Frantziako Gobernuak energia nuklearraren aldeko apustua egin du, eta berriztagarrien hedapena moteldu

2035 bitartean sei erreaktore eraikitzeko asmoa azaldu du PPE3 energia planean. Lurreko energia eolikoan eta fotovoltaikoan inbertsioak txikituko ditu.

Erreaktore nuklearrak, Nogent sur Seinen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Erreaktore nuklearrak, Nogent sur Seinen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 12a
16:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia arloko estrategiari sakoneko aldaketa bat egin dio Frantziako Gobernuak. Energia berriztagarrien aldeko apustua moteldu egin du, eta berriro lehentasuna eman nahi dio energia nuklearrari. Gobernuaren planak betetzen badira, hurrengo urteetan gutxienez sei erreaktore eraikiko dituzte, eta lehen erreaktore txiki modularra izango da martxan. 

2016ko eta 2020ko planen ondoren, 2024an argitaratu behar zuen Frantziako Gobernuak hainbat urtetarako hirugarren energia plana, PPE3 izenekoa. Bi urte berandu bada ere, gaur eman du horren berri Sebastien Lecornu lehen ministroak. Saut Mortierreko zentral hidroelektrikoan egin du hori, Jurako mendietan, eta hautaketa hori ez da ausazkoa izan; izan ere, horrela erakutsi ahal izan du, berriztagarriak erabat alboratu gabe, zentral eolikoek eta fotovoltaikoek sektore batzuetan eragiten duten arbuioaren jakitun dela gobernua.

Ildo horretan, aurreko bi planek energia berriztagarrien hedapenaren inguruan zuten anbizioa apaldu du Lecornuren gobernuak bere plan berrian. Itsasoko energia eolikoari dagokionez, helburu berria da 2035erako 15 gigawatteko (GW) potentzia izatea instalatua, 18 GWekoa izan beharrean.

eolikoa
Itsasoko parke eoliko bat, Proventzan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE

Lurreko energia eolikoan, berriz, gaur egungo 24 GWetik 35-40 GWera pasatzea lortu nahi dute hemendik hamar urterako tartean. Gainera, parke eoliko berriak instalatu beharrean, lehentasuna izango da gaur egungoetan haize errota handiagoak eta eraginkorrak jartzea. 

Eguzki energiari dagokionez, 2025ean ia 6 GW konektatu ziren sarera, eta dagoeneko 30 GWeko potentzia dute parke fotovoltaikoek. 2030erako, 48 GW izatea da helburua, hau da, 3,5 GW urteko. Hau da, eguzki energiaren hedapena moteldu nahi du Parisek, munduan hain justu kontrakoa gertatzen ari den honetan.

Moteltzea justifikatzeko, Lecornuren gobernuak esan du sektore batzuetan elektrifikazioa uste baino motelago dagoela eta, hortaz, ez dela ekoizpena asko handitu behar, gaur egun dagoeneko gehiegizkoa baita batzuetan. Argindar hori esportatu egiten du Frantziak, baina batzuetan haize errotak itzali egiten ditu, ez baitu zer egin egin elektrizitate horrekin. 

Beste sei edo zortzi

Tesi horrek nolabaiteko talka egiten du gobernuak energia nuklearraren inguruan daukan asmoarekin. Oso atzean geratu da 2020ko plana, hau da, 2035erako hamalau erreaktore ixtekoa —bi itxi ditu, Fessenheimen (Alsazia)—, orain asmoa zentral gehiago irekitzea baita. 2022an, Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak iragarri zuen 2035erako sei erreaktore eraikiko zituztela, eta kopuru horri eusten dio energia plan berriak.

Zehazki, Penlyn, Gravelinesen eta Bugeyn eraikitzea da asmoa. EPR motakoak izango dira; belaunaldi berriko erreaktore horietako bakarra dago gaur egun, Flamanvillen (Normandia). Baina hura eraikitzea oso prozesu luzea eta garestia izan zen: 2007an abiatu zuten, baina bost urteko proiektua zenak hamazazpi iraun zuen, eta kostua 3.400 milioi eurotik 23.700 milioira igaro zen.

Sei erreaktore berri horiei beste zortzi gehitzeko aukera aipatu dute PPE3n, eta gaur egun lanean ari diren besteen bizitza luzatu eta haien potentzia handitu daitekeela. Gainera, erreaktore modular txiki baten prototipoa martxan jarri nahi dute 2030eko hamarkadan. Industria nuklearraren apustua dira erreaktore horiek, baina, saiakera asko egiten ari diren arren, artean ez da ari bakar bat ere argindarra ekoizten.

Plangintza betetzen bada, asko handituko da argindar ekoizpena, baina ikusteko dago haren eskaria ere noiz handituko den eta, hortaz, bete ahal izango den 2030erako erregai fosilen mendekotasuna %60tik %40ra txikitzeko helburua. Horretarako, beharrezkoa izango da autoen elektrifikazioan urratsak egitea —matrikulatutakoen %20 izan ziren iaz— eta etxeen berokuntza sisteman punpek gas galdarak ordezkatzea.  

Europako litio meategirik handiena zabaldu dute, finlandian

Litioaren ustiapena hasi da Kaustinengo meategian, Finlandia mendebaldean. Europako litio meategirik handiena da, eta pixka bat arinduko du material horretan Europako Batasunak kanpoko hornitzaileekiko duen mendekotasuna. Europako Batzordeak estrategikotzat jo du Kaustinengo meategia, espero baitute gai izatea urtean 15.000 tona litio ekoizteko. Bruselaren asmoa da 2030erako EBn bertan ekoiztea hamazazpi lehengai estrategikoen %10, eta haien tratamenduaren %40 eta birziklatzearen %25 ere kontinentean egitea.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.