Gero eta gertuago dago Ibermaticaren kontrol gunea Euskal Herrira itzultzea. Informatika zerbitzuen enpresa hori erosteko asmoz osaturiko euskal partzuergoak haren salmenta negoziatzeko esklusibitate akordio bat lortu du Ayesa Espainiako ingeniaritza konpainiarekin, oraingo haren jabearekin. Eusko Jaurlaritzak, BBK-k eta Indar Kutxabanken funtsak osatzen duten partzuergoak hilabete bukaera arteko tartea du esku aldaketaren baldintzak lasai negoziatzeko, Ayesak momentuz bazter utzi baititu mahai gainean zituen beste eskaintzak.
Ibermaticak gaur egun 2.000 langile ditu Euskal Herrian eta Ayesaren IT adar teknologikoaren barnean dago. Euskal partzuergoak adar teknologiko oso hori erosteko asmoa du, eta, azken hilabeteetan zabaldu denez, Ayesak uste du 500 milioi euro inguru balio duela. Konpainiak 2022an erosi zuen Ibermatica, eta bere garaian 160 milioi euro ordaindu zuen. Hori bai, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak zehaztu du Ayesa IT Ibermatica bakarrik baino «askoz handiagoa» dela, eta «arrakasta handiko konpainia bat» dela.
«Atzerriko funtsen batek operazioan sartzeko interesa badu, primeran; baina gure premisa argia da: enpresaren erabakigunea eta kontrola hemen geldituko dira»
MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua
Enpresaren errotzea bermatzeko negoziazio prozesu bat da, Ayesak —AMCE funts britaniarra da akzioen %70en jabe— bere adar teknologikoa salgai jarri zuenean atzerriko hainbat funtsek eskaintzak egin zituztelako. Besteak beste, Blackstone, HIG eta CapVest funtsek eskaintza egiteko asmoa plazaratu zuten. BBK-k hartu zuen euskal partzuergoaren lema, baina aliatu garrantzitsuak aurkitu zituen: Eusko Jaurlaritza eta Kutxabank, Indar funtsaren bitartez. Halaber sailburuak goratu egin du Jose Luis Manzanares Ayesa ITren egungo zuzendari nagusia integrazioaren alde lan egiten ari dela.
BBK-k eta Indarrek, ehuna milioi euro
Eta zenbat diru jarriko du hanka bakoitzak? Jauregiren arabera, BBK-k eta Indarrek ehuna milioi euro jarriko dituzte, eta Jaurlaritza izango da beste guztia jarriko duen «komodina». Azaldu du bazkide berriak lortzen saiatuko direla, eta haien inbertsioaren araberakoa izango dela Jaurlaritzak jarriko duen kopurua. Balizko bazkide berrien bila jarrita, Gipuzkoara begira jarri da sailburua, Ibermaticak bertan zuelako egoitza nagusia. Kutxa Fundazioaren aukeraren inguruan galdetuta, «ongi etorria» litzakeela esan du: «Guztiak dira ongi etorriak koadrila honetan, batez ere konpromiso maila hain handia duen koadrila batean eta hainbesteko garrantzia duena Donostian eta Gipuzkoan».
Balizko bazkide horren araberakoa izan daiteke Ayesa ITren egoitza Bizkaian edo Gipuzkoan egongo den, baina Jauregik esan du oraindik goziegi dela: «Gauzak horiek apurka apurka erabakiko ditugu, baina lehenbizi ikusi behar dugu zein izango den behin betiko akziodun multzoa». Etxeko bazkideak lehenetsiko dituzte, baina ez diete atea itxiko atzerrikoei, beti ere erabaki gunea «Euskadin» mantentzen bada. Jauregi oso argi mintzatu da gaiaz: «Atzerriko funtsak badatoz, primeran, baina gure premisa argi dago, enpresaren erabakigunea eta kontrola hemen gelditu behar dira».
Aurrezki kutxen fruitu
Oso esanguratsua da BBK fundazioak eta Kutxabankek erosketa saioan parte hartzea. Izan ere, Ibermatica orduko aurrezki kutxek eta tokiko industriak sustatuta sortu zuten, 1973an, Donostian. Informatikako zerbitzuak eskaintzea zen asmoa, eta haren hedapenaren eskutik hedatu zen Ibermatica ere, milaka langile izateraino.
2013an, Kutxabank taldeak enpresaren kontrola ProA Capital funtsaren esku utzi zuen —%15 gorde zuen—, eta 2022an, berriz, Espainiako Ayesa enpresak bereganatu zuen. Garai hartan enpresak 4.750 langile zituen, eta horietatik bi mila inguru zeuden Euskal Herrian. Donostiako Miramongo parke teknologikoan du egoitza nagusia, eta iaz han bertan zibersegurtasun zentro bat jarri zuen, Euskal Herriko handiena.
Â