Azpiegiturak

Forondako aireportua 24 orduz ariko da asteko egun guztietan

Gasteizko airportuak 2019an berrekin zion egun osoko jardunari, baina itxita egoten zen larunbat eta igande goizaldean. Maiatzaren 20an hasiko da ordutegi berriarekin. 

Forondako aireportua, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2021eko apirilaren 7a
11:50
Entzun

Forondako aireportuak etenik gabeko ordutegia izango du aurrerantzean: gauez eta egunez, 24 orduz, zabalik izango da asteko egun guztietan, eta eskuragarri egongo da salgaien nahiz bidaiarien garraiorako. 1980an ireki zenetik lehen aldiz izango du ordutegi osoan aritzeko baimena.

Gasteizko aireportuak 2019an berrekin zion egun osoko jardunari. Harrezkero, 24 orduz zabalik zegoen, larunbat eta igande goizaldean izan ezik. Orain, ordea, asteburuetan ere jardun ahal izango du: maiatzaren 20tik aurrera izango da, AENA kudeatzaileak aurreratu duenez.

Urte ilunak igaro ditu aireportuak, eta azpiegituraren etorkizuna zalantzan egon da behin baino gehiagotan, euskal administrazioek hura biziberritzeko hamaika ahalegin egin arren. Salgaien trafikorako erabilera indartzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak 1990eko hamarkadan, eta emaitza onak eman zituen. Baina AENAk ordutegia murriztea erabaki zuen 2012an: ordutegia erdira murriztu zitzaion, eta soilik gauez izan zen martxan. Horrekin batera, muga ikuskaritza izateko baimena galdu zuen, eta 2013an hondoa jo zuen bidaiari trafikoak.

Lau urtez izan zen hegaldi erregularrik gabe. 2017an berreskuratu zuen bidiarien garraioa, Ryanair konpainiaren eskutik. Urtetik urtera handituz joan da bidaiari kopurua, harik eta 2019an inoizko daturik onena erdietsi zuen arte: 174.024 bidiari guztira. Pandemiaren eraginez, ordea, kolpetik eten da hazkunde hori.

«Albiste ona»
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak eman du ordutegia aldaketaren berri. Itxasoren hitzetan, erabakia «historikoa» da, eta Espainiako Gobernuak salgaien garraiorako «azpiegitura kritiko» hori etengabe hobetzeko egindako lanaren emaitza da. «H-24a berreskuratzeko urrats honekin, Forondako aireportuak lehiakortasuna irabazten jarraitzen du. Horrez gain, terminala eta haren inguru guztia birmoldatzeko lanak martxan daude dagoeneko, eta, horri esker, aireportuak aurrera egin dezake. Hori oso garrantzitsua da pandemiaren osteko Euskadiren susperraldi ekonomikorako».

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere begi onez hartu du neurria. «Albiste ona» dela adierazi du, bai aireportuarentzat eta bai hiriarentzat. Etenik gabeko lan luze baten «fruitua» dela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.