitzan egin dute aurkezpen ekitaldia, enpresa hori arduratuko baita sistema berriak garatzeaz. Han izan dira Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, Jose Antonio Jainaga Talgoko presidentea, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusia, besteak beste. Oro har, zabaldutako oharrean nabarmendu dute proiektuak Europako sistema eraldatzeko asmoa duela: «Europako trenak estatuko merkatuetarako ekoizten dira, eta horrek herrialde batetik bestera mugitzea zailtzen du, eta ekoizpen kostuak garestitu».
«Proiektu hauek dira Euskadi 2030 plana errealitate egiten dutenak. Gaur egun Europaren lehiakortasuna kolokan dago AEBen eta Txinaren aurrean. Guk industria gehiago eta Europa gehiago nahi dugu, eta proiektu honek ederki lotzen ditu gure industria eta Europakoa. Talgoren lidergoarekin, Europako zenbait lurraldetan zehar mugituko diren abiadura handiko trenen belaunaldi berria garatuko da Euskadin», adierazi du Jauregik.
Hain zuzen, Euskadi 2030 industria planaren barruan, lidergo pribatua izango duen zortzigarren proiektua izango da Basq Train 35. Eusko Jaurlaritzak 105 milioi euro jarriko ditu horretarako datozen hiru urteetan, eta horietatik 78 milioi euro I+Grako erabiliko dira. Aurreikusi dute proiektuak 140 lanpostu baino gehiago sortuko dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Erabakitzearen garrantzia
Industria sailburuak hemen erabakitzearen garrantzian jarri du azpimarra: «Erabakiguneak Euskadin daudenean, industriak ez du ekoitzi bakarrik egiten; erabaki, ikertu, teknologia garatu eta berritu egiten du». Erantsi du errotze hori «oinarrizkoa» dela bertako industriak nazioarteko merkatuetan lehiatzeko eta indarra hartzeko.
«Tren eraginkorragoez, material berriez, digitalizazioaz eta mugikortasun iraunkorreko irtenbideez ari gara. Eta garrantzitsua da ezagutza hori nondik garatuko den ere, erabaki horiek non hartuko diren eta gure gazteek zer aukera aurkituko dituzten. Bizkaitik, Euskaditik, Europa osoan erabiliko diren teknologien garapenean parte hartu nahi dugu», esan du Etxanobek, bide beretik.
Zehazki, proiektuak asmoa du trenetan trakzio banatuko sistemak garatzeko eta trenen monitorizazioan aurrerapausoak emateko. Azaldu dute helburuak direla, beste batzuen artean, trenen energia eraginkortasuna hobetzea, pisua murriztea, eta abiadura handiko trenen espazioa eta mantentze lanak optimizatzea.
«Ekimen honen bidez, sistema osoa trakzionatuko duten konpromisoak hartuko ditugu, konpromiso zehatz eta neurgarriak, hala nola gure trenen abantaila handitzea energia eraginkortasunari dagokionez, gaitasun handiagoak bultzatzea industrializazio aurreratuaren eta AAaren bidez, moldakortasuna berritzea munduko hainbat herrialdeetan ibili ahal izateko, erabiltzailearen esperientzia hobetzea, eta monitorizazio adimentsuaren bidez mantentze prediktiboko eta digitalizazioko sistemak ezartzea», zehaztu du Jainagak.
Gaineratu dute proiektuak EAEko hamabi enpresa bultzatuko dituela, horietatik hamar enpresa txiki eta ertainak. Mafex Espainiako burdinbide ekipoen klusterraren laguntza ere izango du, eta Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko hainbat zentro teknologiko ere inplikatuko dira proiektuan, CEIT buru dela.