EAEko CCOOko idazkari nagusia

Santi Martinez: «Ez da egia euskararen kontrako oldarraldi judizial bat dagoela»

ELA aipatuz, Martinezek esan du grebak ez direla nahikoa lan itunak lortzeko, eta patronalari, berriz, gutxieneko soldata negoziatzeari muzin egitea egotzi dio. Azkenik, ontzat jo ditu euskararen «erabilera okerraren» aurkako epaiak.

Santi Martinez EAEko CCOOko idazkari nagusia. CCOO
Santi Martinez EAEko CCOOko idazkari nagusia. CCOO
14789412 kepa
Bilbo
2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaraldi bete-betean izendatu zuten Santi Martinez Perez (Bilbo, 1977) EAEko CCOOko idazkari nagusi; lan erakunde hark ere bat egin zuen euskararen erabileraren aldeko ariketarekin. Aitzitik, administrazio publikoko hizkuntza eskakizunen inguruko jarrera ez dirudi asko aldatu dutenik: euskararen kontrako oldarraldi judizialik ez dagoela adierazi du Martinezek. Haren ustez, «ez dira euskararen aurkako sententziak». Haren hitzetan, «Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza eskakizunen dekretuaren erabilera okerra» zigortzen ari dira epaileak. Plazaratutako ebazpenak 30 bat dira, eta, horien artean, «bospasei» izango lirateke EAEko CCOOk aurkeztutako salaketak.

Adostasunezko hautagaitzat aurkeztu zintuzten joan den maiatzean izandako EAEko CCOOren XIII. Kongresuan. Desadostasunik bada sindikatuan?

Federazio batzuetan baliteke desadostasunak egotea, zer estrategiari jarraitu behar zaion; baina ez zuzendaritzaren jarduna zalantzan jartzeko adinakoak. Gainera, adostasun handia egon zen batzorde eragilea aukeratzeko orduan.

Belaunaldien arteko erreleboa egon dela diozue. Lan ildo nagusietan aldaketarik ekarriko du horrek?

Zuzendaritzan sei aurpegi berri izateak ez du esan nahi lan ildo nagusietan aldaketa nabarmenik egongo denik. Hala ere, hainbat esparru indartu nahi ditugu: besteak beste, hiru lurraldeetako hiriburuetako egoitzetan ematen genituen hainbat zerbitzu eskualdeetako ordezkaritzetara bideratzen hasi gara jada. Izan ere, lan egiten duten eta bizi diren tokietan arreta eman nahi diegu beharginei. Langileen bizitzaren erdigunera iristea da asmoa. Bide horretan, urteak daramatzagu ikasleei laguntzen, Lanbide Heziketako Laneko Trebakuntza eta Orientazioa ikasgaiaren bitartez. Gure helburua ez da CCOOko kide egin daitezela, baizik lan munduan sartzen direnean antolatzeak daukan garrantziaz jabetzea.

Bestalde, erretiroa hartzen duten langileei lagundu nahi diegu, batez ere Gizarte Segurantzaren moduko erakundeekin dituzten hartu-emanetan. Izan ere, hainbatetan zailtasunak izaten dituzte, arrakala digitala eta bestelako oztopoak direla eta.

Negoziazio kolektiboaren alde egiten duzue. Beste sindikatu batzuek, ordea, greba eta mobilizazioak bultzatzen dituzte. Zein da tresnarik eraginkorrena?

Bridgestoneko kaleratzeak eta hezkuntza arloko gatazka paradigmatikotzat jo ditzakegu negoziazio kolektiboaren eta grebaren arteko dikotomia horretan. Guk hitzarmen biak izenpetu genituen; ELAk, ordea, ez. Gatazka mantentzea garrantzitsua da negoziazio prozesu bat ahalbidetzeko edo horren barruan indarra hartzeko. Baina gatazka horrek, nahitaez, negoziazio batek lagunduta joan behar du, helburua irtenbide bat erdiestea bada behintzat. Bestela, hankamotz geratuko litzateke gatazka hura.

«Langile bat istripuz hil ondorengo mobilizazioak izan daitezke bat egiteko aukera onak: horixe bera da herritarrak sindikatuoi eskatzen ari zaizkigun argazkia»

Zergatik da horren adierazgarria Bridgestoneko gatazka?

Zuzendaritzaren proposamen baten aurrean, [Bridgestoneko] langileek bozkatutakoa onartuko genuela adierazi genuen guk. Baina beste sindikatu bat horren aurka agertu zen hasieratik. Ez da nire asmoa ELAren estrategia gutxiestea, sindikatu nagusia baita. Hala ere, kasu honetan argi geratu da gatazkak negoziazioa eta hitzarmena ekarri behar dituela.

Ontzat jo daiteke 232 langile kalean uzten dituen hitzarmen bat?

Ontzat jo daiteke, hasieran ehun langile gehiago kaleratu nahi zituztelako. Langileek hitzarmena berretsi ostean, ordea, %97 borondatezko kaleratzeak izango dira.

Gutxieneko soldataren eztabaidan ez duzue lortu patronala sindikatuekin biltzea. Horrek agerian uzten du zer jarrera duen gai honetan?

Patronalak zilegitasun osoa galdu zuen bilkura horretara ez agertzea erabaki zuenean. Lau sindikatu nagusiak botata utzi izana larria da. Aldi berean, Eusko Legebiltzarrak eskatutakoari muzin egin diote enpresarien ordezkariek: gutxieneko soldatari buruzko hitzarmena lortzera premiatu zituen sindikatuak eta patronala, 2023an. Enpresariek ez dute jardun egoerak eskatzen zuen mailan.

Gaur egungo ziurgabetasun egoeraz eta absentismoaz ari da patronala. Ez al dira aitzakiak?

Patronala hanka sartzen ari da erabat: gutxieneko soldatari dagokionez, berezkoa duen esparru batean —negoziazio kolektiboan— parte hartzeari uko egin dio eta. Absentismoaren gaia ere horren mesedetan erabiltzen du, hau da, arreta desbideratu eta negoziazio mahaiei uko egiteko.

Nazkagarria da: patronalak langileek bereganatutako eskubideak jotzen ditu absentismotzat. Baina langileen arazo nagusia lanera joan eta bertan hiltzea da.

«Gure herrietan, gehiengo batek ez du euskaraz hitz egiten. Ematen du erdiko bidetik jo nahi dutela Bilduk, gizartea euskalduntzeko»

Ziurgabetasun egoerari aurre egiteko, berriz, erakunde publikoen laguntzak jasotzen ari dira enpresak. Hala ere, hainbat baldintza ipini beharko litzaizkieke diru hori hartu ahal izateko: enpresak sustraitzea, enpleguaren kalitatea bermatzea eta berezkoak dituzten negoziazio esparruetan parte hartzea.

Unai Sordo Espainiako CCOOko idazkari nagusiaren arabera, ELA eta LAB dira CCOOren aurkari nagusiak. Langileek sindikatuen arteko lehia nahi dute?

Seguruenik, hauteskunde lehiaz ariko zen Unai; baina egia da sindikatuok gure arteko batasun une gehiago zor dizkiegula langileei. Langile bat istripuz hil ondorengo mobilizazioak izan daitezke bat egiteko aukera onak: horixe bera da herritarrak sindikatuoi eskatzen ari zaizkigun argazkia.

(ID_17502504959315) Santi Martinez EAEko CCOO idazkari nagusia.
Santi Martinez EAEko CCOO idazkari nagusia, Bilboko bulegoan. CCOO
CCOOk aurkeztutako salaketetan oinarritu dira euskararen kontrako hainbat sententzia. Zer analisi egiten duzue ebazpen horiei buruz?

Guk aurkeztutakoak bospasei baino ez dira izan; gainontzekoak elkargo profesionalek, langileek eta enpresaren batek ipini dituzte. Ebazpenak, berriz, 30 inguru dira. Gainera, ez da egia euskararen kontrako oldarraldi judizial bat dagoela. Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza eskakizunen dekretuaren erabilera okerra zigortzen ari dira epaileak. Ez dira euskararen kontrako sententziak.

Orduan, euskararen erabilera ez litzateke bermatu behar administrazio publikoan?

Guk guztiz beharrezkotzat jotzen dugu arlo publikoan hizkuntza eskakizunak arautzea: ez gaude dekretuaren kontra, haren erabilera okerraren aurka baizik.

Arlo publikoko langile guztiek euskaraz jakin behar izatea proposatu du EH Bilduk. Zer uste duzu?

Bilduk eskubide osoa dauka gizartea aldatzen ahalegintzeko, lege proposamenak aurkeztuz. Horiek horrela, haiek ere aitortzen dute proposatzen duten ereduak zerikusi handiagoa daukala Galiziako eta Herrialde Katalanetako errealitatearekin, Euskadikoarekin baino. [EAEren] egoera soziolinguistikoa bestelakoa da: gure lurraldeetan eta herrietan, gehiengo batek ez du euskaraz hitz egiten. Ez dakit zehatz-mehatz zein den Bilduk aurkeztutakoaren mamia, baina ematen du erdiko bidetik jo nahi dutela, gizartea euskalduntzeko. Alderdi politikoekin egiten gabiltzan bilera sortaren barruan, laster bilduko gara haiekin, eta, seguruenik, horretaz ere hitz egiteko aukera izango dugu.

Alderdi politikoekin egiten ari zareten bilera sortatik kanpo utzi duzue Vox. Zergatik?

Bizitza eta lan baldintzak babesteko antolatzea antifaxismoaren adierazle argia da. Horiek horrela, bizi dugun ziurgabetasun egoera aprobetxatuz nagusitzen ari diren jarrera atzerakoiei, antifeministei eta faxistei aurre egiteko tresnak eman nahi dizkiogu langile klaseari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.