Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba bertan behera utzi dute

ELAk eta LABek argudiatu dute CCOOk, zuzendaritzak bultzatuta, hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua erregistratu duela, eta horrek «edozein negoziazio aukera zapuztu» duela.

Moeveko langileen mobilizazioa abuztuaren 1ean, Irunen. JAGOBA MANTEROA / FOKU
Moeveko langileen mobilizazioa abuztuaren 1ean, Irunen. JAGOBA MANTEROA / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko urriaren 27a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udan ekin zioten grebari Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek, lan baldintza hobeak exijitzeko zuzendaritzari. Hiru greba ziklo egin zituzten orduan, eta datozen asteetan beste hainbeste egingo zituztela iragarri zuten ELAk eta LABek; gaur, ordea, sindikatuek jakinarazi dute langileek greba bertan behera utzi dutela. Arrazoia honakoa dela azaldu dute: enpresak, CCOO sindikatua «baliatuta», hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua eman duela, eta horrek «edozein negoziazio aukera zapuztu» duela.

LABek eta ELAk osatzen dute lan batzordea —lehenak bost ordezkari ditu, eta bigarrenak hiru—, eta, haien esanetan, langileek aho batez hartu dute greba bertan behera uzteko erabakia. Horrez gain, salatu dute ez dela lehen aldia zuzendaritzak CCOO «baliatu» duela «langile kolektiboaren aurka» egiteko: izan ere, uztailean sindikatuak haren negoziazio eskubidea urratzen ari zela egotzi zion lan batzordeari. Gerora, ordea, ez zen halakorik frogatu, sindikatuak ez baitu ordezkaririk lan batzordean.

LABek eta ELAk gogoratu dute CCOOk eta AEGA Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkartea patronalak gasolindegietarako aurreakordioa sinatu zutela irailean: 2030era bitarte soldatak igotzea eta urtean ordu gutxiago lan egitea adostu zuten, besteak beste. «Eragin mugatuko akordioa da, eta sektoreko gehiengoak zuen borrokatzeko grina pikutara bidali zuen», gaitzetsi dute ELAk eta LABek. UGTk ere aurreakordioaren aurka agertu zen.

Kapitalaren mesedetan

Hauteskunde sindikalak deituta, langile batzordea eta beharginak «berriz traizionatu dituela» leporatu diote CCOOri: «Tristea da bere burua langile klasearen eskubideen defentsaren alde kokatzen duen sindikatu bat, kapitalarekin konfrontazioa bilatu beharrean, horren mesedetan lan egiten ari dela».

Lan baldintza hobeak negoziatzeko ateak gaur gaurkoz itxita badituzte ere, Moeveko gasolindegietako lan batzordeak esan du ez duela etsiko, eta indar gehiagorekin ekingo diotela borrokatzeari hauteskunde sindikalak egin ondoren. LABek eta ELAk, gainera, uste dute haien ordezkaritza «indartuta» aterako dela hauteskundeetatik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA