Eusko Jaurlaritzaren jarrerak lehen sektorea haserretu du

Lehortearen ondorioak pairatzen ari dira baserritarrak, eta salatu dute erakundeen laguntza «eskasa» izan dela.

Baserritarren elkarretaratze bat, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean, uztailean. JUAN HERRERO / EFE
Baserritarren elkarretaratze bat, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean, uztailean. JUAN HERRERO / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haserre eta minduta daude Euskal Herriko baserritarrak. Lehorteak egoera larrian utzi ditu, eta salatu sute laguntza eske joatean Euskal Herriko administrazioek jarrera pasiboa agertu dutela. Lehortearen ondorioz, belardiak erabat kiskalita daude, eta bazka ekoizpena nabarmen murriztu da. Baserritarrek ez dute ur eta bazka nahikorik abereentzat; handitu egin dira haien jardunaren kostuak, eta horrek kolokan jarri du ustiategi askoren etorkizuna.

Baserritarren sindikatuek uda hasieran ekin zioten tokiko erakundeei laguntza eskatzeari. Eskariak argiak ziren hasieratik: diru laguntzak ematea eta bazka batera erosteko antolatzea —kostuak murrizteko eta likidezia faltarik ez izateko—. Baserritarren ustez, ordea, administrazioaren erantzuna ez da nahikoa izan, eta, beraz, haserrea nagusitu da lehen sektorean.

Bai Gipuzkoako EHNEko lehendakari Garikoitz Nazabal eta bai ENBAko koordinatzaile Xabier Iraola kexu dira Eusko Jaurlaritzaren jarrerari dagokionez; haien ustez, oraingoz ez duelako inolako konponbiderik proposatu. Nazabalen esanetan, erakundearen intentzioa «eskasa» izan da, eta jasotako erantzunak «lotsagarriak». Gainera, salatu du administrazioak egoera gutxietsi egiten duela: «Funtsean esan digute egoerari garrantzi handiegia ematen ari garela».

Bide beretik jo du Iraolak ere, eta esan du baserritar asko haserretu dituztela Amaia Barredo Nekazaritza sailburuaren hitzek. Azaldu duenez, «sailburuak behin baino gehiagotan adierazi du Euskal Herrian ez dagoela bazka faltarik, ezta lehorterik ere, eta horrek asko mindu ditu».

«Sailburuak behin baino gehiagotan adierazi du Euskal Herrian ez dagoela bazka faltarik, ezta lehorterik ere, eta horrek asko mindu ditu»

XABIER IRAOLA ENBAko koordinatzailea

Biek azpimarratu dute baserritar asko larri daudela, eta, erakundeen erantzunik eza dela eta, beren poltsikotik ari direla lehortearen ondorioak ordaintzen. Gainera, Nazabalek nabarmendu du lehen sektorea ahul dagoela klima aldaketaren ondorioz: «Lehen sektoreak ez du klima aldaketa eragin, baina, halere, haren ondorioak jasaten ari gara».

«Lehen sektoreak ez du klima aldaketa eragin, baina, halere, haren ondorioak jasaten ari gara»

GARIKOITZ NAZABAL Gipuzkoako EHNEko lehendakaria

Horiek horrela, Jaurlaritzaren «axolagabekeria» salatzeko, EHNEk elkarretaratze batera deitu du larunbat eguerdirako, Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean.

Jaurlaritzak jarrera aldatzen ez zuela ikusita, diputazioetara jo dute sindikatuek. «Haietan prestasun handiagoa sumatu dugu», azaldu du Nazabalek. Hain zuzen, azken asteetan bilerak egin dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiekin. ENBAkoek eta EHNEkoek adierazi dute administrazio horiek nolabaiteko konponbide baten bila ari direla, eta espero dutela datozen asteetan laguntza batzuk iragarriko dituztela. Mahai gainean dauden neurrien artean daude diru laguntza batzuk zuzenean ematea eta NPB Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzen ordainketa aurreratzea, baserritarrek likidezia izan dezaten.

Neurri ausartagoak

Hala ere, sindikatuek esan dute aldundien jarrera ez dela nahikoa, eta erakunde guztien erantzun bateratua eskatu dute —Jaurlaritzarena barne—.

Izan ere, ohartarazi dute neurri ausartagoak behar direla, lehortea ez dadin urtero berritzen den krisialdi bihurtu. Baserritar asko beldur dira ez ote diren halako egoerak gero eta maizago gertatuko klima aldaketaren ondorioz. Horregatik, premiazko laguntzez gain, epe luzerako neurriak ere eskatu dituzte.

Sindikatuen ustez, oraingo krisiak agerian utzi du lehen sektorea zein zaurgarria den horrelako gertakari meteorologikoen ondorioei aurre egiteko eta erakundeek zer ahalmen eskasa duten erantzuteko. Azpimarratu dute abandonatuta sentitzen direla, eta ohartarazi erakundeen erantzun eraginkorrak jaso ezean lehen sektorea arriskuan dagoela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA