Adegik ohartarazi du Gipuzkoako industrian «pesimismoa» nagusitzen ari dela

Fakturazioa handitu arren, hiru enpresatik batek atzeraldia aurreikusi du, eskari zorro ahula duela eta. Patronalak dio espero baino lehenago agertzen ari direla «alerta zantzuak».

Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia eta Isabel Busto presidentea, Donostian gaur egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia eta Isabel Busto presidentea, Donostian gaur egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
Donostia
2026ko urriaren 2a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udazken giroa Gipuzkoako ekonomian. Hazten jarraitzen du, baina Adegik nabarmendu duenez, enpresen artean «pesimismoa» zabaltzen ari da, batez ere industrian. Patronalaren arabera, lurraldeak «bere historia ekonomikoko garairik onenetakoa» du, baina oinarrietako bat, industria, «ahultzeko zantzuak» ematen ari da.

Sektore horretan, hiru enpresatik batek ia (%31,5) uste du merkatua atzeraldian dagoela, eta bitik batek (%45,5), eskaera zorro ahula duela. Jose Miguel Aierzak, Adegiko zuzendari nagusiak, ohartarazi du maiatzean identifikatutako «alerta zantzuak» espero baino lehenago ari direla agertzen enpresen egunerokoan.

«Konfiantza maila oso ezkorra da», ohartarazi du Aierzak. Oro har, lautik batek (%23k) uste du dagokion merkatua atzeraldian dagoela, duela urtebete baino bi puntu gehiago. Industrian, berriz, %31,5era igo da proportzio hori: 7,5 puntu gehiago. «2021eko urtarriletik izandako daturik okerrenetakoa da», azpimarratu du Adegiko buruak. Zerbitzuetan, berriz, %10ek baino ez dute ikusten atzeraldia, eta eraikuntzan %9k.

Eskaera zorroaren datuek ere bide bera erakusten dute, Aierzaren arabera. Enpresen %36k diote eskaera ahula dutela, eta industrian, %45,5ek. Gainera, industriako %31,5ek esan dute eskaerak jaitsi egin zaizkiela azken hiruhilekoan; %21ek baino ez dute igoera izan.

«Ezin dugu itxaron krisia erabatekoa izan arte; orain da erreakzionatzeko garaia»

JOSE MIGUEL AIERZA Adegiko zuzendari nagusia

Horrek ez du esan nahi, ordea, industria atzeraldian dagoenik. Eustaten arabera, sektorea %0,8 handitu da bigarren hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, lehen hiruhilekoan %0,5 uzkurtu ondoren, eta urte arteko tasa positiboa da orain: %0,5eko hazkundea. Enplegu industrialak ere gora egin du: %1,4 azken urtean.

Adegiren aurreikuspenaren arabera, Gipuzkoako BPGa %2 eta %2,5 artean handituko da aurten, baina hazkundea zerbitzuek bultzatuko dute «ia erabat». 2.000-2.500 soldatapeko lanpostu garbi sortzea espero du patronalak, gehienak sektore horretan.

«Etorkizuna hemen»

Patronalaren inkestak ez du gaur egungo jarduera neurtzen, enpresek etorkizunari buruz duten pertzepzioa baizik. Eta hor, batez ere eskaerei eta lehiakortasunari dagokienez, kezkak handitu egin direla nabarmendu du Aierzak.

Azterketaren arabera, Gipuzkoako enpresen fakturazioa %2,2 handitu da azken hiruhilekoan, baina zerbitzuei esker batez ere, %4; eraikuntzak, berriz, %1,7 hazkundea izan du, eta industriak %1,2koa.

%17

Zenbat enpresak murriztuko duten lantaldea Gipuzkoako enpresen %86,5ek diote langile kopurua mantendu edo handituko dutela. Industrian, ordea, proportzio hori sei puntu jaitsi da urtebetean. Industriako enpresen %21,5ek uste dute lantalde handiegia dutela: iaz baino 7,5 puntu gehiago. Eta %16k diote langile kopurua murriztea aurreikusten dutela.

Eta zer arrazoi daude industria sektorearen pertzepzio ezkor horren atzean? Aierzak azaldu duenez,Adegik egiturazko lau arrisku identifikatu zituen maiatzean aurkeztutako Egoeraz jabetu txostenean: Europak AEBen eta Txinaren aldean duen produktibitate galera; industriaren eta teknologiaren atzerapena; demografiaren ondoriozko talentu falta; eta etxebizitzaren arazoa. Patronaleko buruak adierazi du arrisku horiek ez direla «hamar urtera begira egindako ariketa» baten emaitza. «Horien eragina dagoeneko enpresen egunerokoan ikusten ari gara».

Aierzak gogora ekarri du 1980ko hamarkadako industria krisia. Esan du orduko egoera eta gaurkoa ez direla konparatzeko modukoak, Gipuzkoak ez duela orduko langabezia, eta abiapuntua askoz sendoagoa dela, baina orduko ikasgaia baliagarria dela uste du: «Ez dugu itxaron behar krisia erabatekoa izan arte. Lan arloko ahaleginari eta konpromisoari balioa ematen dion gizarte aliantza zabal bat behar dugu».

Patronalak eskaera hauek egin ditu: industria teknologiaz eta adimen artifizialaz hornitzeko inbertsioak, eraldaketa proiektuetarako kapital pazientea eta enpresa txikiek tamaina handitzeko tresnak. Ezinbestekotzat jo du talentuan eta prestakuntzan inbertitzea eta profesional kualifikatuak erakartzea, baita inbertsioa eta enpresen sendotzea sustatuko duen zerga politika egitea ere.

langileen «deskonexioa» edo konpromiso falta

Ohi bezala, «absentismoaz» ohartarazi du patronalak. Lan kostuen eta soldaten igoeren ondoren, enpresen kezka nagusia da, bitik batentzat oro har. «Ez gara jabetzen arazo horrek duen tamainaz», azpimarratu du Aierzak. Adegiren kalkuluaren arabera, urtean 1.500 euro inguruko kostua du langile bakoitzeko. Gastuaren erdia, gutxi gorabehera, Gizarte Segurantzak ordaintzen du, eta beste erdia enpresek. Aierzaren arabera, absentismoa da gastu publikorik handiena, pentsioen ondoren. Adierazi du lanera joaten ez diren langileen kopurua bikoiztu egin dela 2015etik. Kopuru horren atzean «eremu gris» bat dagoela esan du, «enpresa proiektuarekin deskonektatzen duten pertsonena». Hala ere, aitortu du zaila dela hori neurtzea, absentismo kasu guztiek baja medikoa baitute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA