Atzo gertatu zen lan istripua, Bithiriñan (Nafarroa Beherea): 52 urteko gizon bat Euskal Herriaz kanpoko enpresa baten zerbitzuko lanetan ari zen Amikuzeko herrian, fibra optikoa instalatzen. Baina orduan, altxagailuan zela, makina mugitu zen, eta gizona fibraren harietan harrapaturik gertatu zen, itorik. Sorosleak 16:00ak aldera iritsi ziren, baina ezin izan zuten salbatu; langilea hil da.
Ikerketa abiatu dute istripua zer baldintzatan gertatu den argitzeko; batez ere, altxagailua nolaz eta nola mugitu den argitu beharko dute.
Atzo arte, Euskal Herrian urte hasieratik hamasei langile hil direla kontatzen zuen LAB sindikatuak; beraz, hamazazpi dira orain. ELAren arabera, berriz, hamabi dira lan istripuengatik urte hasieratik hildakoak; atzokoa kontuan hartuta, hamahiru.
Egun beltzak izaten ari dira lan istripuei dagokienez: joan den astean, jadanik, lau behargin hil ziren egun gutxian.