Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiarentzako aurreikuspenak berritu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta hazkunde iragarpenak ez dira aldatu irailean egindakoetatik. Horrela, erkidegoko barne produktu gordinak %2,2ko hazkundearekin itxiko duela 2025a kalkulatu du gobernuak, eta hurrengo urterako ekonomia pixka bat gutxiago, %1,9, haziko dela aurreikusi du. 2027an BPGa %1,6 handituko litzateke.Â
«Urte osoan mantendu da hazkunde sendo eta egonkorra, nahiz eta nazioarteko testuingurua ziurtasunik gabekoa izan», nabarmendu du Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak.
Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, amaitzear den urte honetan 14.000 enplegu inguru sortu ditu ekonomiak oro har Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 11.000 lanpostu gehiago sortuko dira geurtz. Ondorioz, aurten langabezia %6,6ra apalduko da, eta gehiago txikituko da 2026an, %6,4ra.Â
Jaurlaritzaren hazkunde iragarpenetan, zehazki, pisu handia izan dute barne eskariaren, kontsumoaren eta inbertsioaren sendotasunak. Bide horretan, etxebizitzen kontsumoa, enpleguaren eta inflazioaren bilakaera onak lagunduta, handituz joango dela uste dute: aurten, %2,7, eta, 2026an, zerbait gutxiago, %2,1. Hala ere, inbertsioa izango da eskariaren osagairik dinamikoena, %3,8ko handituko baita aurten, eta %3,1 datorrenean.Â
Aldiz, nazioarteko merkataritzaren ahuleziaren eta muga zergen inpaktuaren ondorioz, kanpo sektorearen ekarpena (esportazioak) murriztu egingo da aurten (-%0,6) eta geurtz (-%0,4), eta baita 2027an ere (-%0,3).Â
Industria
Hazkundeari sektoreka begiratuta, zerbitzuen eta eraikuntzaren alorrak dira dinamikoenak, baina, Torresen arabera, industria suspertze mailakatua antzematen hasi da; %0,3 handituko da aurten, %1 2026an eta %1,5 2027an. Eraikuntza %3,6 haziko da aurten, eta %2,7 datorren urtean.Â
Torresek azaldu du bere ustez zergatik diren Espainiako hazkunde datuak hobeak gaur egun: «Bai euskal ekonomiak eta bai Espainia osokoak hedapen sendoa erakusten dute, eta Europako batezbestekoaren gainetik daude. Euskadik per capita errenta handiagoa eta industria sare indartsuagoa du, baina hazkunde globala Espainiako batezbestekoa baino txikixeagoa izan ohi da, batez ere turismoak eta antzeko sektoreek hazkunde nazionala asko bultzatzen dutenean».