Atzerriko konpainia baten esku geratutako beste enpresa baten kontrola Euskal Herriratzeko beste saio bat abian dago. Oraingo honetan, Ibermatica enpresa berreskuratu nahi dute, eta BBK da operazio horren buru. Baina banku fundazioak aliatu garrantzitsuak lortu ditu saio horretarako: Eusko Jaurlaritza eta Kutxabank, Indar funtsaren bitartez.Â
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak baieztatu egin du gaur goizean Jaurlaritzak operazioan parte hartuko duela. «Eskaintza bat egin dugula baieztatu dezaket. Itxaropentsu gaude, baina beste eskaintza batzuk jaso dituzte, eta ikusiko dugu», esan du Jauregik, Enpresabidea agerkari digitalak antolatutako ekitaldi batean, Noainen (Elortzibar, Nafarroa). Hark azaldu du Kutxabankek ere dirua jarri duela Ibermaticaren kontrola berreskuratzeko, baina ez du kopururik aipatu.Â
Eskaintza 500 milioi eurorena izango zela iragarri zuen Expansion egunkariak, duela aste batzuk operazioaren berri eman zuenean.Â
Aurrezki kutxen sorkuntza
Oso esanguratsua da BBK fundazioak eta Kutxabankek erosketa saioan parte hartzea. Izan ere, Ibermatica orduko aurrezki kutxek eta tokiko industriak sustatuta sortu zuten, 1973an, Donostian. Informatikako zerbitzuak eskaintzea zen asmoa, eta haren hedapenaren eskutik hedatu zen Ibermatica ere, milaka langile izateraino.
2013an, Kutxabank taldeak enpresaren kontrola ProA Capital funtsaren esku utzi zuen —%15 gorde zuen—, eta 2022an, berriz, Espainiako Ayesa enpresak bereganatu zuen. Garai hartan enpresak 4.750 langile zituen, eta horietatik bi mila inguru zeuden Euskal Herrian. Donostiako Miramongo parke teknologikoan du egoitza nagusia, eta iaz han bertan zibersegurtasun zentro bat jarri zuen, Euskal Herriko handiena.
Ayesaren barruan, Ayesa IT izeneko atalean integratuta geratu zen Ibermatica, eta hura da orain salgai jarri dutena.Â
Ibermaticaren garrantzia nabarmendu du Jauregik. «Oso enpresa garrantzitsua da, ez soilik sustraiak Euskadin dituelako, baizik eta hegoak ireki dituelako munduan zehar zabaltzeko». Eskaintzaren bitartez konpainiako langileei «lasaitasuna» eman nahi dietela nabarmendu du Jauregik, eta garaile izanez gero, zabaltzeko asmoei eutsiko diela gaineratu du.Â
Â
Â
Â