Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek beste hiru greba ziklo iragarri dituzte

ELAk eta LABek deituta, langileek 48 orduko hiru etenaldi egingo dituzte, urriaren 27an, azaroaren 23an eta abenduaren 21ean hasita. Lan baldintzak hobetzea exijitzen diote zuzendaritzari.

Moeveko langileen mobilizazioa abuztuaren 15ean, Oiartzunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Moeveko langileen mobilizazioa abuztuaren 15ean, Oiartzunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urriaren 19a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek berriro ekingo diote grebari. Aurreko greba zikloek ez dute eman langileek bilatzen zuten fruitua, eta, hortaz, beste hiru greba ziklo egingo dituzte datozen hilabeteetan. Lehen etetea urriaren 27ko 22:00etan hasi eta urriaren 29ko 22:00ak arte izango da; eta beste biak, ordu beretan, azaroaren 23tik 25era, eta abenduaren 21etik 23ra. Itxita egongo dira egun horietan Moeve gasolindegiak Gipuzkoan.

Langileek lan baldintzak hobetzea exijitzen diote zuzendaritzari. Hala adierazi dute langile batzordea osatzen duten LABek eta ELAk, ohar bateratu batean —bost ordezkari ditu LABek, eta hiru ELAk—. Azaldu dute langileek hilabeteak daramatzatela zuzendaritzarekin enpresaren barne ituna negoziatzen, eta hark «entzungor» egiten jarraitzen diela aldarrikapenei. Soldata igoerak eskatzen dituzte, baita lanaldiak murriztea ere.

Hortaz, negoziazioek blokeatuta jarraitzen dute oraindik, eta langileek aldarrikapenei eusten diete. Hain justu, udan hasi ziren Gipuzkoako Moeveko langileen mobilizazioak. Beharginek grebara jo zuten uztailaren 30eko, abuztuaren 14ko eta abuztuaren 28ko asteburuetan, jende askok oporretara joan edo oporretatik itzultzeko bidaia egiten duen egunetan. Elkarretaratzea ere egin zuten abuztuaren 15ean, AP-8 autobideko Oiartzungo gasolindegiaren aurrean.

Guztira, hamasei gasolindegi ditu Moevek Gipuzkoan, eta 150 langile. Udan eginiko greba zikloetan, jarraipena «ia erabatekoa» izan zela nabarmendu dute sindikatuek, eta datozen lanuzteak ere arrakastatsuak izatea espero dute. «Horrek indartu egiten ditu langileen aldarrikapenak enpresaren aurrean».

Datozen egunetan zehaztuko dute greba egunetako mobilizazio nagusiak non eta noiz egingo dituzten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA