Keltzek Mercadonan lan egiten du. Istripua izan zuen lantokian, eta, hasiera batean, enpresako mediku zerbitzuek artatu zuten, baina geroago adierazi zioten «arazoak» izango zituela ELA sindikatua uzten ez bazuen. Ez zuen amore eman, eta enpresak ukatu egin zion ebakuntza osteko arta.
Covadonga, berriz, Bilbobusen aritzen da ikuskatzaile; gaixotu zen, eta, lanera astebete joan gabe zeramalarik, mutualitateko erizain baten deia jaso zuen. Hark zalantzan jarri zuen benetan gaixo ote zegoen, eta horrek beldurra eta antsietatea sortu zion, gaixo egonagatik ere lanera joatera behartuko ote zuten.
Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren karietara, ekitaldia egin du ELAk Bilboko Alondegian, eta han, lekukotza eman dute arlo horretan arazoak izan dituzten zenbait langilek. Sindikatuak kritikatu egin du patronalak absentismoaren inguruan garatutako diskurtsoa, eta horren bidez «gaixotzen diren langileak kriminalizatzea» egotzi die ugazabei. ELAren iritziz, patronalak termino horren «erabilera ideologikoa» egiten du, eta sindikatuak berriro adierazi du, irmo adierazi ere, Euskal Herrian benetako absentismoa %0 dela.
«Prekaritateak hil egiten du», esan du ELAren lan osasuneko arduradun Pello Igeregik. Europako Kontseiluak emandako datuak aipatu ditu horren erakusgarri: esan duenez, lanean segurtasun falta sentitzeak %77 handitzen du antsietatea, eta %51 suizidio tasa.
«Patronala benetan kezkatuta badago langileen osasunaz, ezar dezala 1.500 euroko gutxieneko soldata»
PELLO IGEREGI ELAren lan osasuneko arduraduna
ELAren iritziz, patronalak, arazo horri heldu beharrean, nahiago izaten du absentismoaz hitz egin, baina kontzeptu horretan langileei aitortutako zenbait eskubide sartzen ditu: gaixorik egonda lanera ez joateko eskubidea, legeak aitortutako baimen ordainduak, kontziliazioa lortzeko lanaldi murrizketak, ordu sindikalak erabiltzea eta abar.
Greba eskubideaz baliatzea ere absentismotzat jotzen dutela salatu du Igeregik, eta, horren harira, mezua igorri dio patronalari: «Greba da gure eskubideak defendatzeko modurik onena, eta jakin dezaten gu absentismo mota hori handitzen saiatuko garela, ahalik eta greba gehien antolatuz».
Igeregiren esanetan, langileen osasuna babesteko modurik onena da lan baldintzak hobetzea eta prebentzioa indartzea. «Patronala benetan kezkatuta badago langileen osasunaz, ezar dezala 1.500 euroko gutxieneko soldata», adierazi du.
Manifestazioa
Ekitaldia amaitutakoan, ELAko kideen manifestazioa egin dute Alondegitik Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino. Euskal Herrian absentismoa %0 da eta Kriminalizazioaren aurrean, prebentzioa lehen lerrora leloak idatziak zituen pankarta baten atzetik, ehunka lagunek zeharkatu dituzte Bilboko kaleak, «Ez, ez, ez, lan istripurik ez», «absentismoa, aitzakia», «gure osasuna, lehentasuna» eta antzeko oihuak eginez.