Herritarrek Frantziako hiriak hartu zituzten beste behin atzo, eta ozen plazaratu zuten nolako egonezina duten herrialdean: inflazioa gora doala, erosteko ahalmena geroz eta txikiagoa dela, eta hezkuntzan eta beste zerbitzuetan inbertsioa falta dela salatzen ari dira. Frantziako Gobernuak gastu publikoa murrizteko neurriak proposatu ditu aurrekontuetan, eta horrek haserrea handitu du herritarren artean.
Dena den, Parisen proposamenen atzean badago gai bat gobernua luzaz estutzen aritu dena: zor publikoa. Urtez urte pilatuz joan zaio zorra Frantziako Gobernuari, eta hori kitatzeko modurik aurkitu ezinean dabil. Jerome Mathis Paris Dauphine-PSL Unibertsitateko ekonomialariaren arabera, baina, Frantziak ez du berehalako krisi ekonomikorik, «erronka fiskal eta politiko larriei» aurre egin behar badie ere.Â
Hazkunde ekonomikoa ahula da, eta, aldi berean, zor eta defizit publikoa oso handiak dira, salbuespenezkoak Europako estandarren arabera. Horiek horrela, zera azaldu du ekonomialariak: «Frantziak frogatu du ekonomia sendoa duela, baina hazkundea motelegia da bere kabuz finantza publikoak egonkortzeko».
Zorraren gurpila
Frantziak urteak daramatza ekoizten duen baino gehiago gastatzen; eta alde hori finantzatzeko, maileguak eskatu behar izan ditu. Hala, zor publikoa 3,6 bilioi eurora hurbildu da, BPGaren %119 ingurura, eta defizita, berriz, %5,4 ingurura, Bruselak eskatzen duen %3tik urrun.
Zorra izatea ez da berez arazoa;Â estatuek maileguak erabil ditzakete zerbitzu publikoei eusteko edo ezohiko egoerei aurre egiteko. Zailtasunak, ordea, defizita urtez urte pilatzen denean sortzen dira, hau da, zorrak hazten jarraitzen badu, eta gero eta diru gehiago erabili behar bada mailegua ordaintzeko. Eta horixe gertatzen ari da Frantzian.
Gainera, zorpetzea garestitzen ari zaio Parisi. Frantziako hamar urterako zor publikoaren bonuen errentagarritasuna %5etik gora igo da, azken hamarkadetako mailarik handienera. Horrek esan nahi du inbertitzaileek interes handiagoak eskatzen dituztela Frantziaren zorra erosteko.Â
Izan ere, Frantziako ekonomiak hobera egiten ez duela eta herrialdea ezegonkortasun politikoan murgilduta dagoela ikusita, arriskutsua izan daiteke herrialdeari maileguak eskaintzea, eta interesak igotzen dituzte. Bestalde, mailegu berriak garestitzeaz gain, iraungitzen den zorra berritzea ere garestiagoa da.
Mathisek azaldu duenez, arriskua da zorra eta interesen ordainketa elkar elikatzen hastea: defizitak zorra handitzen du, zor handiagoak interesen ordainketa garestitzen du, eta horrek gehiago zailtzen du defizita murriztea.Â
«Interesak ordaintzeko diru gehiago jarri behar badu, baliabide gutxiago izango ditu beste lehentasun batzuei erantzuteko»
JEROME MATHIS Ekonomialaria
Horrek gobernuaren maniobra marjina murrizten du. «Interesak ordaintzeko diru gehiago jarri behar badu, baliabide gutxiago izango ditu beste lehentasun batzuei erantzuteko». Izan ere, hezkuntzan, osasunean eta gainerako zerbitzuetan inbertitzea defendatzen dutenak eta zorra kontrolatu nahi dutenak, funtsean, diru berarengatik lehiatzen dira.
54.000 milioiko doikuntza
Egoera ikusita, Sebastien Lecornu lehen ministroaren gobernuak 2027rako 54.000 milioi euro aurrezteko plana iragarri zuen irailean, defizit publikoa BPGaren %5era jaisteko.Â
Hori lortzeko proposamenen artean daude funtzionarioen soldataren eta pentsioen igoera izoztea, ministerioen gastua mugatzea eta zenbait zerbitzu publikoren eta diru laguntzen gastuak kontrolatzea. Mathisek «ulergarritzat» jo du estrategia: «Egungo egoera ikusita, saihetsezina da nolabaiteko kontsolidazio fiskala».
Dena den, murrizketa horiek ondorioak dakarzkie hezkuntza sistemari, langileen eta pentsiodunen erosahalmenari eta laguntzen menpean dauden familiei.

Herritarrek, beraz, azken hilabeteko protestetan aldarrikatu dute ez dutela onartuko beren soldaten, eskubideen eta zerbitzuen kontura doitzea kostua. Hala, aurrekontua aldarrikapen askotarikoen talkagune bihurtu da.
Lau aukera, lau ondorio
Gobernuak gastu publikoa apaltzeko apustua egin badu ere, aurrekontuaren negoziazioetan ikusi beharko da halakorik ezartzeko gai izango den. Mathisek lau alternatiba nagusi aipatu ditu.Â
Lehenengoa egiturazko erreformak egitea da, bereziki pentsioen, osasun sistemaren eta administrazio publikoaren arloetan. Bigarrena zergak igotzea da, nahiz eta ekonomialariak azaldu duen Frantziak dagoeneko «zerga karga handia» duela eta aukera horrek erresistentzia politikoa eragin dezakeela. Hirugarren aukera hazkunde ekonomikoa eta produktibitatea sustatzea da, diru sarrera publiko gehiago biltzeko. Eta laugarrena, doikuntza atzeratzea, baina horrek zor handiagoa ekar dezake, eta interes kostu handiagoak etorkizunean.
Ohartarazi duenez, ez dago kosturik ez dakarren aukerarik. Gastua murrizteak zerbitzu publikoetan eta familien diru sarreretan eragin dezake; zergak igotzeak, berriz, zergadunen zama handitu. Eta hazkundea sustatzeak diru bilketa hobetzen lagun dezake, baina ez du bermatzen arazoa berehala konponduko denik.
Gehiengorik gabe
Horrelako egoerei aurre egitea ez da lan erraza, baina Frantziako egungo egoera politikoak gehiago zailtzen du. Emmanuel Macron presidenteak 2024an Asanblea Nazionala desegin eta hauteskunde aurreratuetara deitu ondoren, parlamentua zatituta geratu zen, eta gobernua gehiengo egonkorrik gabe geratu da. Ordutik, zaildu egin da aurrekontuak eta erreforma nagusiak aurrera ateratzea.
Oztopo hori gainditzeko, azken urteetan gobernuek konstituzioaren 49.3 artikulua erabili izan dute, eta aurrekontuak bozketarik gabe onartu dituzte. Mekanismo horren bidez, gobernuak bere gain hartzen du lege proiektu baten erantzukizuna, eta testua onartutzat jotzen da, oposizioak zentsura mozio bat aurrera ateratzen ez badu. Mozioa onartuz gero, gobernua erori egingo litzateke, aurrekontu proiektua bertan behera geratuko litzateke, eta hurrengo gobernuak hutsetik hasi beharko luke —2025ean, François Bayrouren gobernua hala erori zen—.

Egoera are korapilatsuagoa da 2027ko presidentetzarako hauteskundeak hurbiltzen ari direlako. Apirilaren 18an eta maiatzak 13an izango dira hauteskundeetako bi itzuliak, eta alderdi guztiek beren jarrerak indartu nahi dituzte ordurako. Eta murrizketak, zerga igoerak eta pentsio erreformak babesteak kostu politiko handia ekar diezaieke. Hori dela eta, Mathisek zera azaldu du: «Erreformak egitea posible da, baina litekeena da eztabaida eragin dezaketen neurriak ez onartzea presidentetzarako hauteskundeak baino lehen».
«Erreformak egitea posible da, baina litekeena da eztabaida eragin dezaketen neurriak ez onartzea presidentetzarako hauteskundeak baino lehen»
JEROME MATHIS Ekonomialaria
Aurrekontua onartzea lortuko ez balute, ondorioak larriak izango lirateke. Politikoki, horrek agerian utziko luke egungo gobernua ez dela gai gehiengo egonkorrik sortzeko. Ekonomikoki, Frantziaren egoera fiskalaren inguruko ziurgabetasuna areagotuko luke, eta mailegu kostuak gehiago igoko lirateke.
Frantziako Gobernuak, beraz, erantzun egonkor bat eman behar dio egoerari, eta, horretarako, asmatu beharra du nola uztartu kontu publikoen jasangarritasuna eta estatuak herritarren beharrei erantzuteko duen gaitasuna.Â
Funtsean, Parisek erabaki behar du nork hartu behar duen bere gain kontu publikoak zuzentzearen kostua, eta zer zerbitzu eta eskubide babestuko dituen prozesu horretan. Horren erantzunak baldintzatuko du 2027ko aurrekontua onartzea ez ezik gobernuaren, herritarren eta alderdi politikoen arteko harremana, udaberriko hauteskundeak gerturatzen ari diren honetan.
BIZITZAREN GARESTITZEA, POLTSIKOEN NEURRITIK GORA
Frantzian azken urteotan pilatutako garestitzeak herritarren ekonomia estutu du. 2019tik 2024ra, kontsumo produktuen prezioak %21,3 igo ziren, eta soldatak, berriz, %18,7. Aldeak txikia irudi dezake, baina eguneroko gastuetan segituan nabaritzen da, bereziki erdi mailako eta errenta baxuko familietan.Â
Insee Frantziako estatistika institutuaren datuen arabera, 2019tik ikertutako 343 lanbideetatik 222tan soldatek balio erreala galdu dute. Hala, 2024az geroztik, lau kideko familia batek erosahalmenean 1.200 euro galdu ditu batez beste.
Inflazioak 2022an eta 2023an izan zuen gorakadarik handiena —2023ko apirilean goia jo zuen: %6,1—, energiaren garestitzeak eta Ukrainako gerrak eragindako hornidura arazoek bultzatuta. Ondoren, moteldu egin da —urrian %3,4 izan da—, baina horrek ez du esan nahi bizimodua merkeagoa denik: prezioek goraka jarraitzen dute, erritmo apalagoan bada ere. Esate baterako, Inseeren arabera, etxeen erosahalmena %0,4 apaldu zen 2025ean, eta langabezia %7,2tik %8,3ra igo da 2023 hasieratik. Azken hilabeteetan, gainera, erregaien prezioak presioa areagotu du, batez ere autoaren mende dauden landa eta hiri inguruko familientzat.
Egoera horretan, familiek ohiturak aldatu dituzte: beherapenak bilatu, prezioak alderatu, marka merkeagoak aukeratu, eta aisialdiko gastuak murriztu dituzte; eta, oro har, haien bizi baldintzek okerrera egin dute.