Frantziaren arrisku saria Italiarenaren parera iritsi da

Krisi politikoaren eta kontu publiko kaskarren ondorioz, Frantziak interes handiagoa ordaindu behar du bere burua finantzatzeko. Burtsek gorabehera handirik gabe jaso dute François Bayrouren porrota.

«Macron, hurrena zu zara» dioen pankarta, atzo, Parisen gobernuaren aurkako protesta batean. TERESA SUAREZ / EFE
«Macron, hurrena zu zara» dioen pankarta, atzo, Parisen gobernuaren aurkako protesta batean. TERESA SUAREZ / EFE
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 9a
12:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Gobernuaren erorialdiak egun nahasia ekar zezakeen finantza merkatuetan, baina oraingoz ez da halakorik gertatu. Burtsetan ez dago gorabehera handirik, eta, are gehiago, goraka egiten ari da Parisko CAC indizea. Baina zorraren merkatuetan bai, islatzen ari da Frantziaren egoera, krisi politikoa zuzen-zuzenean lotuta baitago herrialdearen finantza egoera konplikatuarekin. Ondorioa? Frantziaren arrisku saria Italiakoaren pare jarri dela, inbertsiogileak gero eta gutxiago fio baitira Frantzia gai izango ote den bere zorra zerbitzatzeko. 

Goizeko une batean, arrazoi teknikoen ondorioz, hamar urteko Frantziaren zor bonuak errentagarritasun handiagoa ematen zuen Italiarenak baino bigarren merkatuan, baina gero Frantziarena %3,47an egonkortu da (81 puntuko arrisku saria) eta %3,51an Italiarena (85). Horrek ez du esan nahi Frantziako Estatuak hori ordaindu beharko duenik orain hamar urteko zorra saldu nahi badu (lehen merkatua), baizik eta inbertitzaile bati Frantziaren hamar urteko zorra erosi nahi ziona prest zegoela interes hori ordaintzeko.

Baina lotuta daude bi merkatuak, eta oso litekeena da Frantziak merkatuetara jotzen duen hurrengoan interes handiagoa ordaindu behar izatea dirua uzten dioten inbertitzaileei. Eta hori oso garesti aterako zaio hain zor handia duen herrialde bati. 

%3,57

 

Zenbateko interesa ordaindu zuen Frantziak azken jaulkipenean. Irailaren 4an jo zuen azken aldiz Frantziako Altxorrak finantza merkatuetara hamar urteko zor bonuekin. Eskaera asko jaso zituen, baina batez beste %3,57ko interesa eskatu zioten inbertitzaileek, ekainean eskatutakoa baino nabarmen gehiago (%3,17). 

Eurostaten arabera, 2025eko lehen hiruhilekoaren amaieran Frantziak 3,35 bilioi euroko zor publikoa zeukan, bere barne produktu gordinaren %114,1. Italia proportzionalki zorpetuago dago (%137,9) eta horregatik da esanguratsua Frantziaren zorra harenarekin interesak parekatzea. 

Eta kontuak orekatzeko zailtasunari lotutako krisi politikoa dago parekatze horren atzean, duela urtebete alde handia baitzegoen bi herrialdeen artean: %3,54ko interesa ematen zuen Italiaren zorrak (-0,04), eta %2,88koa Frantziarenak (+0,60). Historikoki, Italia izan da panorama politiko nahasiaren paradigma Europa mendebaldean, baina herrialde hartako egoera politikoa egonkortu egin da —eta arrisku saria 53 puntu jaitsi da azaken urtean—, eta Frantziarenak, berriz, zatiketa politiko handiko eta konponbide zaileko irudi bat ematen du orain.   

Espainiarekiko aldea

COVID-19aren krisiari aurre egiteko gastu publikoa handitu izana da zorra handitzearen arrazoietako bat, baina ñabardura batzuk egin behar dira baieztapen horretan. Gastu horrek berak Espainiaren zor publikoa BPGaren %115,7ra igo zuen 2021ean, baina azken datua %103,5 da. Zer gertatu da? Batetik, Espainiako barne produktu gordina sendo hazi dela azken hiru urteetan; bestetik, Espainiak lortu duela bere defizit publikoa txikitzea —%6,7tik %3,2ra jaitsi du 2021etik 2024ra—, eta, horren ondorioz, zor berri gutxiago hartu behar izan du.

Frantzian, berriz, ez aurrera ez atzera doa ekonomia, eta kontuetako zuloa estali ezinik dabil —%6,6tik %5,8ra baizik ez da jaitsi—. Ondorioz, haren zor publikoa, lehen Espainiarena baino txikiagoa zena —%112,8 2021ean—, 11 puntu handiagoa da orain (%114,1). Gainera, neurririk hartu ezean %125era iritsiko dela kalkulatu dute.

Hain zuzen ere, defizita eta ondorioz zorra apaltzeko neurri gogorrak hartu nahi zituen François Bayrou lehen ministroak, eta konfiantza mozioarekin neurri horietarako babes politikoa lortu nahi zuen, baina huts egin zuen.

fitch-en azterketa ostiralean

Ostiralean, Fitch kalifikazio agentziak jakinarazi behar du zer irizten dion Frantziako zorrari. Gaur egun, AA- rating-a du Frantziaren zorrak, hau da, agentziak uste du Frantziak «oso gaitasun handia» duela bere zorra ordaintzeko eta, hortaz, oso arrisku txikia duela zorra ez ordaintzeko.

Italiaren zorrak, berriz, bi maila beheragoko kalifikazioa dauka, BBB+. Fitchen beraren arabera, hau da BBBren definizioa: «Ordainketak eteteko arriskua txikia da. Finantza betebeharrak ordaintzeko gaitasuna egokia da, baina baldintza ekonomiko txarrek gaitasun hori mugatu dezakete». 

Uste denez, Fitchek A+ kalifikaziora jaitsiko du Frantziaren zorra, eta horrek ekarri ahal du inbertitzaileek are interes handiagoa eskatzea Parisi dirua mailegatzeko.

 Les Echos egunkariak beste arrisku bat ikusten du: Italiaren zorraren rating-a Frantziakoarekin parekatzen bada, baliteke hura erosteko interesa handitzea inbertitzaile zuhurragoen artean, eta gaur egun Frantziara jotzen duten askok Italiara begiratzea. 

Ikusi gehiago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.