Gatika-Cubnezais goi tentsioko argindar linearen beharra nabarmendu du EEEk

Mikel Amundarain Euskal Energia Erakundearen presidenteak goratu egin du argindar konpainiek itzalaldian izan zuten jokaera.

Gatikako azpiestazio elektrikoa. Bertan joko du lurra goi tentsioko kableak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gatikako azpiestazio elektrikoa. Bertan joko du lurra goi tentsioko kableak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko apirilaren 30a
13:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Energia Erakundeak (EEE) argindar sare eta azpiegiturak indartzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du. Mikel Amundarain presidentearen ustez, asteleheneko itzalaldian argi gelditu zen zer-nolako erresilientzia maila duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sareek, eta azaldu du bi arrazoi hauengatik berreskuratu zela argindarra hain bizkor lurraldeko zati handi batean: batetik, mix energetikoaren osaketagatik; eta, bestetik, nazioarteko lorturengatik. Era berean, argindar konpainiek egindakoa goratu du: «Gure kasuan, Iberdrola. Hori agerikoa da».

Nazioarteko loturak eta argindar sarea indartzeko premiari dagokionez, honako egitasmo honek izango duen «garrantzia» aipatu du: Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Gironda, Frantzia) artean goi tentsioko argindar linea bat egitea itsaso azpitik. Lotura hori 2028rako indarrean egotea espero da, eta, erakunde publikoen arabera, ia bikoiztuko luke Iberiar Penintsularen eta Frantziaren arteko loturaren ahalmena, 2.800 megawattetik 5.000ra megawattera handituta. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esana zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoak argindar azpiegitura hobeak behar dituztela, eta Amundarainek gehitu du kablea «mugarri» bat izango dela.

EHUk Bilbon duen Ingeniaritza Fakultatean egin du egoeraren diagnosia, hitzaldi batean, eta, aurrera begira, iragarri du Eusko Jaurlaritzak 80 milioi euro jarriko dituela autokontsumorako sareak sortzeko. Autokontsumo hori, baina, ez da berriztagarrietara mugatuko, geotermia ere aipatu baitu. Halaber, zehaztu du berriztagarriek sorturiko argindarra biltzeko azpiegiturak ere funtsezkoak izango direla.

Azpiegitura fisikoez gain, legeari dagozkionak ere aipatu ditu, araudiak. Izan ere, sinetsita dago nahitaez berritu behar direla: «Argindarrari eragiten dion erregulazioa 1990eko hamarkada hasieran erabaki zen, eta egungo kontsumoak ez dauka zerikusirik ordukoarekin. Aldatu beharra dago». Hori bai, ez du azalpen zehatzik eman egin beharreko aldaketen inguruan.

Industria, egun, ezin da elektrifikatu

Amundarainek energiaren prezioen lehiakortasunari buruzko jardunaldi batzuetan hartu du hitza, EHUk eta Energia y Sociedad elkarteak antolaturikoak. Hitzaldien artean, bereziki interesgarria izan da Kelly Barcos ingeniariak emanikoa. Gradu amaierako lana aurkeztu du, eta ondorioztatu du egun ezinezkoa litzatekeela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria guztiz elektrifikatzea. Energia kontsumitzaile handi diren hamasei enpresa —Petronor, Sidenor guztiak, Vidrala, Papresa...— aztertu, eta haien energia premiak eta inguruko argindar sareen ahala alderatu ditu. Ondorioa argia da, egungo argindar sarea ez litzateke nahikoa: «Bizkaian %300 handitu beharko litzateke argindarraren potentzia, Gipuzkoan %200, eta Araban %50», kalkulatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.