AEB eta Txina ados jarri dira hiru hilabetez elkarri muga zergak murrizteko

AEBek %145etik %30eraino jaitsiko die tarifa produktu txinatarrei, eta Txinak %125etik %10eraino AEBetakoei. Trumpek esan du negoziazioak akordioa lortuta amaituko direla baina, hala ez bada, ez dituela muga zergak berriro %145era igoko.

Txinako eta AEBetako ordezkariak bildurik, Genevan (Suitza). MARTIAL TREZZINI / EFE
Txinako eta AEBetako ordezkariak bildurik, Genevan (Suitza). MARTIAL TREZZINI / EFE
joxerra senar
2025eko maiatzaren 12a
09:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Negoziazioari aukera bat emango diote AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Txinak. Elkarri muga zergak jaitsiko dizkiete hurrengo hiru hilabeteetan, eta tarte hori baliatuko dute beren merkataritza harremana bide onean jartzeko. Itunaren bitartez, aduanako tarifak %115 murriztuko dizkiote elkarri. Ondorioz, Txinako produktuek %30eko muga zerga ordaindu beharko dute AEBetan sartzeko, eta %10ekoa, berriz, AEBetako produktuek Txinan. Merkataritza gerraren etenaldia bihar hasiko da, eta hiru hilabete iraungo du. 

Hori horrela izanik, Donald Trump AEBetako presidenteak bere bigarren agintaldiarekin batera hasitako merkataritza gerraren atalik gordinena konponbide batera iristeko bidean egon daiteke. Munduko bi potentzia nagusien arteko tentsioa leundu egin da bederen, eta negoziazioaren amaieran ituna izango dela ziurtzat jo du gaur Trumpek berak. 

Baina AEBetako presidenteak ohartarazi du akordiorik ezean berriro handituko dituela Txinako produktuen gaineko muga zergak. Hori bai, tarifa horiek ez dira gaur arteko mailara iritsiko, %145era, Trumpek berak onartu baitu kopuru hori ezarrita merkataritza harremanak ez direla posible.  

EBrekin zer?

Ikusteko dago orain zer gertatuko den Europako Batasunarekin. Hark ere negoziazioak hasi ditu AEBekin muga zergen inguruan, baina ohartarazi dio akordiorik ezean berak ere zigortu egingo dituela AEBen inportazioak. Uztailaren hasiera arteko epea dute Washingtonek eta Bruselak ados jartzeko, orduan bukatuko baita Trumpek berak apirilaren 9an iragarritako hiru hilabeteko negoziazio epea.

Ikusi gehiago

Joan den astean egin zuen AEBek lehen tratua berak piztutako sutea itzaltzeko. Erresuma Batuarekin hitzartu zuen haren produktuek %10eko muga zerga izango dutela aurrerantzean eta tarifa hori aplikatuko zietela Erresuma Batutik AEBetara joandako lehen 100.000 autoei ere, eta ez %25ekoa, munduko gainontzeko lekuetako autoei bezalaxe.

Elkarri atea itxita

Baina Pekinekin hitzartutakoak, behin-behinekoa izan arren, pisu handiagoa du: batetik, AEBek historikoki merkataritza defizit handia izan dutelako Txinarekin, eta Trumpek AEBei «lapurreta» egitea leporatu dielako behin eta berriro harekin superabit komertziala dutenei. Bestetik, Txinaren pisua askoz handiagoa da nazioarteko merkataritzan, eta gerra komertziala hasi aurretik AEBen bazkide nagusia zen Kanadarekin eta Mexikorekin batera.

Garrantzia hori argi islatu da gaur goizean bi gobernuek kaleratutako ohar bateratuan. Horretan, bi aldeek aitortu dute «ekonomia eta merkataritza harremanek garrantzi handia dutela bi herrialdeentzat eta munduko ekonomiarentzat». 

Scott Bessent AEBetako Altxor idazkaria eta Jamieson Greer merkataritza arloko ordezkaria, atzo, Genevan. MARTIAL TREZZINI / EFE
Scott Bessent AEBetako Altxor idazkaria eta Jamieson Greer merkataritza arloko ordezkaria, atzo, Genevan. MARTIAL TREZZINI / EFE

Azken asteetan, de facto, Estatu Batuek eta Txinak elkarri merkatuak itxi dizkiote, neurriz kanpokoak baitziren elkarri ezarritako muga zergak. Txinako produktuei %145eko muga zerga ezartzen die AEBek gaur egun, eta Txinak, trukean, %125ekoa AEBek esportatutako salgaiei. Tarifa horiek ezarrita ia ezinezkoa da baten produktua errentagarria izatea bestearen merkatuan. 

Ate itxien politika horretan salbuespen bat izan da: telefonoak eta produktu elektronikoak. Izan ere, Txinatik ekarritako materiala eta produktu osoak funtsezko osagaiak dira AEBetako enpresa teknologikoentzat, eta, Silicon Valleyko handikien erreguei jarraituz, Trumpek produktu horiek %145eko muga zergetatik ateratzea onartu zuen.

Merkatuak, baikor

Neurri handi batean merkatuei begirako keinua da Genevan hitzartutakoa. Izan ere, apirilaren hasieran, Trumpek muga zergak modu masiboan handituko zituela iragarri zuenean, finantza merkatuek galera handiak izan zituzten, eta Trump bera beldurtu egin zen. Astinaldi horretan berebiziko pisua izan zuen errenta finkoko merkatuak, eta merkatu horretan gorantz egin zuen AEBetako altxor tituluen zorraren interes tasak, asko garestitzen zuelako AEBek beren defizit erraldoia finantzatu ahal izatea. Hori izan zen lehen pausoa AEBetako Gobernuak atzera egiteko.

Horren ondotik, munduko inportazio guztiei %10eko muga zerga orokorra inposatu zien, eta, horren ondotik, arindua hartuta, merkatuek gorantz egin dute azken hilabetean, eta orduan galdutakoa berreskuratu dute.

Gaur beste koska bat igo dira. %2tik gora egin zuten Asiako merkatuek, eta kopuru hori bera igo dira iluntzean AEBetakoak ere. Europan, ordea, igoerak nahiko apalak izan dira. Euroak indarra galdu du dolarrarekiko, eta Brent petrolio upela ia %2 garestitu da, 65 dolarreraino.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.