Gizartearen babes osoa duen itun politiko, instituzional eta ekonomiko «handi» bat adosteko eskatu du Confebask Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalak. Egoera ekonomikoari aurre egiteko, «presa gehien» akordio hori lortzeak duela iritzi dio. Itun horrek bi ezaugarri izan behar ditu, haren arabera: «Ekonomia lehenetsi behar da politikaren aldean, eta batasuna desberdintasunen aldean».
Ekonomiaren gaur egungo egoera «oso larritzat» jo, eta «denbora amaitzear» dagoela azaldu du Miguel Angel Lujua patronaleko presidenteak. Hori hala, akordioa ahalik eta denborarik laburrenean lortzeko deia egin du. Horretarako, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoek diagnostiko berera heldu, eta «oinarrizkoenean» ados jarri behar dutelakoan dago. «Desberdintasunen eta ideologien gainetik dago ekonomia», gaineratu du Lujuak.
Gainera, zerga sendotasunaren aldeko apustua egin du, diru sarrerak eta gastuak orekatzeko. Baina erreforma gehiago eskatu ditu: zergena, finantza arlokoa, administrazio publikoen ereduarena, hezkuntzakoa eta energia alorrekoa.
Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari krisiak «bete-betean» eragiten diela uste du; gaur egun «egoera larriaren ondorioak» ari direla pairatzen dio. Enpresaburuekin akordioa lortzeko deia ere egin die sindikatuei. Hori bai, dio patronalak ez duela utziko alde batera Espainiako Gobernuak onartutako lan erreforma.
Gizartearen babes osoa duen «itun handi bat» eskatu du Confebaskek
Ekonomiaren egoera «larria» konpontzeko «denbora amaitzear» dagoela uste du EAEko patronalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu