Tubos Reunidosen «alferrikako beste erreskaterik» ez egiteko eskatu du Eusko Jaurlaritzak

Jauregi sailburuak gogoratu du enpresak 2021ean 112 milioi euroko laguntza publikoa jaso zuela eta, hala ere, ez duela zorra txikitu.

Mikel Jauregi Industria sailburua, Eusko Jaurlaritzaren industria planaren aurkezpenean, iazko ekainean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Jauregi Industria sailburua, Eusko Jaurlaritzaren industria planaren aurkezpenean, iazko ekainean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko otsailaren 4a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erakunde publikoak laguntzeko prest daude, baina baldintzekin. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik adierazi du «konfiantza» duela Tubos Reunidosen etorkizuna bermatuko duen «industria proiektu sendo bat» adostea lortzeko, hartara Amurrioko eta Trapagarango lantegietan enpleguari eusteko eta, modu horretara, 2021ean egindakoaren gisako «alferrikako erreskaterik» ez egiteko. Orduan, Espainiako Gobernuak erreskatatu zuen, SEPIren laguntzarekin, 112 milioi euro sartuta. Orain, halakorik ez egitea espero du Jauregik, «ez bada Inbertitzaile pribatuekin lankidetzan».

Jordi Hereu Espainiako Industria ministroa ere mintzatu da gaur Tubos Reunidosen egoerari buruz, eta esan du Espainiako Gobernuak «modu proaktiboan» eta «Jaurlaritzarekin batera» lagunduko duela enpresaren «ekoizpen ahalmenari eusteko». Hereuk adierazi duenez, krisian dauden enpresei «laguntza finantzarioa emateaz gain, merkatuen eta produktuen dibertsifikazioan eta eraldaketa industrialean ere lagundu ahal zaie».

Tubos Reunidosek joan den astean iragarri zuen kaleratzeak egingo dituela Amurrioko (Araba) planta nagusian —850 langile ditu han—, eta baita Trapagarangoan ere (Bizkaia) —350 langile—, baina oraindik ez du zehaztu zenbat laguni eragingo dien neurriak; gutxienez %10 inguru direla uste dute sindikatuek.

Kaleratzeak, «duinak eta zentzuz»

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean eta Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi batean, Jauregik enpresako zuzendaritzari, langileei eta erakundeei dei egin die «bideragarria izango den eta inbertitzaile pribatuak sartzeko modua emango duen» proiektu baten inguruan adostasuna lor dezaten. Jaurlaritzak berak bakarrik operazioan parte hartzea baztertu du. «Guk bakarrik ez dugu diru publikoa sartuko. Inbertitzaile pribatuekin lankidetzan egin behar da hori».

Horrez gain, haren ustez, enpresaren bideragarritasuna bermatzeko enpleguaren arloan «berregituraketa bat» egin behar balitz, kaleratze horiek «ahalik eta duinen eta zentzurik handienarekin» egin beharko lirateke, «eragindako kaltea ahalik eta txikiena izan dadin».

Jauregik adierazi du Tubos Reunidos «enpresa estrategikoa» dela euskal industriarentzat, baina egoera zailean dagoela, hura eta hodi ekoizleen azpisektorea oro har. «Egoera oso zaila da, AEBetako merkatu itxita geratu baita». Zehazki Tubos Reunidosi buruz nabarmendu du «50 milioi euroko balioa duela, baina ia 250 milioi euroko zorra». Horri aurre egiteko 2021ean Espainiako Gobernuak emandako diru laguntza ezbaian jarri du. «Lau urte igaro dira eta enpresaren zorra gizendu baino ez da egin». Gisa horretako erreskateekin oso kritiko agertu da. «Jatorrian industriaren salbamendurako izan zirenak aingura bihurtu dira, eta proiektu batzuk itsas hondora eramaten ari dira».

Bestalde, enpresak iragarritako erregulazio espedientearen aurka sindikatuek iragarri dituzten greben harira, sailburuak adierazi du «norberak bere eskubideak erabiltzeko askatasun osoa» duela, baina zalantzan jarri du horrek lagunduko ote duen enpresarentzat etorkizuneko irtenbide bat bilatzen.

Sindikatuek bi lanuzte iragarri dituzte: lehenengoa hilaren 9rako, zuzendaritzarekin bilera egingo duten egunerako —orduan jakingo dute zenbat langile kaleratu nahi dituen enpresak—, eta bigarrena otsailaren 13rako, langileak Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bilduko diren egunerako. Espedientearen negoziazioei begira, mahai bakarrean bilduko dira zuzendaritza eta bi lantegietako enpresa batzordeak. Sindikatuek hamahiru kideko negoziazio talde bat osatu dute: bost ordezkari izango ditu ELAk, hiru UGTk, bi CCOOk, beste bi LABek eta bat ESK-k.

Langileak kaleratzeko «aitzakiak» 

Komunikabideetara bidalitako ohar batean, ESK-k Tubos Reunidosek proposatutako erregulazio espedientearen aurkako «jarrera irmoa» azaldu du, eta enpresari egotzi dio «laguntza publikoak modu sistematikoan baliatzea, inolako etikaren arrastorik gabe». Sindikatuaren esanetan, «Tubos Reunidos Espainiak eta Eusko Jaurlaritzak babes berezia eman dieten enpresetako bat da oraindik ere; ehunka milioi euro jaso ditu diru publikotik, dela ICOren edo SEPIren kredituen bidez —aurretiazko iturgintza lanak baliatuz—, askotariko diru laguntzen bidez, langileen langabezia prestazioak xurgatuz, edo enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak bata bestearen atzetik lotuz, are onura handiak izan diren urteetan ere».

ESKren arabera, onartezina da Tubos Reunidosen gisako enpresa batek «merkatuan izan daitekeen gorabehera bat aitzakia gisa erabiltzea lantaldearen zati bat kaleratzeko»; izan ere, sindikatuaren ustez, ziurra da gorabehera hori gainditutakoan langile horien ordez «azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta, oro har, enplegu prekarioa» erabiliko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA