Geoalcaliren jabea hartzekodunen konkurtsoan sartu da

Highfield Resources enpresaren kotizazioak eten egin dira Australiako burtsan, eta bi administratzaile izendatu dituzte. KPMG aholkularitza etxeko bi ordezkari arduratuko dira aktiboez, tartean Nafarroako Geoalcali adarraz.

Muga meatokiaren irudikapena. GEOALCALI.
Muga meatokiaren irudikapena. GEOALCALI.
joxerra senar
2026ko irailaren 17a
13:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muga meatokiaren proiektuak beste kolpe bat hartu du. Iragan astean, Highfield Resources enpresak, Nafarroako Geoalcali enpresaren jabeak, iragarri zuen bere borondatez hartzekodunen konkurtsoan sartu dela. ASX Australiako merkatuan eten egin zen haren akzioen kotizazioa. 

Oharrak irailaren 8koak dira. Bertan jakinarazten da Jason Tracy eta Daniel Linaker izendatzen direla enpresaren administratzaile. Haiek hartuko dute Highfield Resources enpresaren kontrola, eta haien esku egongo da enpresa bideragarri egiteko aukerak aztertzea: enpresa salduz edo birkapitalizazio bidez. Gainera, hartzekodunekin negoziatu beharko dute.

Haiek kudeatzen duten epean, burtsan ez da akziorik salerosiko, eta haren jardunaren berri burtsaren plataformaren bidez azalduko diete akziodunei.

Gainera, KPMG aholkularitza etxeko bi kide arduratuko dira enpresaren aktiboez, Peter Gothard eta Gayle Dickerson. Tartean dago Geoalcali, Nafarroako enpresa.

Oharrak dioenez, administratzaileen jardunak ez die eragingo Geoalcaliren operazioei, «ezta Muga meatokiari ere». Gaur egungo zuzendariek karguan jarraituko dute. 

Luzarorako ondorioak

Enpresa jabearen finantza zailtasunen aurrean, ikusi beharko da luzarora zer eragin den. Haren proiektu nagusia, Muga meatokia, auzitegietan trabatuta dago gaur egun. Hiru administrazioen baimena lortu zuen aurrera egiteko —Nafarroako, Espainiako eta Aragoiko gobernuena—, baina Nafarroan haren baimena atzera bota dute auzitegiek. Ekologistek hiru baimenen aurka jarritako salaketak beren bidea egiten ari dira.  

Euskal Herriko mugak gainditzen dituen egitasmo handi bat da. Nafarroako eta Aragoiko lurretan zabaltzea da asmoa, eta, ondorioz, Espainiako Gobernuak, Nafarroako Gobernuak eta Aragoikoak eskumenak dituzte egitasmoan. Lantegia Zangoza ondoan jartzea da asmoa; meatze ahoa, berriz, Aragoiko Undues de Lerga herrian egotea nahi dute. 1.700 hektarea izango ditu meategiak, eta 600 metro sakon diren tunel batzuk zabalduko dituzte lur azpian.

Auzitegiek argi berdea emango balute ere, inbertsio handia eskatuko luke egitasmoak. Duela bi urte, Txinako hiru funtsek 257 milioi euro finantzatzeko akordioa adostu zuten Geoalcalirekin, baina hilabete batzuk geroago atzera egin zuten, auzitegietako traben ondorioz. Iaz, berriz, hiru inbertsio funts 5,6 milioi euro jartzeko prest agertu ziren, baina kopuru hori txikia da baldin eta proiektua aurrera atera nahi bada.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA