EAEko ekonomiaren hazkundea bizkortu egin da, industriaren suspertzeari esker

Eurogunean eta bereziki Alemanian jarduera handitzeak on egin die enpresa esportatzaileei. 13.000 enplegu sortu dira azken urtean, zerbitzuetan batez ere.

Sansinenea industrialdea, Zestoan. JON URBE / FOKU
Sansinenea industrialdea, Zestoan. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko irailaren 18a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzeralditik atera da industria, eta horri esker bultzada jaso du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak. Eustatek gaur kaleratu dituen datuen arabera, urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,7 hazi da barne produktu gordina —kopururik handiena 2025. urtearen hasieraz geroztik—. Urte arteko tasak ere gora egin du, %2,3raino, eta erakusten du, oraingoz bederen, ekonomia ongi eusten ari zaiola energiaren garestitzeari.

Joan den uztailean aurreratutako datuak zuzendu ditu Eustatek, orduan esan baitzuen %0,5 hazi zela hiruhileko arteko tasan, eta %2,1 urte artekoetan. Emaitza horiek ontzat jo zituen Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, eta nazioarteko egoera nahasiari «sendo» erantzuten ari zitzaiola nabarmendu zuen. Ildo horretatik jo du gaur ere. «Euskal ekonomiak bilakaera positiboari eutsi dio, beste hiruhileko batean ere hazi egin baita, eta dagoeneko 22 hiruhileko dira jarraian % 2tik gorako aurrerapenekin. Gainera, gaur ezagutu ditugun datuek gure aurreikuspenak gainditu dituzte, eta Euskadik nazioarteko testuinguru ekonomiko zorrotz batean duen erresilientzia gaitasuna berretsi dute». Urte osorako, %1,9ko hazkundea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak.

Industriaren emaitza hobeen arrazoia esportazioak izan direla gaineratu du Torresek. «Suspertzearen lehen seinaleak» ikusi ditu sailburuak Europako Batasuneko ekonomian —%1,2 hazi da 2026ko lehen hiruhilekoan—, eta bereziki garrantzitsutzat jo du Alemaniak azkenean atzeraldiaren mamua atzean uztea. «Euskadirentzat bereziki garrantzitsua da Alemania berreskuratzea, lotura estua baitugu industria eta merkataritza arloetan».

Industria %0,5 uzkurtu zen urteko lehen hiruhilekoan, baina jauzi handia egin du bigarrenean, %0,8ko hazkundea izan baitu. Horri esker, urte arteko tasa positibora itzuli da (%0,5); datu hori are hobea da (%0,7) manufaktura soilik kontuan hartuta, energiaren eraginik gabe. 

Industriak irabazitako indarra eraikuntzak galdu du. Azken urteetan oso sendo hazi da, baina haren bultzada pixka bat apaldu da: %3,8 hazi zen 2025ean, eta %1,7, berriz, azken urtean. 

Okerragoa da lehen sektorearen bilakaera, atzeraldian baitago orain ere: %0,6 uzkurtu zen 2025ean, eta %0,2 azken urtean. Datu horrek okerrera egiteko arriskua dago, lehortearen eragina ziur aski udatik aurrera antzematen hasiko da eta.

Mikel Torres Eusko Jaurlaritza Ekonomia sailburua. IREKIA
Mikel Torres Eusko Jaurlaritza Ekonomia sailburua. IREKIA

Indarrik galtzen ez duena zerbitzuen sektorea da. %3ko hazkunde sendoari eusten dio, eta haren barruan bereziki indartsu dabil merkataritza, ostalaritza eta garraioaren atala (+%3,6). Horrek esan nahi du inflazio handiak eta erregai garestiek oraindik ez diotela kontsumoari asko eragin. Hori ikusten da eskariaren aldetik ere: familien kontsumoak hamarren bat gehitu dio bere hazkundeari (+%2,9), eta indartsu hazi da gastu publikoa ere (+%3,7). 

Kapital eraketa gordina edo enpresen inbertsioak, berriz, 2025eko mailari eusten dio (+%3,9), eta bereziki indartsua da ekipo ondasun edo makinetan (+%4,5). Datu horiek txalotu ditu Torresek; «gure enpresek inbertsio ahaleginari eusten diotela erakusten du», azaldu du.

Produktibitatea ere gora

Azken asteetan bildutako datuek eraman dute Eustat BPGari buruzko bere lehen kalkuluak zuzentzera, baina aldaketarik ez dute eragin Eustatek neurtzen duen beste aldagai batean, enpleguan. Orduan bezala orain ere, estatistika erakundeak ziurtatu du urte batean 13.000 lanpostutik gora sortu direla, lanaldi osoko baliokideak diren lanpostuetan neurtuta. Datu horrekin ere oso gustura azaldu da Torres, batez ere, enpleguarekin batera lanpostuko produktibitatea %1 handitu delako: «Oso seinale garrantzitsua da hazkunde ekonomikoarekin batera enplegua sortzea eta produktibitatea hobetzea. Euskal ekonomia hazten ari da, eta hazkunde hori lan merkatura ere iristen ari da».

Portzentualki, azken urtean %1,3 egin du enpleguak. Zerbitzuek irentsi dituzte lanpostu horiek gehienak (+%1,7), baina kopuru positiboak izan dira eraikuntzan (+%0,9), industrian (+%1,4) eta lehen sektorean ere (+%0,2).

%2.4

Zenbateko hazkundea izan den Gipuzkoan.  Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru herrialdeen artean ez da alde handirik izan: %2,2 hazi da Araban azken urtean, %2,3 Bizkaian, eta %2,4 Gipuzkoan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA