Gipuzkoako abelgorrietan dermatosi nodular kutsakorraren kontrako txertaketa «ahalik eta lasterren» hasiko dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak, eta gaineratu bitartean lanean jarraituko duela txertaketa eremua zabaltzeko beste proposamen bat egiteko, «kezka handia» duelako Madrilek txertaketarako proposatutako zonifikazioa dela eta.
Izan ere, Espainiako Nekazaritza Ministerioak berriz ere txertaketa Gipuzkoara bakarrik mugatzea proposatu zuen atzo, Rasve Albaitaritzako Alerta Sanitarioen Sarearen bilkuran. Jaurlaritzak gaur esan duenez, «erabaki horrek ez ditu asebetetzen ez euskal administrazioak eta ez sektorea, ez baitator bat lurraldearen ekoizpen errealitatearekin eta animalien kudeaketarekin».
Ministerioaren zonifikazioak Gipuzkoara mugatzen du txertaketa —45.000 abelgorri inguru—, Araba eta Bizkaia kanpoan utzirik —82.000 abelgorri—, eta horrek kezka handia sortu du, neurriaren eraginkortasunari buruz eta landa ekonomian izango dituen ondorioei buruz.
Gutuna ministroari
Horiek azalduz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak gutuna bidali zion atzo bertan Luis Planas Espainiako Nekazaritza ministroari, erkidego osoan txertaketa integrala eskatzeko.
Planasi azaldu zaio gaur egun proposatutako eremuaren mugakide diren guneetan dagoela behi aziendaren kontzentraziorik handiena, eta toki horiek txertaketatik kanpo geratzeak nabarmen murriztuko duela neurriaren eragina ikuspegi sanitario eta epidemiologikotik begiratuta.
Horri, Jaurlaritzaren ustez, gehitu behar zaio elkarreragin handia dagoela euskal ustiategien artean, lurraldea txikia dela, larre eremuen artean jarraitutasuna dagoela, eta hainbat ustiategik lurralde batean baino gehiagotan jarduten dutela. Horiek horrela, Jaurlaritzak ministroari azaldu dio lurralde historikoetan oinarritutako zonifikazioa ez dela eraginkorra.

Jaurlaritzak azpimarra berezia egin die erkidegoa zeharkatzen duten errepideen garrantzia estrategikoei ere —A-1/E-5, AP-8 eta A-8 errepideei—; izan ere, animalia bizien, abeltzaintzako ibilgailuen eta langile teknikoen trafikoa handia dute, «eta horrek gaixotasuna sartzeko eta hedatzeko arriskua handitzen du».
Zonifikazio koherenteagoa jasoko duen akordio bat lortzeko elkarrizketak hasi ditu Jaurlaritzak ministerioarekin. Zonifikazio koherenteago horretan, abeltzaintza karga handieneko eremuak eta larre komunalak lehenetsiko lirateke, Jaurlaritzaren ustez, eta prebentziozko estrategia jasangarria ahalbidetu. «Helburua da gaixotasunaren hedapena eragoztea eta lehen sektorearen bideragarritasuna bermatzea, Euskadirentzat zutabe ekonomiko eta sozial garrantzitsua baita».
Abelgorrien txertaketari buruz galdetu diote gaur Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunari ere, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Hark azaldu du Jaurlaritzak ez duela ulertzen gaian eskumena izanda eta txertoak berak ordainduko dituela jakinda nola ez daukan baimenik txertaketa hiru lurraldeetan egiteko. Ubarretxenak azaldu duenez, Espainiako Gobernuaren argudioa da Bruselak eman behar duela baimen hori.
Nafarroan, hilaren 7an
Nafarroan ere ez dira behi azienda guztiak txertatutako dermatosi nodularraren aurka, nahiz eta Nafarroako Gobernuak neurria lurralde osoan ezarri nahi zuen. Oraingoz, 60.000 abelgorri txertatuko dituzte —Nafarroako guztien erdia gutxi gorabehera—, lurralde iparraldeko eskualdeetako mila bat ustiategietakoak.
Foru Gobernuak EFE albiste agentziari esandakoaren arabera, gaitza kutsatzeko arriskua murriztu egin da azken egunetan, Ipar Euskal Herrian, Okzitanian eta Frantzian egiten ari diren txertaketa bizkorrari esker.
Euskal Herrian oraindik ez da antzeman dermatosi nodular kutsakorrik, baina agerraldiak izan dira Pirinio Garaietako eta Ariegeko departamenduetan (Okzitanian). Horietan ehun abelburutik gora hil dituzte, eta horrek haserrea piztu du laborarien artean, bai Frantzian, bai Ipar Euskal Herrian.