«Hazkunde bide egonkor bati eusten ari zaio euskal ekonomia». Hala baieztatu du Mikel Torresek, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia sailburuak aurreikuspen makroekonomikoen aurkezpenean. Haren arabera, barne eskariaren sendotasuna izango da jardueraren bizkortzearen oinarri. Izan ere, etxeetako kontsumoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia hauspotuko du enpleguaren sorrerari eta erosteko ahalmena hobetzeari esker.
Enpleguaren arloan, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak baikorrak dira: 2026an %1,1 haziko da enplegua, eta 2027an, berriz, %0,9. Horri esker, 20.000 lanpostu sortuko dira datozen bi urteetan, eta langabezia apaldu egingo da. Zehatz esanda, %6,5 izango da langabezia tasa 2026an, eta %6,2raino apalduko da 2027. urterako.
Erosteko ahalmenari dagokionez, soldatak inflazioaren gainetik hazi dira, eta aurrera jarraituko duen suspertzearen erakusle da bilakaera hori, Torresen aburuz. Langile bakoitzeko soldata kostu arrunta %4,6 igo zen lehen hiruhilekoan, KPIaren gainetik. Datu horiek agerian uzten dute «Euskadiko ekonomiaren erresilientzia», lehendakariordearen esanetan.
Finantzaren arloan inbertsioak hazten jarraituko duela baieztatu du, baina erritmo apalean, Europako funtsei loturiko proiektu batzuk amaitu direlako eta finantza baldintzak gogortu direlako, Torresek azaldu duenez. Kanpo sektorean ikusten dira zailtasunik handienak, eta horrek bete-betean eragiten dio industriari: esportazioen ahultasuna eta ziurgabetasun globala dira faktorerik erabakigarrienak.
Hala ere, 2027tik aurrera industria pixkanaka sendotuko dela aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak, eta baldintza bakarra aipatu du Torresek: Europako egoerak suspertze hori sendotzea. Horrekin lotuta, zerbitzuen sektoreak garrantzi handia izango du aurrerantzean ere, dinamismoa ziurtatu eta enplegua sortzen jarraitzeko.