Muga meatokiaren inguruko helegiteak tramiterako onartu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak

Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen 2024ko urrian meatokia ustiatzeko baimenetako bat. Epai horren kontrako kasazio helegiteak jarri dituzte espedientea tramitatzen ari diren hiru gobernuek eta Geoalcalik.

Muga meatokiaren proiektua. GEOALCALIK UTZITAKO IRUDIA
Muga meatokiaren proiektua. GEOALCALIK UTZITAKO IRUDIA
joxerra senar
2026ko maiatzaren 25a
10:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bataila judiziala ez da amaitu. Geoalcali enpresak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak tramiterako onartu du Muga meatokiaren inguruan enpresak berak eta espedienteak tramitatzen dituzten hiru gobernuek aurkeztutako kasazio helegitea. «Oso pauso esanguratsua da», adierazi du Carles Aleman Geoalcaliko egungo presidenteak.

Geoalcali enpresaren Muga meategi proiektua 2024ko uztailaren 1ean sinatu zuten Espainiako, Nafarroako eta Aragoiko gobernuek. Hiru administrazio horien oniritzia behar zuen meategiak, Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) lurrak ukitzen dituelako. Lantegia Zangoza ondoan eginen dute; meatze ahoa, berriz, Aragoiko Undues de Lerga herrian. 1.700 hektareako luze-zabalera izanen du meategiak, eta 600 metro sakon diren tunelak eraikiko dituzte, lur azpian.

2024ko urrian, Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Nafarroako Gobernuak Muga meatokian potasa ustiatzeko eskatutako baimenaren espedientea. Talde ekologistek jarritako salaketari bide emanez, Auzitegi Nagusiak ondorioztatu zuen egitasmo haren espedientea ezin dela hiru administrazioren artean zatitu: «Proiektu bakarra da, bi erkidego hartzen baditu ere; beraz, prozedurak eta tramitazioak ere bateratua izan behar du, baita ingurumena ebaluatzeko irizpideek ere», adierazi zuten orduko epai hartan.

Geoalcalik, Espainiako Gobernuak, Nafarroako Gobernuak eta Aragoikoak kasazio helegiteak aurkeztu dituzte erabaki horren aurka, eta Gorenak orain auzia berrikusiko du. Geoalcaliren arabera, «biderik sendoena da Muga meatokiari konponbide egonkor eta behin betiko bat lortzeko». Enpresaren ustez, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiak berak ez du zalantzan jarri egitasmoaren bideragarritasun teknikoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE