Frantziako Gobernuak gastu publikoan iragarritako murrizketek atzeraldia eragin dute zenbait zerbitzuren kalitatean, azken asteetan herritarrek kalean salatu dutenez. Orain, herrialdea beste atzeraldi batean sartu dela iragarri du INSEE Frantziako estatistika institutuak: atzeraldi teknikoan. Izan ere, bigarren hiruhilekoz jarraian herrialdeko BPG barne produktu gordina apaldu egin da: -%0,2 hirugarren hiruhilekoan, institutuak berak aurreikusi zuena baino hamarren bat gehiago.
Jaitsiera bera izan zuen Frantziako barne produktu gordinak urteko lehen hiruhilekoan; bigarrenean, berriz, zifrak borobilduta bere horretan mantendu zen, INSEEk aitortu badu ere zertxobait jaitsi zela. Hirugarren hiruhilekoko datuekin, Frantziak are gehiago sakondu du aurten izaten ari den atzeraldi ekonomikoan, eta oso zaila du urte amaierarako hitzeman zuen helburuetako bat betetzea: herrialdeko ekonomia %0,5 haziko zela esan zuen Emmanuel Macron presidenteak, eta %1 datorren urtean.
Ekonomiaren jaitsiera baldintzatu duten faktoreen artean, INSEEk inbertsioak —%0,9 apaldu dira azken hiruhilekoan— eta kanpo merkataritza azpimarratu ditu, azken horretan esportazioak %1,6 murriztu baitira, eta inportazioak soilik %0,1 hazi. Horrez gain, produktu manufakturatuen ekoizpena ere %1,8 jaitsi da.
Murrizketak
Egoera ez da nolanahikoa, eta Frantziako Gobernuak murrizketa handiekin irauli nahi du: 2027ko aurrekontuetan 54.000 milioi euro aurrezteko plana iragarri du, defizit publikoa BPGaren %5,4tik %5era jaisteko. Hori lortzeko, Macronen administrazioak proposatu du, besteak beste, zenbait zerbitzu publikoren eta diru laguntzen gastuak kontrolatzea, horrek zerbitzu horien kalitatean eta herritarren erosahalmenean dakartzan ondorioekin. Hain zuzen, bi auzi horiek izan dituzte oinarrian azken asteetan Frantziako hirietan izan diren mobilizazioek.
Frantziak urteak igaro ditu ekoitzitakoa baino gehiago gastatzen; eta, ondorioz, bere zor publikoa 3,6 bilioi eurora hurbildu da, BPGaren %119 ingurura, eta defizita, berriz, %5,4 ingurura, Europako Batasunak eskatzen duen %3tik urrun. Gainera, 2027ko presidentetzarako hauteskundeak izango dituztela apirilean, eta inkesta gehienek Marine Le Pen RN Batasun Nazionaleko lider ultraeskuindarra gailentzea aurreikusten dute.