Eusko Jaurlaritzak jada zabaldu du IBMren System Two ordenagailu kuantikorako sarbidea antolatzeko protokoloa

Iritsi da Donostiako superordenagailua berrikuntza aplikaturako erabiltzeko aldia. Hainbat euskal erakunde eta enpresa zain daude jada, ordenagailuan beren erabilera kasuak noiz konputatuko.

Juan Ignacio Perez Iglesias, Mikel Jauregi eta Javier Aizpurua gaur, Donostian, IBMren System Two ordenagailua hartzen duen Ikerbasqueren eraikinean. JUAN HERRERO  /EFE
Juan Ignacio Perez Iglesias, Mikel Jauregi eta Javier Aizpurua gaur, Donostian, IBMren System Two ordenagailua hartzen duen Ikerbasqueren eraikinean. JUAN HERRERO /EFE
Irune Lasa.
2026ko uztailaren 6a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zentzuzko galdea, jakintzaren erdi partea; hala zioen Francis Bacon filosofoak XVI. mendean. Eta baieztapen hori egia da gaur egun ere, hala zientzian nola enpresa munduan.

Galdera egokiak egitea da erantzun egokiak aurkitzeko modurik eraginkorrena, konputazio kuantikoan ere bai. Bit kuantikoak baliatzeak aukera ematen du orain arte gauzatzeko ezinezkoak ziren soluzioak aurkitzeko oinarrizko zientzian, eta baita enpresen arloan ere. Konputazio kuantikoaren teknologia hastapenetan dago, baina aurrera doa urratsez urrats, eta litekeena da berrikuntza disruptiboa ekartzea hainbat arlotara.

Baina, horretarako, asmatu behar da superordenagailu kuantikoei galdera egokiak egiten, hots, algoritmo kuantikoak behar bezala osatzen. Eta jakina, galderak egiteko aukera behar da, konputagailu kuantiko baterako sarbidea, alegia.

Bada, euskal erakundeek eta enpresek ahalmen hori izango dute gaurtik,  IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoari esker. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu du munduko konputagailu kuantiko aurreratuenetako baterako sarbidea garden antolatzeko protokoloa.

Izan ere, dagoeneko ilara dago System Two ordenagailuaren konputazio ordu preziatuak baliatzeko, Javier Aizpurua BasQ estrategiaren zuzendariak azaldu duenez. Konputagailurako sarbide protokoloa abiatzea «mugarri bat» da, haren ustez, eta gogora ekarri du duela bi urte eta erdi hasitako bidea.

Bitarte honetan, IBMren konputagailua Donostiara iritsi da eta, batetik, oinarrizko zientziarako lagungarri bihurtu da; bestetik, ordenagailuaren bitartez, hainbat pertsonari formakuntza eman diete algoritmia kuantikoan. Eta orain, Aizpuruak azaldu duenez, berrikuntzarako jauzia iritsi da, eta superordenagailua berrikuntza aplikatuaren zerbitzura jarriko da, erakundeen eta industriaren eskura.

700

Zenbat lagun trebatu dituzten algoritmia kuantikoan. Enpresek ez dute ordenagailurako sarbidea soilik izango lagungarri, baizik eta baita BasQ estrategiaren ekosistema ere; besteak beste, zazpiehun bat lagun trebatu dituzte laguntza eta zerbitzua emateko algoritmia kuantikoan. Zerbitzu horiek hizpide hartuta, halakoen sektore bat osa daitekeela ere iradoki dute Eusko Jaurlaritzako sailburuek gaur.

«Protokoloaren bidez, handitu egingo dugu Euskadiko ordenagailu kuantikoan erabilera kasuak garatuko dituzten eragileen sarea», esan du Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, eta, argitu duenez, nahi dute erabilera horiek bat egitea Euskadi 2030 zientzia eta berrikuntza planarekin eta Berrikuntzaren Itsasargiekin —Industria Sailarekin elkarlanean ezarritakoak dira bigarrenak—. Era berean, azaldu du BasQk laguntza emango diela eragile horiei, «beren sareko bazkide zientifiko eta teknologiko egokienak aurkitu» ditzaten.

Ferrariaren giltza

Hain zuzen, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak azpimarratu du «azpiegitura aitzindari» horrek aukera emango diola industriari abangoardian kokatzeko, eta protokoloa zabaldu duten honetan, uste du «euskal industriaren txanda» dela orain. «Ferrariaren giltza» izango duten enpresek ordenagailu kuantikoaren gaitasunak balia ditzaten «lehiakorrago izateko eta hurrengo mailara jauzi egiteko».

Horrem harira, Jauregik enpresei eza die tresna, IBMren konputagailua, galdera kuantikoak egiteko baliatu behar dutela, horrela enpresa bakoitzak modua izango baitu dagozkion erronketarako eta apustuetarako irtenbideak bilatzeko. Konputazio kuantikoan dagoeneko antzematen da galdera edo erabilera kasu horiek oso baliagarriak bihurtu daitezkeela hainbat alorretako jakintza zabaltzeko, hala nola optimizaziorako —adibidez, logistikan eta garraioan—, simulazioetarako —material berriak diseinatzeko—, eta kriptografiarako eta zibersegurtasunerako.

PROTOKOLOAREN NONDIK NORAKOAK

Batzorde zientifiko eta teknologiko batek antolatuko du IBMren Donostiako ordenagailurako eragile eta enpresen sarbidea. «Lehentasuna izango dute lurraldean sustraitutako industriak eta EAEko sektore publikoko erakundeek». Sarbidea BasQrekiko lankidetza harremanaren parte izango da, betiere, eta eragileek konpromisoa hartuko dute ekosistema horri ekarpena egiteko. 

Eskabideak access@basquequantum.eus helbidera bidali beharko dira. Halakoak bideratzeko, eskatzailearen ezaugarriak hartuko dira kontuan, baita ekarpen zientifiko-teknologikoa, enpresa arlokoa eta industriala ere; erabilera kasuaren bideragarritasun teknikoa ere izango da irizpideetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA