AEBen eta Txinaren arteko harremanak ez du, momentuz, okerrera egingo. Euren arteko gatazka komertzialak konpontzeko «akordio marko» bat hitzartu dute bi herrialdeetako ordezkariek azkenengo bi egunetan Londresen egindako bileretan. Akordio berriaren helburua izango da maiatzean bi aldeek Genevan (Suitza) hitz egindakoa aplikatzea eta, hortaz, gerra komertzialaren su-eten hauskorrari eustea.
Joan den astean AEBetako presidente Donald Trumpek eta Txinako Xi Jinpingek telefonoz egindako solasaldi batek bultzatu ditu elkarrizketak. Eta bi buruzagien artean akordioari azken oniritzia bakarrik falta dela azaldu du Trumpek. Edonola ere, akordioa «egintzat» jo du, eta hari esker AEBetako industriak Txinako lur arraroak eta imanak jasotzen jarraituko duela ziurtatu du. Halaber, esan du ikasle txinatarrei AEBetan ikasketak egiteko ezarri asmo nahi zien debekua altxatuko duela.
Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez, Trumpek gaineratu du %55eko muga zerga izango dutela AEBk inportatutako produktu txinatarrek, eta %10ekoa Txinak AEBri erositakoek, gerra komertziala hasi zenean elkarri ezarritakoetatik oso azpitik. Pekinek, hala ere, ez du halakorik baieztatu, eta, zehaztasun gehiagoren faltan, zalantza handiak daude Trumpek emandako kopuruari buruz.
Bi herrialdeetako ordezkariak Londresen bildu aurretik, Trumpek Txinari egotzi zion bi herrialdeek Genevan egindako akordioa urratzea. Washingtonek Pekini leporatu zion lur arraroen eta beste mineral batzuen merkataritza gelditu izana, eta lehengai horiek ezinbestekoak dira AEBetako industriarentzat, besteak beste autogintzarentzat.
Genevan, Txinak eta AEBek hiru hilabete eman zizkioten elkarri bien arteko merkataritza gerra bideratzeko: tarte horretarako, Txinak hitzeman zuen %10era murriztu zituela AEBetako inportazioei ezarritako muga zergak, eta AEBek esan zuten %30era jaitsiko zituela Txinari ezarritakoak. Dena den, handik gutxira, munduko bi potentzia nagusiek elkarri leporatu zioten akordioa urratzea, eta, bien arteko tentsioak konpontzeko asmoz, Londresen bildu dira astelehenean eta asteartean.
Konpromisoak
Genevako deklarazioan, besteak beste, Txinak konpromisoa hartu zuen zenbait neurri indargabetzeko. Lur arraroak ez ziren berariaz aipatzen akordioan, baina Washingtonen iritziz hala izan beharko luke, eta uste du Londresen argi geratu dela hori. «Zalantzarik gabe espero dugu lur arraroen gaia akordio honen aplikazioaren esparruan konpontzea», esan du Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariak. Iragarri du Washingtonek erantzun gisa iragarritako zigorrak kenduko dituela trukean.
Izan ere, Txina ez da izan Genevan sinatutakoa errespetatu ez duen bakarra. AEBek ere mugatu dituzte Txinara bidalitako produktu teknologikoak, mikroprozesadoreak batez ere, eta makinak. Gainera, ikasle txinatarrei bisak kentzeko mehatxua egin du Washingtonek.
AEBetako eta Txinako ordezkaritzek adostutakoari bi herrialdeetako presidenteek oniritzia eman beharko diote orain, Li Chenggang Txinako Merkataritza ministrordeak adierazi duenez. Bi aldeek izandako elkarrizketak «profesionalak, arrazionalak, sakonak eta zintzoak» izan direla nabarmendu du. «Espero dugu Londresko bilera honetan lortutako aurrerapenei esker Txinaren eta AEBen arteko konfiantza areagotzea».
Bi gobernuek Londresera goi mailako ordezkaritza bat bidali izanak erakusten du bileraren garrantzia: AEBen izenean, Scott Bessent Altxorraren idazkaria eta Jonathan Reynolds Merkataritza idazkaria izan dira, eta Txinaren izenean, He Lifeng lehen ministrordea.
Trumpek mundu osorako muga zergak ezarri zituenetik bigarrenez bildu dira AEBetako eta Txinako buruzagiak. Izan ere, Txinari jarri zizkion muga zergarik handienak, eta beste herrialdeei ezarritakoak jaitsi zituenean ere eutsi egin zien Txinakoei. Hala, bi potentziak sokatira etengabe batean aritu dira ordutik, batak besteari merkatuak ixteraino —%145eko muga zerga ezarri zioten AEBek Txinari, eta %125ekoa Txinak AEBei—. Azkenean, bi herrialdeek elkarri muga zergak %115 murriztea hitzartu zuten iragan hilean, Genevan, eta orain jaitsiera horri eusteko asmoa agertu dute..
Londresen hitz egindakoa aipatuz, Trumpek ziurtatu du akordio berriarekin %55eko muga zerga jasoko dutela produktu txinatarrek, eta %10ekoa AEBk Txinara esportatutakoek. Pekinek, baina, ez du ezer aipatu horren inguruan. Trumpek, halaber, esan du ikasle txinatarrei AEBetan ikasketak burutzeko ezarri asmo nahi zien debekua alxatuko duela. «Txinak aldez aurretik hornituko ditu beharrezko imanak eta lur arraroak. Era berean, adostutakoa emango diogu, ikasle txinatarrak gure unibertsitateetara sartzea barne (hori beti iruditu zait ongi!)», esan du sare sozialetan idatzitako mezu batean.
Bruselan adi
Txinarekin ez ezik, AEBek beste herrialde batzuekin negoziatzen jarraitzen dute, tartean Europako Batasunarekin. Trumpek uztailaren 9ra arteko epea jarri zuen Bruselarekin akordioa lortzeko, baina, Bloomberg-en arabera, Europako Batzordeko negoziatzaileek uste dute negoziazioak luzatu egingo direla. Horretarako, datozen asteetan aurreakordio bat lortzeko asmoa agertu dute. Aste honetan, Etxe Zuriko ordezkariekin dituzten hartu-emanen berri eman diete estatu kideei.
Ekainaren 4an sartu ziren indarrean altzairuari eta aluminioari AEBek jarritako muga zergak, eta hurrengo hilean aktibatu nahi ditu gainerakoak. Horri erantzuteko, Bruselak gogora ekarri du plan bat diseinatu duela 26.000 milioi euroren balioa duten AEBetako esportazioei muga zergak jartzeko —besteak beste whiskia, motozikletak eta ehungintzako artikuluak zergapetuko ditu—. Muga zergez gain beste neurri batzuk ere aztertzen ari da.
Aurreko hilean AEBei proposatu zien zenbait produktutan elkarri muga zergarik ez jartzea, behin-behineko neurri gisa: besteak beste, autoetan, industria ondasunetan eta nekazaritza produktu batzuetan. Baina Washingtonek ez zuen onartu. Bruselak uste du akordio asimetriko bat nahi duela Trumpek.